Zelai zaharraren azken dardara

Bi norgehiagoka besterik ez dira geratzen San Mames estadio zaharrak berriari lekukoa eman diezaion. Hazten jarraitzeko eman beharreko pausoa dela esan diote BERRIAri Jose Angel Iribarrek eta Josu Urrutiak.

haritz gallastegi
Bilbo
2013ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Egun honetan hasi zen dena: 1913ko abuztuaren 21ean. Athleticek Irungo Racing eta Ingalaterrako Shepherd's Bush klubak gonbidatu ditu Bilbora hiru talderen arteko torneo bat jokatzeko. Egun berezia da. Bizkaiko taldeak apustu sendoa egin du. 89.000 pezetako inbertsioa egin (535 euro inguru), eta klubaren zutabe nagusietako bat izango dena eraiki du: San Mames. 3.500 lagunentzako lekua dauka. Lehen gola Rafael Moreno Aranzadi Athleticeko aurrelariak sartu du. Pichichi-k, alegia. Lehen aldiz zabaldu dira futbolaren historian leku berezia izango duen zelaiaren ateak. Katedrala-ren ate handiak.

Ehun urte pasa dira Athleticek San Mamesen lehen aldiz jokatu zuenetik. Tarte horretan elkarrekin hazi dira bai kluba, eta bai estadioa. Bidean txapel asko pilatu ditu Athleticek: Espainiako zortzi Liga, 24 Kopa eta Superkopa bat. Porrotak beste horrenbeste edo gehiago izan dira. Baina garaipenak zein porrotak beste inon ez bezala bizi izan dira Athleticen. Etxekoen batasunarekin. Lehiatzeko era berezi eta ezberdin horrek lotura estua sortu du klubaren eta Euskal Herriko gizartearen artean. Eta Athletic familia handituz eta pisua hartuz joan den neurri berean handitu da San Mames. Lehen partida jokatu eta zazpi urte bete aurretik sei mila lagun gehiagorentzat lekua zuen Katedralak. Ondoren eraiki zituzten harmaila nagusia eta Garai tribuna, Bartzelonak Jesus Garai atzelaria fitxatzearren ordaindu zituen sei milioi pezetekin (36.000 euro inguru) egindako harmaila. Gerora beste berrikuntza batzuk egin zituzten San Mamesen, 1982ko Munduko Kopa dela eta egindakoak, besteak beste. Horrela, San Mamesek egun duen itxura izan arte.

Baina mende honetan eraiki den guztia bota egingo dute laster. Ez da harri bat bera ere geratuko. Hamabost egunetik behin hiri guztian entzuten diren Athleticeko jarraitzaileen orroen partez hondeamakinen eta kamioien zarata entzungo da. Egun gutxitan hauts bihurtuko dute mende luze batean altxatutako guztia. Beraz, zelai zaharrean gertatutako guztiaz oroitu eta azken bisita egiteko unea da. Halere, inor ez dago penaz. Eman beharreko pausoa dela iritzi diote gehienek. Athleticek hazteko behar duen aurrerapausoa. Hala uste du Katedralaren historian zaleen miresmen gehien izan duen Jose Angel Iribarrek (Zarautz, Gipuzkoa, 1943). «San Mames zaharra bota egingo dute, baina, berriaren zati handi bat egungoaren gainean eraikiko denez, batak bestearekin lotura sendoa izango du. Beraz, ez da izango gauza baten amaiera eta bestearen hasiera. Gure erronka da zelai zaharrak izan duen indarra berrira pasatzea. Hurbil dago, eta lortuko dugu».

Atezain ohi apartak ez dauka dudarik. Zelai berriaren lehen harria jarri zuen mitoak baikortasuna eta segurtasuna helarazten du. Baina zein iritzi dauka proiektua egia bihurtzeko ardura izan duen pertsonak? «Aldaketa natural hartu behar dugu. Familian, aitona-amonak joan egiten dira, eta bilobak jaio. Zerbait edo norbait galtzen denean, pena hartzen da, eta haren falta sumatzen da, baina, era berean, poza handia ematen du gauza berri baten edo familiarteko baten jaiotzak. Finean, bizitza da». Josu Urrutia (Lekeitio, Bizkaia, 1968) Athleticeko presidentearen hitzak dira. Hura eta Iribar elkartu ditu BERRIAk San Mames zaharrean, han jokatuko den azken partida ofiziala baino bost egun lehenago. Levanteren aurkakoa izango da azken norgehiagoka ofiziala estadio zaharrean. Agurreko partida, berriz, ekainaren 5ean jokatuko dute talde zuri-gorriak eta Montevideoko Nacional Uruguaiko taldeak.

