Iker Serrano. Bidasoa taldeko jokalaria

«Zer gerta ere, jada eman dugu aurrerapauso bat»

Bikain hasi du sasoia Bidasoak, hamar puntutatik zazpi batuta. Iker Serrano Irungo taldeko kapitainaren arabera, «fitxatuen egokitzapen azkarra eta defentsako lan ona izan dira gakoak».

JON URBE / FOKU.
Julen Etxeberria.
Donostia
2018ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Bidasoa taldeko kapitaina da Iker Serrano (Urretxu, Gipuzkoa, 1984), baita Irungo taldeko jokalari helduena ere. Bertan egin zuen estreinakoa Asobal ligan, duela hamabost urte. Urtebete eskas iraun zuen lehen aldi hark. Ez zuen etsi, eta bidea egiten hasi zen: Zarautz, Huesca, Almeria, Arrate, Port Sagunt, Paris eta Mulhouse. Duela bi urte bueltatu zen Bidasoara. Urtebeterako kontratua sinatu zuen, baina, gutxienez, hiru beteko ditu, iaz beste bi sasoirako berritu baitzuen. Oraintxe bertan sinatuko luke beste bat. «Gustatuko litzaidake hemen erretiroa hartzea, etxean, eta kapitainaren besokoa eramanda. Errematea litzateke».

Hamar puntutatik zazpi lortu dituzue, eta jada Ademarren, Bartzelonaren eta Granollersen aurka jokatu duzue. Espero zenuten horren ondo hastea?

Inondik inora ere ez. Sasoia hasi aurretik, jokalarion artean kalkuluak egin genituen, eta guztiok konforme ginen lau puntu eskuratuta. Inortxok ere ez zuen espero zazpi puntu lortzea.

Nahiz eta denboraldi-aurre oso ona egin?

Eskubaloian bada esamolde bat dioena sasoi-aurre ona, sasoi eskasa. Zorionez, ez da bete.

Mugarri izan zen hirugarren jardunaldian, Artalekun, Ademarri zazpi golen aldeaz irabazteak?

Garaipen horrek sekulako indarra eman zigun. Ez genuen espero halakorik. Bagenekien gure lana ondo eginez gero irabazteko aukera izan genezakeela. Baina handia egin genuen, eta hori eginda geure buruari sinetsarazi genion gurea ondo eginez gero edozein talderi aurre egin geniezaiokeela.

Lehia bakarra galdu duzue, Bartzelona ahalguztidunaren pistan jokatutakoa. Egun horretan ere gai izan zineten ia lehen zati osoan eusteko.

Ia hogeita bost minutuz aurretik egon ginen, baina bi penalti huts egin, Bartzelona suspertu, eta hortxe amaitu zen lehia. Hala ere, pozik amaitu genuen. Bartzelonak batez beste 42 gol sartu ditu partidako, eta guri 32 sartu zizkigun. Horrek ere badu meritua.

Halako bolada onetan zorteak ere badu eraginik. Azken partidan, adibidez, Granollersek zutoinera bota zuen baloia partida amaitzear zela. Horri esker irabazi zenuten.

Lehen guri pasatzen zitzaizkigun halakoak. Zortea ere eduki behar da, eta, oraingoz, alde dugu.

25 gol sartu dizkizuete partidako. Hiru talderi bakarrik sartu dizkiete gol gutxiago. Defentsako lan on hori da gakoetako bat?

Zalantzarik gabe, eta are gehiago jada Bartzelonaren, Ademarren eta Bartzelonaren aurka jokatu dugula kontuan hartuta. Gol asko sartu ohi dituzten taldeak dira horiek. Aurreko sasoiarekin alderatuta, defentsako lanean egon da aldaketarik nabarmenena. Asko hobetu dugu alor horretan. Aurkariek eurek ere horixe esan digute. Atezainak ere oso ondo ari dira. Rangel [Luan Da Rosa], adibidez, ikusgarri ari da.

Gol gutxi sartu dituzue. Hori izan daiteke baina bakarra?

Bai, baina badakigu gure jokatzeko eraren ondorioa dela. Jacoboren [Cuetara, entrenatzailea] jokatzeko era garatuz doa, eta ziur gaude hobetu egingo dugula. Erasoko jokaldiak erabat barneratuak ditugunean sartuko ditugu golak.

Zazpi jokalari joan dira, eta zazpi etorri. Aldaketa asko dira. Hala ere, ondo egokitu dira. Mesede galanta da hori.

Horrek ere zerikusi handia izan du. Azkar eta ondo egokitu dira, eta iritsi eta berehala hasi dira taldeari ekarpena egiten.

Seigarren zarete, bigarrenarekin berdinduta. Atzetik, berriz, Ademar, Granollers, Guadalajara, Anaitasuna eta Cuenca dituzue, itxuraz gora egingo dutenak. Parekotasun handia dago.

Asobal ligan inoiz ez dut ezagutu halakorik. Izan nuen entrenatzaile bat zioena «ederra dago liga, baina kanpotik ikusteko». Bada, halaxe da. Ederra dago liga, baina barruan gaudenontzat ez da samurra presioari eustea. Bi partida galdu, eta hamargarren izan zaitezke. Adi egon behar dugu.

Cangasi, azken-aurrenari, egingo diozue bisita larunbatean. Orain arriskua dago halako partidak erraz irabaz daitezkeela pentsatzeko?

Konfiantzarekin gaude, baina badakigu ez dagoela partida errazik. Esperientzia handiko taldea da Cangas, eta bere partida egiten saiatuko da. Talde hobea gara? Bai, baina haien mailan jarri behar dugu. Hori egin ezean, arriskua dago kirolean ohikoa dena gertatzeko: garaipen handi baten ondoren, hanka sartze handia egitea. Buru-belarri aritu behar dugu halakorik ez gertatzeko.

«Aurrerapauso bat ematea». Helburu hori aipatu zuen Cuetarak sasoi honetarako. Helburuari eusten diozue?

Zer gerta ere, jada eman dugu aurrerapauso bat: edozeini irabaz diezaiokegu. Denborak esango du non egongo garen, baina arrakastatsua litzateke lehen zortzi sailkatuen artean sartzea.

Kapitaina izanik, zuk izango duzu ardura taldeak oinak lurrean izan ditzan. Erantzukizun berria da hori zuretzat. Nola ari zara?

Aitortu behar dut, hasieran, pisutsu egiten zitzaidala besokoa eramatea. Nabari nuen erantzukizun hori, taldekideekin, entrenatzailearekin eta zuzendaritzako kideekin hitz egin beharra. Baina liga hasi. eta lasaitu egin nintzen. Dena ondo doa, gainera. Horrek asko errazten du dena.

Pozik zaude pistan egiten ari zaren lanarekin?

Bai. Esteban [Salinas] eta ni ari gara pibotean, eta oso ondo moldatzen ari gara; irekia eta jatorra da. Antzeko ari gara jokatzen, eta, zorionez, biok ari gara golak sartzen. Taldekideak argitasunez ari dira jokatzen gurekin. Ea horrela jarraitzen dugun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.