Belar hockeyko makila patroiaren arraunarekin aldatu du Ainara Mujikak (Donostia, 1974). Hamar urtetik gora egin ditu lehiatik aldenduta, baina berriro heldu dio. Zelaitik uretara egin du salto, ordea. Larunbatean egin zuen debuta Zumaiako traineruko patroi lanetan, Pasaian (Gipuzkoa). «Hasieran, ez nintzen pozik geratu, batez ere ziabogarekin. Gehiegi ireki nintzen. Baina amaitzean esan zidaten itsaso txarra zegoela, eta horrela egin behar nuela». Taldeko beteranoena da, baina gazteen ilusioarekin mintzo da. Haiei lagundu nahi die, eta, urtebete lehorrean egon eta gero, Zumaiako emakumeen traineruaren proiektua, olatu on bat hartu, eta sendotzea.
Arraunlariek eta zuzendaritza taldeko kideek egin zioten duela hilabete batzuk taldean sartzeko proposamena. Trainerua atera nahi zuten, eta justu samar zeuden. Patroi lanetan aritzeko esan zioten. «Izatekotan, patroi gisa izan behar zuen, adinean aurrera noalako arraunean aritzeko, eta oso gogorra delako».
Erronka polita dela dio, eta ahaleginak merezi duela. «Oso arraunlari gazteek osatzen dute taldea. Bost gazteak dira, eta bagara hasiberriak ere. Aurtengoa ikasteko urtea izango da; harrobiko arraunlari gazteei lagundu nahi diet». Urtebete trainerurik gabe egon ostean, Mujikak ezinbestekoa ikusten zuen aurten ateratzea. «Zenbat eta denbora gehiago lehorrean, zailagoa da berriro hastea».
Emaitzek ez dute kezkatzen. «Estropadaz estropada joango gara gure maila ikusiz, eta hori hobetzea izango da gure helburua». Pasaiako estropadan Oriok 24 segundo atera zizkien, eta Hernanik, hamalau. «Horien denboretara gerturatuz gero, pozik egongo ginateke». Zail ikusten du Euskotren ligan aritzea. «Lau traineru bakarrik lehiatzen dira bertan, eta oso zaila da». Kontxaz ere ez dute oraindik hitz egin. «Hor aukera gehiago izan ditzakegu, zortzi traineru sailkatzen baitira. Niri, gainera, Donostiakoa izanda, ilusio handia egingo lidake bertan parte hartzeak».
Hiru hilabete hauetan trainerua asko hobetu dela dio. «Jendeak ilusio handia du hobetzeko eta ikasteko». Bera ere horretan ari da. «Hasieran, oso galduta nengoen. Trainerua trailer bat iruditzen zitzaidan, eta berehala galtzen nuen oreka. Orain, pixkanaka ari naiz ikasten».
Astean lau aldiz jaisten dira uretara: asteazkenean, ostiralean, larunbatean eta igandean. «Horrekin batera, prestaketa fisikoa lantzen dugu. Patroi gisa, ariketa bereziak egiten ditut; batez ere, orekari lotutakoak. Ergometroan, berriz, ez naiz aritzen».
Familia, pozik
Beteranoena izateaz gain, Mujika da ama bakarra. Etxekoei oso eskertuta dago, aukera ematen diotelako kirolean aritzeko. «Senarrak eta aitona-amonek asko laguntzen didate; batez ere, uretan entrenatu behar dugunean. Izan ere, haiek geratzen dira txikiekin. Prestaketa fisikoa, berriz, haiek eskolan daudenean egiten saiatzen naiz». Seme-alabak «pozik» daude ama arraunean ikustean. «Entrenamendutik etortzean, beti galdetzen didate zer moduz joan den. Gainera, uste dut ona dela umeek gurasoak kirola egiten ikustea, oso balio onak helarazten dituelako».
Urte askoan Realeko belar hockeyko taldean aritu zen Mujika, eta orduan ikasitakoa oso baliagarria izaten ari zaio. «Oso kirol desberdinak dira, baina biak taldekakoak. Gainera, fisikoki ere banuen prestaketa bat ordutik»; Arrauna kirol gogorra dela onartu du, dena den. «Neguko hilabeteak, batez ere, oso gogorrak dira, eguraldi eta itsaso txarrarekin entrenatu behar baituzu». Bestalde, larunbatean igarri zuen zer den estropada bat. «Belar hockeyko partidetan bazenituen atseden hartzeko uneak. Hemen, ordea, hasi eta buka, ez duzu atsedenik. Estresa handia da». Desberdintasun nagusia da, dena den, Realarekin goiko postuetan egoteko lehiatzen zela. Orain, berriz, jende gazteari laguntzea du helburu. «Realean ere harrobiko jokalariei irakasten eta laguntzen amaitu nuen, oso pozik».
Urte haietan jasotako balioak helarazi nahi dizkie gazteei: sufritzeko gaitasuna, egiten duzunean sinestea, ahaleginean mugarik ez jartzea... Oroitzapen ahaztezinak ditu. Besteak beste, Teresa Motos, Maider Telleria eta Nagore Gabellanes olinpiar txapeldunekin jokatzeko aukera izan zuen. Espainiako hiru Liga irabazi zituen: «Pena izan zen horietatik bi kanpoan irabaztea. Bidaiez ere asko gogoratzen naiz. Ordu asko egiten genituen autobusean». Orain, tarteka joaten da partidak ikustera; izan ere, nahikoa lan du Telmo Deun trainerua gidatzen. «Ez pentsa, oraindik ere kosta egiten zait oihu egitea eta errieta egitea. Baina ikasi beharko dut hori ere, patroiaren lana ere badelako, taldea animatu eta erritmo egokian ematearekin batera».
Zelaitik itsasora
Urteetan, Realeko belar hockeyko taldean aritu zen Ainara Mujika. Orain, berriz, arraunean hasi da. Zumaiako patroi izango da sasoi honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu