Miranda Ebron (Espainia) amets egiten jarraitzen dute. Eta ez dute esnatu gura. Mirandes Kopako finalerdietan dago, Lehen Mailako hiru talde bidean utzi ostean. Azken-aurreko oztopoa Athletic da; Anduva gainezka egongo da, eta zaleek badakite euren taldea gai dela etxean edozein aurkari estu hartzeko. Txikiak handia jan gura du. Txikiaren gidaria Carlos Pouso da, bizkaitarra eta Athleticen zalea (Leioa, Bizkaia, 1960).
Mirandes Kopako finalerdietan dago. Lehiaketa hasi zenean, ezinezkoa zirudien. Nola hartzen ari zarete esperientzia ahaztezin hori?
Hain da harrigarria, ezen ez diogu aparteko garrantzirik eman. Kirol arloan, denbora daramagu gauzak ondo egiten. Beraz, sari moduan hartzen dugu. Hedabideen aldetik exijentzia handiagoa ari gara nabaritzen, baina klubean ez da ezer aldatu. Beti jokatu dugu irabazteko helburuarekin.
Herriaren taldea zarete. Aurkariaren zaleek izan ezik, gainerako guztiek Mirandesek irabaztea gura dute. Babes handia daukazue.
Belen Estebanen antzekoak gara, kar-kar. Mauricio Pochettinok ere gauza bera esan zidan. Nik esan nion beste hainbeste gertatuko litzatekeela Espanyolek Txapeldunen Ligako finalerdia Chelsearen kontra jokatuko balu. Barre egin zuen, eta arrazoi nuela esan zidan. Gauzarik ederrena da zelaian egin ditugun merituengatik lortu dugula jarraitzaile askoren babesa. Ez dugu inor hil. Hori bai, ardura apur bat ere ematen dit, lagun asko zoriontsu egin dezakedala pentsatzen baitut.
Zein da Mirandesen sekretua?
Dohain asko ditu Mirandes taldeak: konfiantza, lehiakortasuna, sentimendua, apaltasuna, koherentzia... Kirol ardura dugunon eta bestelako ardurak dituzten gaiak dira. Baina, era berean, argi utzi gurako nuke hau ez dela orain protagonista izaten ari garenon meritua, Mirandesek urteak baitaramatza lan ona egiten. Ni ez naiz arrakastaren aita. Bulegoetako lankideak ere bikain ari dira behar egiten. Guk egokitzen zaigunean kobratzen dugu, eta hori oso garrantzitsua da taldearen egonkortasunerako. Hori gutxi balitz bezala, taldeak sekulako jarraitzaileak ditu.
Lehen Mailako hiru talde utzi dituzue kanpoan: Vila-real, Racing eta Espanyol. Zein aurkarirekin sufritu zenuten gehien?
Gaitzena hurrengoa da beti. Pasatutakoari ez zaio erreparatu behar. Guk liburua idazten jarraitu gura dugu. Egindakoa atzean lagatzen dut; zuri-beltzezko lorpen politak baino ez dira.
Inork dudarik izan ez dezan: Lehen Mailako eta Bigarren B Mailako taldeen artean aldea dago, ezta?
Bai. Arlo guztietan dago alde handia. Mailak zerbaitetarako egiten dira. Maila nagusian lehiatzen ari direnei ez diete ezer oparitu: lan ona egin dutelako ari dira lehiatzen onenen artean. Eta guk Bigarren B Mailan erakutsi behar dugu hazi gura dugula. Maila berean egongo bagina, kanporatu ditugun aurkariek guk halako bi edo hiru izango lituzkete puntu kopuruari dagokionez. Kopan, une horretako sasoiak, lesioek, zigorrek… gauza askok dute eragina. Baina 38 partidako txapelketa batean talde guztiek izaten dituzte gisa horretako arazoak.
Hala ere, sarri entzun da azken hilabeteetan Mirandeseko futbolari askok lekua izango zutela goragoko mailetako talde askotan.
Bigarren B Mailan bagaude, gorago egoteko gaitasunik izan ez dugulako gaude. Eta, gainera, inork ez duelako ikusi gorago egon gintezkeela. Uste dut esker onekoak izan behar dugula maila honetan jokatzeko aukera eman digutenekin. Eguneroko lanean erakutsi behar da gorago egoteko gaitasuna. Gainerako taldeetako teknikari eta kirol arduradunak ez dira inozoak. Inork ez du jokalari ona fitxatu beharrean eskasagoa dena fitxatzen.
Kopa erakusleiho egokia da diru gehiago dutenen arreta zuenganatzeko.
Bai. Baina lehenik eta behin, erosleak interesa izatea lortu behar da, eta gero, interesa duenak mahai gainean jarri behar dena jartzea. Aldagelan ez diogu garrantzi handirik ematen horri. Jokalari helduak ditut, eta, gainera, nire arduretako bat da horrelako kontuek futbolarien artean eraginik ez izatea.
Zer da zuretzat Athletic?
Klub oso berezia, bakarra munduan. Bere buruari muga miresgarri bat jarri dio. Eredu da. Zenbat eta zailagoa izan erronka, orduan eta handiagoa izango da loria.
Eta zer da zuretzat Kopako finalerdi batean Athleticen kontra jokatzea?
Ez diot aparteko garrantzirik eman gura. Guk gurearekin jarraitu behar dugu. Guretzat, Kopan maila nagusiko aurkari baten kontra lehiatzea da, Anduvara etortzen diren bakoitzeko hil amaieran kobratu ahal izatea erraztuko digun bisita. Eta euren zelaietara gozatzera joaten gara. Ederra da. Ez dugu finalarekin gogaitu behar. Geure burua estutu eta freskotasuna galtzen baldin badugu, indarra galduko dugu. Gu eurak baino txarragoak gara, eta oso ondo egin behar ditugu gauzak aukeraren bat izateko.
Beraz, kanporaketa ez dago berdinduta?
Ez dago, ez. Lehen Mailako talde baten kontrako kanporaketa bat sekula ez dago berdinduta. Beti dauka aukera gehiago maila nagusiko taldeak. Baina beti dago aurrera egiteko aukeraren bat. Bartzelona eta Athleticen arteko kanporaketa berdinduta egongo litzateke? Uste dut ezetz. Bada, gure artekoan ere antzeko zerbait gertatzen da. Gainera, uste dut Athleticen eta Bartzelonaren arteko aldea txikiagoa dela gure eta Athleticen artean dagoena baino. Baina norgehiagokak zelaian irabazten dira.
Gustuko al duzu Bielsaren Athletic?
Bai. Nik Athletic beti dut gustuko. Bielsaren Athletic zalantzekin hasi zen, baina hasi da funtzionatzen. Urrats sendoak ari da egiten.
Nola estutu behar da Athletic?
Oso zaila da.
Zuri-gorriek ez dute golik jaso Kopan.
Lehenak izaten ahaleginduko gara. Lehen esan dizudan bezala, zenbat eta erronka gogorragoa, handiago da loria.
Zein izango litzateke zuentzat emaitza ona gaur?
San Mamesera bizirik eramango gaituen edozein. Ederra litzateke. Geure buruarekin gustura geratu behar dugu. Argi daukagu ez garela faboritoak, baina uste dugu gai garela Athletic estu hartzeko.
Zuk ondo ezagutzen duzu Bizkaiko futbola. Athletic ondo egon arren, ez dirudi gauza bera esan daitekeenik Bizkaiko futbolaren egoeraz.
San Mamesen zirimiria egiten duenean, indar handiarekin egiten du euria Lezaman, eta, era berean, euri jasa egiten du Bizkaiko futbolean. Inor ez da arduratzen Bizkaiko futbolarekin. Athletic da termometro bakarra. Batzuetan, atzerapauso bat eman behar da aurrera egin ahal izateko.
Lezamak erakarri egiten zaitu?
Betiko galdera da. Lezaman agintzen dutenentzat, onenak diren teknikariak daude. Athleticek eta Lezamak arduratzen naute, baina ez da garrantzitsua ni Lezaman egotea. Ez daukat arantzarik. Nik sekula ez du pentsatu «ni zergatik ez». Athleticek ez dit sekula deitu, baina beste askok ere ez. Nire alde egin duen talde batean nago. Ez du ezertarako balio talde hobe batean egon nintekeela pentsatzeak. Berriro diot esker onekoak izan behar dugula. Nik bost eskaintza izan nituen urte batean, eta bakar bat ere ez hurrengoan. Gaur-gaurkoz, bi eskaintzaren artean aukera dezakeen entrenatzaileak ez dauka zorte makala.
Carlos Pouso. Mirandeseko entrenatzailea
«Zenbat eta zailagoa izan erronka, orduan eta handiagoa izango da loria»
Mirandesen helburua itzulikora «bizirik» iristea dela aitortu du Carlos Pousok. Athletic faborito izan arren, bizkaitarrak gogorarazi du neurketak «zelaian» irabazi behar direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu