Iritsi da eguna eta askatu da korapiloa. Miguel Madariaga Euskadi Fundazioko presidenteak jakinarazi du datorren denboraldian zein txirrindularik osatuko duten Euskadi taldea. Jon Larrinaga (Amurrio, Araba, 1990), Haritz Orbe (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1991), Mikel Aristi (Bergara, Gipuzkoa, 1993), Illart Zuazubiskar (Durango, Bizkaia, 1990), Carlos Barbero (Burgos, Espainia, 1991), Victor Etxeberria (Lizarra, Nafarroa, 1993) eta Beñat Txoperenak (Igantzi, Nafarroa, 1991) osatuko dute zazpikoa, eta beste txirrindulari batentzat lekua dago oraindik proiektuan. "Aurrekontua handitzea lortuz gero", Euskadi taldea zortzi txirrindularitik hamarrera pasatzeko aukera ere badago. Oraingoz, zazpi txirrindulari horiek osatuko dute Kontinental mailako taldea. Aritz Arberas arabarrak ere taldean jarraituko du, prestatzaile fisiko eta bigarren zuzendari lanetan. Eta, lotu nahian dabiltzan zuzendaria lotu artean, Madariagak berak eta Dorleta Zorrillak hartuko dute kargu hori. Zorrilla izango da, hain zuzen ere, Euskadi Fundazioaren koordinatzaile nagusia.
Kontinental mailako taldeko txirrindularien izenak emateaz gain, amateur mailako taldearenak ere eman ditu Madariagak: Ivan Garcia Cortina, Julen Amarika, Pablo Comins, Javier Martin, Jon Irisarri, Josep Miralles, Jesus Alberto Ruiz, Oscar Gonzalez, Eder Saez de Ocariz, Ander Etxebarria-Zarraga eta Xabier San Sebastian izango dira harrobiko taldeko ordezkariak.