Eztabaida gizartean

Zelai aldaketak eztabaida handia sortu du gizartean. Denek ez dute ondo ikusi erakunde publikoek proiektu pribatuei laguntza ematea. Zer esan krisi sasoian. Beraz, asko dira zelai berriaren kontra daudenak. Horien artean gutxi dira Athleticeko zaleak, arrazoi asko baitaude zelai berri bat egitea justifikatzen dutenak. Urrutiak ederki daki zeintzuk diren klubak egun dituen premiak. «Nik uste dut kluba hiriaren eskutik doala. Bilbo asko aldatu da azken hamarkada bietan, eta, horren haritik, klubak ere egin zituen egin beharreko urratsak. Arrazoi askogatik da beharrezkoa aldaketa: bazkide asko zain daude, segurtasunean gabeziak daude, UEFAk agintzen duena bete behar dugu… ehun urtedituen zelai batek berrikuntzak behar izaten ditu orainak eskatzen duenera egokitzeko, eta berritasun horiek guztiak zelai berrian egongo dira. Hori bai, egitasmoa oraingo kontua izan balitz, seguruenik ez zen posible izango».

Iribarrek ere parez pare zabaldu dizkio ateak aldaketari, baina ez du ukatu bidean «zerbait» galduko duela. «Zelai berriaren egitasmoa aspaldi hasi zen. Proiektua sendotuz joan den neurrian barneratu egin dugu aldaketa zetorrela. Egoerak eskatzen zuen aldaketa. Urteetan milaka zale egon dira bazkide egin ezinik San Mamesek ez zuelako aukerarik ematen. Horrek erakusten du premia zegoela. Baina Katedralean urte askotan jokatu dugunontzat ez da erraza izan egoera barneratzea. San Mamesek asko eman digu, eta sentimendu asko ditugu. Futbolean aritzeko zelai ezin hobea da, giro beroa sortzeko aproposa da. Baina benetan berezia zaleek egin dute».

Ehun urtean denetarik ikusi dute San Mamesen. 1931n, Athletic Bartzelonari hamabi gol sartu zionekoa, adibidez. Gaur egun horrekin amets egitea ere kosta egiten da. 1957an, elurpean historiako Manchester United onenetako bati Europako Kopan 5-3 irabaztea ere ahaztezina izan zen. 1980ko hamarkadako Athletic txapeldunaren erakustaldiak, lehoiek jokatu duten Txapeldunen Liga bakarrerako txartela lortzeko Joseba Etxeberriak Zaragozari sartutako gola, aurreko denboraldiko Europako Ligako kanporaketak… lehia horietan guztietan eta beste hainbatetan dar-dar egin duten Katedraleko zutabeek zaleen bultzadarekin. Irrati kabinak eraitsi egingo zirela zirudien.

Zale batek hitzez adieraztea kosta egiten den emozioa sentitzen du horrelako egoeratan. Bada, pentsa zer pasa daitekeen futbolari baten burutik Katedralean jokatzeko aukera duela jakinda. «Oso zaila da hitzez adieraztea. Oso berezia zen aldagelatik zelairako bidea egiten genuenean sentitzen nuena. Miserikordiako tuneletik pasa, eta eskaileretan gora egin eta zaleen orroa entzuten genuenean, hazi egiten ginen. Oilo ipurdia jartzen zitzaidan. Ez genuen zelaian berotzen, eta zalea irrikaz egoten zen zain. Rompecascos-ek [Athleticeko jarraitzaile ezaguna] egiten zuen oihuarekin batera bultza egiten ziguten. Sekulako babesa sentitzen genuen. Kimika berezia egon da jokalarien eta zaleen artean». Iribarren ustez, Katedraleko giroak islatzen du zer den etxean aritzea. «Etxean jokatzea San Mamesen jokatzen den giroarekin lehiatzea da. Puntu asko eta garrantzitsuak eman dizkio Katedraleko giroak Athletici. Ligak irabazteko puntuak, eta ez jaisteko puntuak ere bai. Taldea estu egon zen bi urteetan ezin hobea izan zen zaleen erantzuna. Orduan ikusi zen Athleticeko zaleek duten indarra».

