Realaren eta Zaragozaren arteko neurketak irudi deigarri bat utzi zuen: Mikel Gonzalezek (Arrasate, Gipuzkoa, 1985) jantzi zuen kapitainaren besokoa estreinako aldiz. Duela zazpi urte debutatu zuen, atzoko egunez, Mallorcan.
Zer alderdi nabarmenduko zenuke Zaragozaren partidatik?
Garrantzitsuena irabaztea zen. Aurreneko erdian ez ginen fin aritu baloia arin mugitzeari dagokionez. Atzean itxaron ziguten, ea okerren bat noiz egingo horiei probetxua ateratzeko. Ondo itxi zizkiguten bideak. Bigarren zatian, baloi luzeekin saiatu ginen min egiten, eta 1-0ekoa funtsezkoa izan zen hiru puntuak lortzeko. Horrek erraztu zizkigun lanak.
Aurretik trebezia nabarmenik erakutsi ez arren, geldikako bi jokalditan erabaki zenuten partida.
Estrategiari etekina ateratzeak balio handia dauka gisa horretako lehia zurrunak aurrera ateratzeko. Ea ez den azkena izaten.
Arlo hori bereziki lantzen jarraitzen al duzue?
Bai, bai. Zure lana hobeto egiteko eta aurkariaren hutsa behartzeko, egin beharrekoa da.
Bost hutsune izan arren bolada onari eustea izan zen garrantzitsuena Philippe Montanierrentzat.
Horrek behar du izan edozein talderen funtzionamenduaren gakoa. Zenbat eta jokalari desorekagarri gehiago izan, orduan eta gol aukera gehiago sortzeko ahalmena izango duzu. Horretan ez dago zalantzarik. Hala ere, sendotasuna behar da talentuaren atzean.
Hamabi partida daramatzazue segidan Anoetan golen bat sartuz.
Gure bilakaeran etxeko sendotasunak izan duen garrantzia erakusten du datu horrek. Azken partidan golik ez hartu izana ere aintzat hartzen dut.
Besokoa jantzi zenuen lehen aldiz hasieratik jokatuta. Zure erantzukizuna aldatu egin da aldagelan?
Ez dut uste. Joan den sasoian ere tokatu zitzaidan behin neurketa hasitakoan eramatea, eta anekdota kontua iruditzen zait. Berez, arduraduna zelaian ez egoteagatik izan zen. Normala denez, urte asko badaramatzazu, aldagela barruko gaiak zeintzuk diren kontrolatzen duzu. Iritsi berria izan edo azken neurketak jokatzen aritu, denoi dagokigu ekarpenak egitea, modu batera edo bestera.
Parte hartzen duten horietakoa al zara? Jaramon egiten dizutelakoan zaude?
Denok dugu zeresana. Denbora askoan egoten gara elkartuta, eta elkarbizitza txukuna izatea guztion erantzukizuna da.
Inaxio Kortabarria eta Aitor Lopez Rekarte herrikideek ere eraman zuten zure aurretik beste garai batean. Erreferentzia izan al dira bi horiek?
Inaxio ez nuen ikusi jokatzen, baina nire inguruan berari buruzko gauza on asko entzun dut. Aitorrekin, aldiz, nire lehen urteetan jokatu nuen, eta haren alde hitz goxoak baino ez dauzkat. Bai kapitain modura, bai kide modura eta bai jokalari modura.
Kilimak sentitzen al dituzu oraindik zelaira ateratzean?
Jakina baietz! Asteburuko partida hurbildu ahala, gainera, geroz eta gehiago igartzen dituzu sabelean. Eta zelaia usaintzean, zer esanik ez. Tentsio hori sentitzea ezinbestekoa da edozein futbolarirentzat.
Oso kontzentratuta ari zara lanean; gogo berezia izango bazenu bezala.
Kontzentratuta egoten saiatzen naiz, eta ingurukoak animatzen eta motibatzen. Txapelketa luze baten hasiera-hasieran baino ez gaude. Mallorcan galdu ondoren bazirudien denboraldi-aurrean piztutako ilusioak zentzurik ez zuela, eta ez zait bidezkoa iruditzen porrot bategatik halakorik gertatzea. Oso gogotsu gaude.
Faltarik egin gabe baloia moztea al da zure helburua?
Futbolak bilakaera bat izan du. Garai batean buruz buruko markaketak baino ez ziren egiten, eta azkenaldian zonakako defentsak ikusten dira batik bat. Lehen ere falta asko eta askotarikoak egiteko modua zeukan atzelariak, bestelako ikuspegi bat zegoelako. Orain, berriz, epaileek zigortu egiten dituzte ekintza horiek. Ezin zara behin eta berriz ostikadak ematen aritu. Horretaz gain, baloi irteeran ere parte hartu eta erremate eremuetan min egiten ahalegindu behar du egungo atzelariak.
Gogorra izaten ikasi al duzu?
Ez dakit hori ote den adjektibo egokiena, baina atzean jokatzean segurtasuna kutsatu behar diezu taldekideei.
Zertarako dago diseinatuta Reala: baloia erabiltzeko edo kontraerasora jokatzeko?
Oreka topatu nahian ari gara. Zaragozaren neurketak behar bezala irudika dezake hori. Lehen zatian baloia erabiltzeari eman genion lehentasuna, baina zuloak zabaltzeko gai ez ginela ikusita, luze jokatzeko erabakia hartu genuen. Ez zen izan kontraerasoko joko peto-petoa, nahiz eta zenbait unetan horretara jokatu.
Hobetzeko tarte handia al daukazue?
Hala nahiko nuke. Gure helburu nagusia bilakaera izan eta aurrekoa hobetzea da. Okerrera jotzea atzerapausoa litzateke.
Etxetik kanpo galtzeko beldurrez aritzen al zarete?
Ez dut uste beldur kontua denik, baina zenbakiak hor daude, eta ezin ditzake inork ezabatu. Bolada hori aldatzearen kontzientzia badaukagu. Baliteke beste nortasun batez zelairatu behar izatea, edo planteamendua aldatzea. Zerbait polita egiteko, gainditu beharreko ikasgaia da.
Mikel Gonzalez. Realeko jokalaria
«Zelaira irtetean kilimak sentitzen ditut oraindik»
Zazpigarren sasoia du Mikel Gonzalezek Realean, eta denbora horretan 187 neurketa jokatu ditu. Egungo taldean, Xabi Prietok baino ez du hark baino eskarmentu handiagoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu