Zeelanda Berria eta Frantzia etzi ariko dira elkarren aurka Munduko Kopan

2007an frantziarrek kanporatu zituzten zeelandaberritarrak, eta Ozeaniakoek ordaina eman nahi diete etxean

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2011ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Zeelanda Berriko Munduko Kopako egutegia jakinarazi zutenean ikusmin handiena piztu zuen partida izan zen. Etzi izango dira aurrez aurre All-black-ak eta Frantzia (10:30). 1999ko eta 2007ko ekitaldietan bi muturreko historiko eman zizkioten frantziarrek zeelandaberritarrei. Orain lau urte, lehia irabazteko faborito nagusia zela, final-laurdenetan kanporatu zuen Frantziak Zeelanda Berria (20-18), eta geroztik porrot horren ordaina emateko desiratzen daude All-Black-ak.

Horregatik, partidaren atarikoa berezia izaten ari da. Oraindik lehen fasean bakarrik dago lehiaketa, baina Zeelanda Berriko prentsak partida berotu du. Herenegun eman zuen hasierako hamabostekoaren berri Marc Lievremont Frantziako hautatzaileak, eta Zeelanda Berriko prentsa haserrearazi du. New Zealand Herald egunkariak «txistetzat» hartu zuen hamabostekoa, eta apropos talde ahulena zelairatzea leporatu zion Frantziari.

Egia da Lievremontek bakarrik ulertzen dituen hamabosteko horietakoa egin duela. Adibidez, 10 postuan, azken lau urteetan beti zelaian ukan ondoren, François Trinh-Duc ordezkoekin uztea erabaki du Lievremontek. Haren ordez, goi mailan irekitzaile sekula jokatu ez duen uztartze erdi bat ariko da: Morgan Parra.

Galtzea komeni

Hautu bitxi horietan, «partida saboteatzeko asmoa» ikusi du Zeelanda Berriko prentsak, Frantziari multzoko bigarren postuan bukatzea interesatzen omen zaiolako. Zergatik? Irlandak Australiari irabazi eta gero, balizko final-laurdenetan egoera erabat aldatu da. Beste ustekabekorik egon ezean, hego hemisferioko talde guztiak elkarren aurka ariko dira finalera iritsi arte. Hor egon behar lukete Zeelanda Berriak, Hegoafrikak, Australiak eta Argentinak. Europarrak, berriz, elkarrekin ariko lirateke: Ingalaterra, Frantzia, Gales eta Irlanda. Hego hemisferioko selekzioak indartsuenak direla kontuan hartuta, Frantziari mesede eginen lioke europarrekin lehiatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.