Hamaika partida historiko

Norgehiagoka historiko asko izan dituzte Iribarrek eta Urrutiak San Mamesen. Bakoitzak bat aukeratu du. Urrutia debuteko eta agurreko partidak aukeratu ditu, 1988an eta 2003an. Iribar, berriz, zehatzagoa da. Oraindik ez du ahaztu inoizko Real Madrilik indartsuena San Mamesen txikitu zutenekoa. «Onena izan zen hemezortzi urtez San Mamesen hamabost egunetik behin jokatzeko aukera izatea. Baina partida bat aukeratu behar badut, 1970-71ko denboraldian Real Madrili 5-0 irabazi genion hura azpimarratuko nuke. Bai klubak, bai zaleek eta baita futbolariok ere, ikaragarrizko gozatua hartu genuen. Futbolari batentzat zelaian ondo sentitu eta ondo lehiatzea da gorena, eta egun horretan hori sentitu nuen nik». Oroitzapen txarreneko norgehiagoka ere badu Athleticeko atezain ohi mitikoak. «Egunik txarrena, zalantzarik gabe, 1977ko UEFA kopako finala izan zen, Juventusen aurka jokatu genuena. Latza izan zen. Itzulikoa etxean jokatu genuen. Partida irabazi genuen, baina ez zen nahikoa izan titulua irabazteko. Zapore gazi-gozoa utzi zigun. Batetik, final batera sailkatzeak poz handia eman zigulako eta sekulako giroa sortu zelako taldearen inguruan. Bestetik, porrotak jota utzi gintuen».

San Mamesetik historiako futbolari onenak pasatu dira. Katedrala bisitatu dutenak oso onak izan arren, Iribar elastiko zuri-gorria jantzi duten jokalariak gogoratu nahi ditu. «Etxekoak izan dira onenak. Nik lehen talderako urratsa egin nuenean, goi mailako taldea zuen Athleticek. 1958an Kopako finala Bernabeun Real Madrilen kontrairabazi zutenak zeuden. Haiekin batera egotea ikaragarria izan zen. Bestalde, hemendik onenak pasa dira: Alfredo Di Stefano, Ferenc Puskas, Amancio Amaro, Ladislao Kubala, Josep Maria Fuste, Johan Cruyff, George Best, Eusebio… onenen aurka jokatu dugu San Mamesen. Horien aurka irabazteak ematen duen poza ezin da hitzez adierazi». Urrutiarentzat, berriz, garrantzitsuagoa izan zen aurrekoen lekukoa hartu eta lehiakor izatea. «Nik San Mamesen ikusi dudan onena Lionel Messi da. Baina Athleticen zailena Iribar, Pichichi, Jesus Garai, Txetxu Rojo eta enparauen antzeko maila erakustea izan da».

Erronka, giroari eustea

Jokalariek eta zaleek badakite zenbat indar duen San Mamesek. Baina Katedralaren zama handiena eraman behar izaten dutenak entrenatzailea eta presidenteak dira. Iribarrek badaki zenbat sufritzen den Katedraleko aulkian. «Aulkia gogorra da. Entrenatzaile izatea ohore handia izan da, baina ezinezkoa da dena kontrolpean izatea. Askotan ezina nabaritzen da. Ardura handia da. Eta etxekook asko sentitzen dugunez, askoz gehiago sufritzen dugu». Eta zer esan besaulkiaren gainean. «Besaulkian nagoenean, Athletic ahalik eta ondoen ordezkatzen ahalegintzen naiz. Niretzat, ardura eta, era berean, ohorea da. Baina Ibaiganen bazkideei arreta zerbitzua eskaintzen ere pozik ariko nintzateke».

Entrenatzaile eta presidente izatea zaila bada harmailetatik jasaten duten presioagatik da. Urtetik urtera handiagoa da. Hala ere, klubean ez dute kexarik. San Mames berezia bada, bazkideei eskerrak delako. «Aldaketa egon da, baina nik esango nuke Athleticeko zalea argia dela. Eskatu behar duenean, eskatu egiten du, baina, taldeak laguntza behar duela ikusten duenean, jarrera aldatzeko gaitasuna dauka. Hori gauza handia da», dio Iribarrek. Urrutia sakonagoa da. «Fideltasuna, adimena, laguntza, babesa… gauza garrantzitsuenetan ez du aldaketarik izan zaleak. Ezaugarri nagusiak mantentzen ditu».

Zelai berriak zaharrak dituen ezaugarri bertsuak izatea da zuzendaritzaren kezka eta helburua. Erronka nagusia da Katedralean giro bero-beroa sortzea eta ez beste zelai batzuetan gertatu dena pairatzea. «Lortuko dugu. Aurkariak zelai honek zerbait berezia duela esaten dizuenean,, ez dago askoz gehiago gehitu beharrik. Zelai berrian gauza bera lortzea da erronka nagusia. Ingalaterrako idazle bati Arselanekin pasa duena ez gertatzea da helburua. Harek dio Highbury futbol zelaia zela, eta Emirates aireportua dela. Haren ustez, pauso hori emateko orduan futbolak xarma galdu du. Ez dauka zertan zelai guztietan horrela izan, eta guk gure esku dagoen guztia egingo dugu estadio berrian giro beroa sor dadin». Hala bedi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.