Uzta txikia. Bederatzi puntu jokoan eduki, eta bi baino ez zituzten lortu gureek asteburuan. Emaitza eskasa, dudarik gabe. Bederatzitik bi ateratzea, zenbakiei erreparatuz bakarrik, hala delako. Eta Athleticek, Realak eta Osasunak egin zuten jokoari begiratuta, nabarmena delako askoz gehiago merezi izan zutela. Hori esaten da analisietan, golak sartzeko aukerak eduki eta ez gauzatzearen eraginez, emaitza ona ez denean. Baina ondo esanda al dago gehiago merezi izan zutela?
Golik ezin sartu. Athleticek denboraldiko partida onena jokatu zuen. Baina puntu alea bakarrik bildu zuen. Ondo jokatu, eta irabazi ez. Oraingoan ere, lehen egindako huts bera egiteagatik: golak sartzeko aukera garbiak ez sartzea. Buruari buelta batzuk emanez, jarri pentsatzen zer gertatuko den taldeak aukera horietako dezente sartzen dituenean. Hiruzpalau gol sartuko lituzke, eta, hori eginez gero, errazagoa da irabaztea. Larunbateko aukerak galtze horretan, ezin dut burutik kendu Markel Susaetak egin zuena: berak gola sartu nahi izateagatik, Muniaini ez zion baloia eman, eta, gola behar zuena, haizeak eraman zuen. Huts horiek ezin dira barkatu. Egundoko mina egiten diote taldeari, eta Athletic ez dago ezer barkatzeko. Jokaldi horrekin amaitzeko, galdera: Bielsaren errua al da Susaetak egin zuena egitea?
Zaila, erraz. Beste galdera bat Realaren inguruan: zer da errazagoa, baloia atera bota eta langa edo zutoinak jotzea ala gola sartzea? Egin proba. Beno, proba egin gabe ere, erantzuna erraz asko asma daiteke. Realekoek kontrakoa egin bazuten ere herenegun Mallorcan. Hori da hori gauza zaila erraz egitea! Futbola bitxia da oso. Aurreko asteazkenean, Dani Estradak ia nahigabe sartu zuen egundoko gola, eta igandean, askoz aukera garbiagoak sartzen ezin asmatu. Horregatik galdu zuen Realak, eta etxekoen lehen golean bigunegi aritu zirelako zenbait jokalari. Victorren golean erraza ematen zuen jaurtiketa oztopatzea, bizkarrez zegoelako aurrelaria, baina jaurti zuen, eta barrura gainera. Zaila erraz egiteko aukerak emanez gero, ez da hain harrigarria.
Zeukana kendu. Osasunaren partidako marrazain batek ere handia egin zuen. Jokoz kanpokoa ez zegoen jokaldi batean, jokoz kanpokoa adierazi. Epaile batzuen misterioak inoiz ez dira argituko. Oker horrek kendu zion Osasunari zeukana. Hiru puntuak bereak ziren, baina batekin itzuli behar. Marrazainaren hutsa hor dago, eta erabakigarria izan zen, luzapeneko minutuetan gertatu zelako, baina jokalariek ere kale egin zuten hainbat aukeratan. Joan-etorriko partida esaten diogu Granadaren eta Osasunaren arteko lehiaren modukoei. Irekia ere erabiltzen da. Halakoetan, bi taldeek izaten dituzte golak sartzeko aukerak, eta horretan abilena denak irabazi ohi du. Osasunak gehiago eduki zituen, baina asmatu bitan bakarrik asmatu zuen. Inor ez zen larrituko emaitza 2-4 edo antzekoa izan balitz. Baina, asmatu ezean, banakoa eta konforme, marrazainaren misterioa ahaztu gabe, jakina.
Merezita. Testuaren izenburua leku honetara ekarriz, zazpi puntu gutxiago eskuratu al zituzten gureek? Bederatziri bi kenduta, argi dago baietz. Baina bederatzi lortzeko aukera garbiak eduki eta gero, nik ez nuke esango zazpi puntu gutxiago dituztenik. Golak sartzeko aukera garbietan kale egiten duen taldeak kale egin du; alor horretan partida oso txikia egin du. Eta hori ez da kontuan hartzen analisietan. Ondo jokatu dela esan eta idatzi ohi da, baina ez da ondo jokatzea golak sartzeko alorrean gaizki ibiltzea. Beste hainbat alorretan ondo aritu zirela, ados, baina aurkariaren arean gertatzen dena analisietatik kanpo uzteko joera dago. Bederatzi puntutik bi bakarrik eskuratu zituzten, eta ondo merezita, gainera.
Aulkitik begira
Zazpi puntu gutxiago?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu