Zelaian du hitz jarioa

Txikia, argala, bizia eta esanekoa. Horrelakoa da Takashi Inui, Eibarreko jokalari japoniarra. Bi urte eta erdi daramatza taldean erdilariak, eta jokalari osoagoa ari da bihurtzen.

Takeshi Inui, Gironari sartutako bi goletako bat ospatzen. JUAN HERRERO / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2018ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Itzultzailea eduki zuen hasieran albo-alboan. Bera nora, laguntzaile herrikidea hara. Eibarko etxerako, Japoniako sukaldariren batek jatekoa ere egin izan zion aldi batean. Orain, itzultzailerik gabe dabil, eta sukaldariaren arrastorik ere ez da. Beste eibartar bat ari da bihurtzen Takashi Inui (Omihachiman, Japonia, 1988).

Herrian bizi da. Bakarrik. Emaztea eta semea Japonian dauzka, eta aldian behin etortzen zaizkio bisitan. Bizimodu erraza darama japoniar erdilariak: futbola eta etxea, etxetik futbolera, eta futboletik etxera. Apenas ateratzen den Eibarren, eta ateratzen den ia guztietan Japoniako hedabideren bat elkarrizketa egitera datorkionean izaten da; sarri samar etortzen zaizkio, bere herrialdean izarra delako. Elkarrizketa horiek kudeatzeko ardura haren ordezkariak dauka, eta Japonian bizi da.

Gazteleraz dena edo ia dena ulertzen du, baina hitz egitea gehiago kostatzen zaio. Elkarrizketaren bat eman izan dionean hemengo hedabideren bati, kazetariak lanak izan ditu hari esaldi luze bat ateratzeko, nahiz eta itzultzailea alboan eduki eta bere hizkuntzan aritzeko aukera izan.

Hitz egin, zelaian hitz egiten du. Jokalari batek hor eman behar baitu zeresana. Hizkuntza zehatzena baloia eta taldekideak ditu, eta ondo asko moldatzen da biak erabiliz. Teknikaren bidez menderatzen du baloia, eta taktikaren bitartez elkar hartzen dute hark eta taldekideek. Teknikoa eta taktikoa baita Inui. Eta langilea.

Baloiarekin trebea da. Bereziki aparta da baloia geratzen, baita modu baldarrenean datorkionean ere. Eramaten ere abila da, oinetan itsatsia baitaramaki, eta zitala da abiaduran buruz burukoak jokatzen bere ezker hegalean. Eskuina izanik, kanpotik barrura egiteko joera dauka, eta hortik dotore lotzen da taldekideekin, paseak ematen ere trebea delako.

Jokoa ulertu egiten du, eta mugimendu guztiak zertarako diren ondo baino hobeto daki. Jokalari taktiko hori eta haren atzeko atzelaria, Eibarren gora eta behera ibili behar duen hori, ondo baino hobeto uztartzen dira: normalean, Inui barrutik, eta atzelaria kanpotik, erdiraketa egiteko.

Defentsako lanean ere azkarra da. Buru azkarrekoa. Aurkariak baloia beste hegalean duenean oso ondo daki non jarri behar izaten duen, eta abilezia berezia dauka bere pareko aurkaria libre utzi eta erdiko atzelaria estaltzera joateko, hark baloia duenean, edo baloia har ez dezan. Erraza ematen du egiteko, baina ez dira jokalari asko egoera hori ondo menderatzen dutenak. Azken batean, langilea da defentsan, taldeko jokalari petoa, eta edozein entrenatzailek gustura asko edukiko luke taldean.

Teknika ona izatea, eta taktikoan ondo moldatzea berezko ezaugarriak ditu. Ez ditu Eibarren ikasi. Baina, hala ere, jokalari osoagoa ari da bihurtzen Euskal Herrian azaldu zenetik duela bi urte eta erdi. 300.000 euro ordaindu zizkion Eibarrek Eintrachti, eta klubaren fitxaketa garestiena bilakatu zen orduan. Bazekien zerbait kirol zuzendaritzak, eta garbi asko esan behar da bete-betean asmatu zutela Fran Garagarza kirol zuzendariak eta bere laguntzaileek.

Espainiako Ligan bera da japoniarren artean partida gehien jokatu dituena, eta beste datu handi bat ere badu, hau taldearekin loturikoa: Eibar da Japonian gehien ikusten den taldea Bartzelonaren eta Real Madrilen atzetik. Kluba Japonian bidea egiten ere ari da enpresa arloan, eta harremanak gero eta emankorragoak izaten ari da japoniarrekin.

Mediatikoa dela Inui ezin da ukatu, eta batere zalantzarik ez dago beste honetan ere: golak gehiago sartuko balitu, haren ospe eta oihartzuna hazi egingo lirateke. Baina dena ezin eskatu. Edo bai, izan ere, Jose Luis Mendilibarrek horixe eskatzen baitio bere jokalariari: ausarta izateko atearen aurrean, ez ezkutatzeko.

Hobetzen ari da arlo horretan. Gehigo jaurtitzen du orain, eta logikari segika, ez da harritzekoa sasoi honen lehen erdian hiru gol sartu izana. Hain justu, hiruna gol sartu zituen aurreko bi denboraldietan. Ezin jakin sasoi honen amaieran zenbat sartuta edukiko dituen, baina sei-zortzi egingo balitu kopuru ona litzateke, kontuan izanda erdilaria dela.

Kontratua, ekainera arte

Golak sartzeko lanean eraginkorragoa izatea falta zaio. Gehiago jaurtitzea ez da irtenbide bakarra, asmatzen ere asmatzen hasi behar duelako. Sasoi honetako datuak balio du hori azaltzeko: hiru gol sartzeko 23 jaurtiketa egin behar izan ditu. Zazpi pasatxo dira gol bateko. 21 partida jokatu ditu, eta jaurtiketa kopurua lehiako bakarra ateratzen zaio. Zerbaitegatik ari zaio eskatzen Mendilibar gola egiteko aukeren aurrean ez gordetzeko.

Hobetu beharreko beste arloa goleko paseena da. Bakarra eman du sasoi honetan, eta area inguruan hainbestetan azalduta, kopuru horrek gora egin behar luke liga honetako bigarren erdian.

Ekainaren 30ean bukatuko zaio Eibarrekin duen hitzarmena, eta klubak berritu nahi dio. Zelaiko lanaz gain, Japonia aldean egin daitezkeen negozioak daude jokoan. Gustura da Eibarren, berak hala dio, baina ematen ari den maila ikusita, izango ditu beste eskaintza batzuk. Orduan hitz egin egin beharko du zelaitik kanpo ere: geratu edo joan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.