Bilera batetik atera berritan azaldu da Alex Aranzabal (Eibar, 1974), Eibarreko presidentea. Eguerdia pasatxo da, eta bere bulegoko ateak ireki dizkio BERRIARi. Mahaiaren bueltan eseri, eta lasai ederrean hasi da galderak erantzuten. Eskarmentu handia irabazi du klubeko presidente denetik.
Sei urte eta erdi da Eibarreko presidente zarela. Azkar joan dira?
Urtarrilean zazpi urte beteko dira, eta oso intentsuak izan dira. Gauza asko pasatu dira hasieratik, eta garrantzitsuak asko.
Hasiera samurra ez zenuen izan behintzat, taldea gain beheran joan zelako Bigarren B Mailara.
Horrela izan zen. Mikel Arruabarrena ekarri genuen neguko fitxaketen merkatuan; Polonian ari zen, eta fitxaketa izarra izan zen guretzat. Anekdota bat da, baina, bai, hasiera gogorra izan genuen. Master bat bezalakoa izan zen ikasteko.
Horrela hasi, eta sei urte eta erdiren buruan begira non dagoen kluba. Sinestezina?
Balio handiena ematen diot gain behera zihoan herri txiki bateko kluba nola izan garen gai munduko liga onenetako kide bihurtzeko. Zirraragarria izan da ibilbidea, nahiz eta gorabeherak izan ditugun, zelaian eta zelaitik kanpo. Lau denboraldiz egon ginen segidan Bigarren B Mailan, eta Eibar izan zen lau urte horietan igoerako kanporaketa jokatu zuen talde bakarra. Sekulako balioa dauka horrek ere, jendeak oihartzunik ematen ez badio ere. Eta gutxien espero genuenean igo ginen Bigarren Mailara. Orduan, taldea aldatu genuen Gaizka Garitanoren gidaritzapean, eta orain beste ziklo bati ekin diogu Jose Luis Mendilibarren aginduetara. Ondo hasi gara, gainera.
Espero zenuen hain ona izatea liga hasiera hau?
Kanpotik begiratuta oso zaila da, baina ikusten ari ginen denboraldi-aurrean bazegoela zerbait berezia entrenatzaileen taldean, eta horrek konfiantza eman zigun.
Fitxaketetan aurten diru gehiago gastatzea erabaki duzue klubean?
Izenen aldetik hala ematen du, eta nola irabazten ari garen, badirudi aurtengoa talde hobea dela. Baina duela urtebete zer esaten zen gogora zaitez. Jokalari onak ekarri genituen aurreko sasoian ere: Saul Berjon, Federico Piovaccari... Beste batzuk izen handikoak ziren: Derek Boateng, Dejan Lekic, Didac Vila... Baina ez ziren onak atera. Orain ia talde osoa da berria, eta ondo ari dira.
Zelaitik kanpo, klubaren oinarriak finkatzen ari zarete, eta aurkeztu berri duzue plan estrategikoa. Zertan dira kontu horiek?
Garbi eduki behar dugu Eibar munduko liga onenetako bateko kide izatea sekulako aukera dela herriarentzat, klubarentzat, Gipuzkoarentzat eta Euskal Herriarentzat. Munduko edozein txokotan ezagutzen dute Eibar futbolari esker, eta zaleen taldeak dauzkagu Kalifornian, Polonian... Oihartzun handia duen euskal enpresa gara, eta hori indartzeko gai garen neurrian, Eibar izan daiteke motor ona.
Motor on hori izateko ezinbestekoa da Lehen Mailan jarraitzea?
Lehen Mailan mantendu nahi dugu, eta jaisten bagara ere, Bigarren Mailako indartsuenetako bat izan nahi dugu. Lantzen ari garen egitasmoak aurrera ateratzeko, ez da ezinbestekoa Lehen Mailan jarraitzea, baina oso lagungarria izango litzateke.
Zertan da Ipurua Taillarra egitasmoa?
Aurrera doa, eta, esate baterako, entrenatzaile izateko lehen ikasturteko klaseak emango ditugu bertan aurten hasita. Ikerkuntza esparrua zabaldu nahi dugu futbolaren inguruan, eta aurrera dezaket Vicente del Bosque, Espainiako entrenatzailea, gurean izango dela hitzaldi bat ematen. Orain arte, futbol klubak zelaiko kontuetan bakarrik murgildu dira, eta guk zabaldu nahi dugu esparru hori: elikadurara, hezkuntzara eta abarrera.
Beste kirol batzuetara ere zabaldu nahi omen duzue. Hala da?
Eibar taldea ireki nahi dugu beste kiroletara ere: saskibaloia, txirrindularitza, pilota, xakea... Hausnarketa ez da izango futbolekoa bakarrik, beste kirol batzuk ere landu nahi ditugu. Erantzukizun soziala daukagu, futbolak ematen digun indarra eta oihartzuna beste kiroletara eramateko. Futbolaz haratago egon behar dugu.
Nola uztartzen dira hazkuntza nahi hori eta betiko Eibarreko eredua?
Ekonomia sendoa izatea da oinarria, eta garbi daukagu gure ardatza zein den: zorrik batere ez. Horrek esan nahi du kluba ondo kudeatzen ari garela, eta horrek izan behar du bidea futbolean.
Aldatzen ari da futbola arlo horretan?
Uste dut baietz. Hainbat urtetan, futbol taldeek nahi dutena egin dute diruarekin, zorpetuta egon dira, eta, hala ere, dirua gastatu izan dute. Hori bukatu da. Uda honetan Elx auzian gertatu dena ez da izan Eibarren eta Elxen arteko eztabaida. Lehen aldiz historian, Espainiako Ligan, talde bat mailaz jaitsarazi dute epaileek diru kontuak behar bezala ez edukitzeagatik; zorpetua egoteagatik, azken batean. Halakoak ikusi izan ditugu beste ligetan; Italian, Juventusi egin zioten hori duela urte batzuk, eta Eskozian, Glasgow Rangers Laugarren Mailara bidali zuten. Horrek sinesgarritasuna ematen dio futbolari. Udan uste zen Elxeko zaleak kalera ateratzen baziren manifestazioak-eta eginez epaileek arrazoia emango ziotela, baina ez da hala izan, eta sekulako indarra ematen dio horrek futbolaren sinesgarritasunari.
Elxen auzia uda honetan, eta aurrekoan kapital handitzearena. Zenbateko zama izan dira zuretzat pertsona gisa?
Oso nekagarria izan da. Gogorra.
Izango al du Eibarrek uda lasairik?
Ez du ematen, eta aterako da zerbait datorren urtean ere.
Benetan ari zara?
Ez, baina auskalo...
Eibar klub gisa beti egon da lotuta bakarra izatearekin, salbuespena balitz bezala.
Hala da. Gogoan daukat BERRIAko zure lankide Imanol Magrok behin jarri zuela hori titulu batean, eta hala da. Berdin jarraitzen dugu. Gauza eta arlo askotan gara kasu bakarra.
Bakarra izanda ere, ereduak eduki daitezke, eta ba al duzue klub gisa ispiluren bat begiratzeko? Vila-real aipatu zidan Eibarko kazetari batek aurreko batean.
Badaude herriaren tamainagatik eredu batzuk: Vila-real, Getafe... Baina guk garbi eduki behar dugu gurea egin behar dugula, gu izan behar dugula. Eibarrek oso nortasun indartsua dauka, eta horri eutsi behar dio. Ikasi egin behar dugu beste adibide horietatik, baina beti gure nortasuna galdu gabe.
Askotan aipatzen duzu ez zaudela oso konforme euskal erakundeek Eibarri ematen dioten trataerarekin. Zergatik?
Eibar zigortuta dago herri modura euskal erakundeetatik, ez delako lurraldeko hiriburu bat. Egitasmo indartsu guztiak Bilbora, Donostiara eta Gasteizera joaten dira, baina ez beste hiri handi batzuetara, eta hor daude Eibar, Tolosa eta beste hainbat hiri. Kirol taldeek erakundeetatik jasotzen dugun tratua aztertzen bada ere, Eibarri ez diote tratu bera eman Athletic, Reala edota Baskoniaren aldean. Guk geuk ordaindu behar izan dugu harmaila berria, ez digute sosik eman; aldiz, beste klub horientzat badago dirua antzeko lanak egiteko. Donostian, Bilbon eta Gasteizen bageunde, jasoko genukeen dirurik. Sekulako injustizia da hori, eta bada garaia berdintasuna bermatzeko. Euskal Autonomia Erkidegoaren garapen orekatua defendatzen eta bultzatzen bada, zergatik ezin daitezke egitasmoak garatu hiri eta herri txikietan? MadrilekEAErekin duen tratua salatzen da hemengo erakundeetatik, baina gero gauza bera egiten ari dira barrura begira hemengo erakundeak. Guk zelaian lorturikoak laguntza behar du.
Batzuen ustez, kirol talde profesionalei ez zaie diru laguntza publikorik eman behar.
Demagogia da hori. Futbol talde bat gai bada jasotako laguntzei etekina atera eta jaso duena baino gehiago herriari edo gizarteari bueltatzeko, zergatik ez eman diru publikoa? 6.000 pertsona sartzen ditugu hamabostean behin Ipuruan, horrek sortzen duen guztiarekin gizartean eta herrian. Beste adibide bat edo datu bat: telebista eskubideengatik jasotzen dugun dirua zergetan itzultzen da Gipuzkoako Ogasunera. Milioika euro joango dira Eibarri esker gure Ogasunera, eta Eibar Lehen Mailan ez balego, kopuru hori txikiagoa izango litzateke. Diru publikoa zentzuarekin erabili behar da, jakina, baina gizartera itzultzen bada zati handi bat gurea bezalako klub baten kasuan, hori ere kontuan hartu behar da gai honetan jarrera kritikoa eduki aurretik.
Norbaiti ez zaio komeni Eibar elitean egotea?
Ez dakit. Beste batek edo batzuek erantzun behar dute galdera hori. Garbi dago bazela statu quo bat euskal kirolean, eta bat-batean Eibar jarri dela mahai horretan, besteen alboan eta besteen pare. Ez zen espero Eibar bezalako talde bat hor egotea, baina mundua oso zabala da, eta eduki egin behar ikuspegi irekia; Euskal Herriarentzat askoz hobea da elitean hiru talde egotea eta ez bi bakarrik. Eta gure futbolarentzat ona da Eibarrek zabaltzen duen mezua munduan zehar, oso mezu indartsua delako: hor mendien arteko herri txiki batean, bada talde bat elitean ari dena, berezia, borrokalaria eta bakarra. Baliatu egin behar da hori dena, denontzat izango baita ona, ez guretzat bakarrik.
Nazioartera zabaltzeko asmoa ere baduzue. Zer emango dizue horrek?
Erronketako bat da, eta beharrezkoa, gure ustez. Plan estrategikoan zutabeetako bat da. Eibarren aukera nazioartean zabaldu behar da, indartu egin behar dugu. Eibarrek marka moduan nazioartean egon behar du.
Bada gai bat zeharo korapilatua dagoena: harmaila berriaren harira bizilagunekin klubak duen eztabaida. Zer daukazu esateko?
Zaila da. Badakizu zer dioen esaera batek: herri txiki, infernu handi. Niretzat erosoagoa izango litzateke hiri handi bateko klub bateko presidente izatea alde horretatik, baina herrian bertan bizi naiz, eta gai batzuen eraginez, deserosoa gertatzen zait. Eragile bazara edo errealitatea aldatu nahi baduzu, oztopo sortzaile zara. Euskal Herrian kosta egiten da gauzak aldatzea, oso kontserbadoreak gara. Begira zer zioen jendeak Eibarren bertan taldearen igoeraz: «Zertarako igo? Segituan jaitsiko gara-eta». Aldatu egin behar da pentsatzeko era hori.
Kalean jendeak edozer gauza esaten dizu?
Gehien hitz egiten dutenak gutxiengoa dira, eta gehiengoak begirunez eta errespetuz hartzen nau.
Egun osoa igarotzen duzu, esate baterako, Ipuruan, lanean. Ihesbide bat da hemen barruan egotea?
Lan asko egin behar da, eta futbolak duen gauzarik txarrena da tentsio handiak sortzen dituela. Bidaiatu ere pila bat egin behar da. Nire zaletasunak erabat baztertuta dauzkat hemen egoteagatik. Gustatzen zait xakean jokatzea, ehizara joatea, idaztea, bidaiak egitea eta abar. Orain ez daukat denborarik horretarako.
Zuzendaritza barruan udan sortu ziren eztabaidak baretuta daude?
Bideratuta dago gai hori oraingoz, gorabehera asko dituen arren tarteka. Konpromisoa behar dugu barruko gauzak kanpora ez zabaltzeko.
Alex Aranzabal. Eibarreko presidentea
«Zelaian lorturikoak erakundeen laguntza izan behar du»
Kexu da euskal erakundeek ez diotelako behar bezala laguntzen Eibarri, herri eta klub modura. Uste du garai historiko hau aukera handia dela egitasmo berriak abian jartzeko, eta laguntza publikoak jasotzearen alde dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu