Ez du heroi itxura handirik, galduta dabilen jenioa dirudi. Ez dirudi egunkarietako azalak bereganatu zituen hura denik, ezta Euskal Herriko kirolean aspaldian sortu den olatu eta iritzi korronte handienaren iturburua ere. Ikur bilakatu da azken asteetan, baina ez du adar jotzaile barrea ezkutatzen. Pilota enpresei astindua eman zien pilotaria da, baina ez du harrotasunez kontatu, eta ez du garaipentzat hartzen; justizia da hitza. «Zerbait esan aurretik zazpira arte zenbatu behar da, nik egiten dut, eta horregatik diote isila naizela. Mundu guztiak egingo balu, askoz gutxiago hitz egingo litzateke. Hemendik aurrera EPELek ere zerbait erabaki aurretik zazpira arte zenbatuko duela uste dut».
Lekuinen jende guztiak agurtzen du Xala (Lekuine, Lapurdi 1979). Tartean, Paxkal Ezkurarrekin egin du topo. Berandu iritsi da hitzordura, galtza motz, txandal jaka zahar eta gomazko oinetakoekin. Herriko ostatuan isil-isilik bazkaltzen ari diren langileek atzera begira dezaten lortzen duen bakarra da. Haren elastikoa zintzilik dago paretean. Baionan bizi da egun, baina astean bitan herrira itzultzen da, amuarrain arrantzara. «Etxe txiki bat erosiko dut hemen», sustraietara itzuli nahi du. 150.000 euro izan daitezke, Lapurdiko kostaldean baino askoz gutxiago. Osteratxoa hasi du herrian, euri langarra ari du, eta parke txikian hasi du azken astean bizitakoen kontakizuna. «Polemika guzti honekin, nire kirol ibilbidea kolokan egon da». Zenbatzen hasi da, zazpira arte.
Apendizitis ebakuntzan batek gutxitan eman du hainbeste zeresan. Orbainik ere ez dago, sabelean hiru puntutxo baino ez, hori du laparoskopiak. «Garai bateko ebakuntza egin balidate, tarratada izango nuke, eta noski ezingo nuela jokatu», azaldu du. Auzia, baina, ebakuntza baten ondorena baino gehiago izan da, enpresa eta kirolari baten arteko lehia, eta presioak eman dio arrazoia ahulenari. «Normala zen jendea nirekin egotea, hori zen bidezkoena, ni 3an jokatzeko moduan egongo naiz. 20an ere jokatzeko moduan nengoke, pentsa». Halere, ez du uste finalean jendea berarekin egongo denik. «Ipar Euskal Herrikoak ziur, baina ez dut uste hainbesterako izango denik». Pertsona ironikoa da, eta ez da erraza asmatzen hala uste duen ala ez.
Amesgaiztoa ekainaren 6an hasi zen, eguerdi aldera. Xalak min handia sumatu zuen sabelean. «Pubalgia baten adinakoa, zuntz haustura baino gutxiago eta uzkurdura baino gehiago». Internetera jo, eta Google doktoreak bere zalantzak argitu zituen: apendizitisa. Ebakuntza hiru orduz atzeratu zen, doktoreek harriak izan zitezkeela uste baitzuten. «A zer nolako mina pasatu nuen ospitalean!», gogorarazi du. 20:00etarako esna zen, eta finala ez zitzaion burutik ere pasatu, «drogen eragina izango zen, kar-kar».
Hurrengo egunean Txema Urrutia Aspeko medikua joan zitzaion bisitan, eta uztailaren 3rako jokatzeko moduan egongo zela esan zion. Xala lasaitu zuen. Hilaren 8an etxera bidali zuten, eta han jaso zuen bizkarrekoa. Enpresak eman zion: finala jokatzea ezinezkoa zela esan zioten. «Haserretu egin nintzen, eta nik zera esan nien, 'eta jokatzeko moduan baldin banago, zer?' Ezinezkoa zela zioten, eta oraindik ez zituzten nire mediku txostenak ikusi; sinestezina zen». Xalaren obsesioa enpresarekin hitz egitea zen, baina entzungorrak ziren.
Enpresa eta ligako epailearekin hitzordua egin zuen ekainaren 13rako, eta Borja Osesek azken unean bertan behera utzi zuen, posta elektroniko bat bidali ez ziola argudiatuz. Aitzakia merkea. Epailearen jardunak mindu du pilotaria, bere txostenak ikusi gabe sinatu baitzuen enpresen agiria, ez zen oso inpartziala izan. «Duela urte batzuk binakako finalerdietatik kanpo utzi ninduen, ligaxka bateko berdinketa kasu batean tantoak zenbatzeko modua aldatuz, eta orain finala kendu nahi zidan. Aski zen». Xalak uztailaren 3an finala jokatzeko moduan egongo zela bermatzen zuten txostenak zituen, baina enpresak ez zituen ikusi nahi. «Dena kendu nahi zidaten, buruz buruko final bat, eta nik ez nuen ezer galtzeko. Horrelako zalaparta egin izan ez banu, nik ez nuen finala jokatuko. Lapurreta zen».
Lekuinekoak helburu garbia zuen. «Nire finala zen, eta 3rako sendatuta nengoke. Nik 19ko finala gelditu nahi nuen». Erlojupeko proba bilakatu zen, eta aurkaria pilotariei arrazoai ematera ohituta ez dagoen azpiegitura bat. Pilotariak laguntza behar zuen. «Abokatuarengana jo nuen aholku bila, zer egin zitekeen ikusteko. Gero, berak, Donostiako abokatu batzuengana jo zuen». Pausoa berria zen, kirol enpresa liga baten erabaki bat auzitara bidean. Aspeko pilotariek, era berean, publikoki berretsi zioten bere babesa Xalari. «Asko eskertzen diet eginikoa, euren babesik gabe ezinezkoa zatekeen nik finala jokatzea».
Auzi morala
Aferak sakon eragin dio Xalari. Pertsona introspektiboa da, hausnarketa gustuko du, Budismoa eta antzeko korronte filosofikoen inguruan jantzia dago, eta finalak zer pentsatua eman dio. Pilota profesionalaren inguruko bere ikuskera aztoratu du. «Nik beti errespetuz jokatu dut jendearekin, aurrez aurre, kexatu gabe, eta orain, kolpetik, final bat kendu nahi zidaten, pilotari baten ametsa… Azken hamar urteetan mundu horrek ziria sartu izan balitz bezala zen. Nik nire bizitza pilotari eman diot, eta hala erantzun zidan». Hitzezko pertsona dela dio Xalak, emaniko hitzak oraindik balio duela, eta berari finala jokatuko zuela esan zioten. «Ez dut beldurrik izan; kontua zen ez nuela ezer ulertzen. Hitza hor zegoen… Hitza bizitzarako bide bat da, balio batzuk ditu. Nik beti balio horien arabera jokatu dut. Begira, azkenean, jendeak nire alde egin badu ohore kontua zela ikusi duelako da; eta hori, kirolean, baita profesionalean ere, dirua edo beste edozer baino garrantzitsuagoa da».
Kirol profesionalaren ikuskera idilikoa du Xalak. Zuriegia agian, eta bere azalpenak pastorala dirudi. «Inuzentea naizela pentsatuko duenik egongo da, baina arrazoia dudala esango du». Hausnarketa haratago doa. «Kirola handia baldin bada, muinean, bi aurkariak euren armekin neurtzen direlako da. Pilota hori da, buruz buru, toki berean eta elkarren aurka. Nik, behintzat, hala ikusten dut». Eta enpresek finalik gabe utzi zutenean… dena amildu egin zen. «Finala ni gabe jokatu izan balute, diru zikina irabazten banengo bezala litzateke. Ez dakit jarraituko nukeen; segur asko pilota utzi beharko nuke, eta beste bide bat bilatu, trinketan adibidez».
«Uztailaren 3a lortu dugu»
Euri pixka bat ari du Lekuinen, baina parkeko zuhaitzak aterki ona dira. Memoriako irratiko diala berriz ere sintonizatu du Xalak. Hausnarketatik kontakizunera itzuli da, ekainaren 15era, asteazkena. Garaipenaren egunera: «Ez nintzen irabazle sentitzen, justizia egin zela sentitzen nuen». Aspeko pilotariek Xalari emaniko babesa berretsi zuten egun hartan, abokatuek auzibideetara jotzea bazegoela ikusi zuten, eta erabakiak Ipar Euskal Herriko ateak itxi zitzakeen. BERRIAk jakin ahal izan duenez, abokatuek zail ikusten zuten finala gelditzea, baina liga pribatua izanda Xalak diru saria eska zezakeen gerora. Pilotariak, baina, aukera hori baztertu zuen, bere nahi bakarra finala jokatzea zen. Presioak gain egin zion Asperi, goizean Asegarce eta Baionetekin bildu eta atzera egin zuen, EPELeko epailearen boterea ezbaian utziz. «Uztailaren 3a lortu dugu», esan zioten Xalari.
Aurretik ere jokatuko zuela esana zion enpresak, eta ez zen fio. «Hasieran ez nuen sinesten, baina apurka baietz pentsatu nuen, egoera aldatzea lortu nuela». Abokatuak geldiarazi zituen, eta eskerrak eman zizkien enpresako beste pilotariei. Bitartean, sakelako telefonoa sutan zuen. «Inoiz ez du hainbestetan jo». Normala, albiste handia zen, manomanistako finala, egunik handiena, eta Xalaren pilotaren ikuskera idilikoa muturrera eramaten duen modalitatea. «Ametsa da, pilotari guztiena. Oso zaila da irabaztea, oso gogorra da, buruz buruko finala jokatzea bizitzan oso gutxitan egiten den zerbait da».
Finala jokatuko du igandean, gorputzak erantzun duelako. Bulegoetako borroka irabazita, giharrena falta zen, baina hor Xalak ez du zalantzarik izan. «Hirugarren egunerako banekien jokatu ahal izango nuela. Astebete geroago ordubeteko mendi buelta eman nuen, eta hamalau egun geroago lehen entrenamendua egin nuen». Egunak pasatu ahala indartsuago sumatu du bere burua, eta igandean sasoi betean egongo da, buruz buruko bere hirugarren finalean. Jokatu aurretik izan da irabazle, eta orain txapeldun izan nahiko luke. Azalpen luzearen bukaeran Lekuinen gelditu da, «babestuta», arrantzarako egun egokia ez izan arren.
Pilota. EPELen buruz buruko txapelketako finala
Zazpira arte zenbatu ondoren
Xalak igandeko finalaren aurreko polemikari begiratu bat eman dio. Bere ikuspuntua, erabakien zergatia, erreakzioak, enpresa… Une gogorrak izan dira, baina hordagoa jo eta irabazi egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu