Txirrindularitza. Frantziako Tourra

Zerbait gehiago nahi, Thomas?

Thomas Voecklerrek jantzi zuen herenegun Tourreko liderraren maillota, askotan legez, iheskideekiko berekoi eta itsusi jokatutaFaborito asko etxean direla, Andy Schleck, Contador eta Evansen arteko lehia espero da

unai zubeldia
Donostia
2011ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Berriz ere izango du harroxko eta berekoi fama. Thomas Voeckler frantziarrak (Europcar) malkoei eutsi ezinik jantzi zuen herenegun Frantziako Tourreko liderraren maillota, eta gozatu egin zuen atzo lehen atseden egunean. Maillot horia ondoan zuela, lasai ederrean egon zen belazean, hankak luzatuta. «2004an lider jarri nintzenean baino bereziagoa da maillot hau. Etapa bat irabaztea zen nire helburua, eta handia da lorpen hau». Orain zazpi urte, hamar egunez eutsi zion maillot horiari, baina oraingoan beste bi eguneko poza edukiko du, ezusterik ezean, etzi amore eman beharko duelako Tourmaleten eta Luz Ardidenen gora.

Arraroa izan zen herenegungo etapa, erorketa handia izan zelako tropelean —Aleksandr Vinokurov (Astana) eta Jurgen Van den Broeck (Omega Pharma-Lotto) erretiratu egin ziren—. Aurretik gorpuztuta zegoen ihesaldia, bost txirrindularikoa. Eta liderraren maillota jantzi, ez jantzi, borroka polita zegoen Voecklerren eta tropelaren artean. Baina, aurrekoen jarrera are arraroagoaizan zen. Frantziako telebista kateko auto batek hankaz gora bota zituen Juan Antoni Flecha (Sky) eta Johnny Hoogerland (Vacansoleil). Eta une horixe baliatu zuen Voecklerrek erritmoa bizitu eta bost lagunekoa zen ihesaldia hirura murrizteko.

«Zazpi minutuko aldea geneukan, eta azken 60 kilometroak aurrean bakarrik egon banintz bezala egin nituen,maillota jantzi ahal izateko». Behin etapa amaituta erorketa «tamalgarria» izan zela aitortu zuen. «Baina ezin genien itxoin, ihesaldiak ez zuelako arrakastarik eduki. Helmugara iristeko 100 kilometro falta izan balira, itxoingo genien, nik ere nahiago nuelako bosten artean erreleboak emanez joatea». Thomas Voecklerrek berriz ere izango du harroxko eta berekoi fama.

Atzoko irudiei begiratuta, nabari zen frantziarrak lasai lo egin zuela. Estuago zegoen Hoogerland. 33 puntu eman behar izan zizkioten herbeheretarrari, zauriak ixteko, eta herenegun negar batean jantzi zuen mendiko maillota; lehiakortasunaren saria ere eman zioten. Zauri fisikoak itxiko dira, baina pentsatzekoa da aukerarik txikiena dutenean Voecklerri erasoka hasiko direla tropeleko txirrindulari asko eta asko.

Herenegungo etaparen liskarra da hori guztia. Baina faboritoak Pirinioei eta Alpeei begira jarri dira jada. Tourreko lehen bederatzi etapak jokatuta, horietako asko joan dira etxera: Janez Brajkovic, Chris Horner (RadioShack), Bradley Wiggins (Sky), Van den Broeck eta Vinokurov, besteak beste. Eta beste asko herren geratu dira, Levi Leipheimer (RadioShack) eta Robert Gesink (Rabobank) kasu. Zailtasun handirik gabekoak dira gaurko eta biharko etapak. Baina etzi sartuko dira Pirinioetan. Contador, Andy Schleck eta Cadel Evansen (BMC) garaia da.

Ikusteke dago faboritoek zein maila emango duten. Dagoeneko hasi da estrategia jokoa. Contadorrek atzo onartu zuen «sentsazioen arabera» joko dituela erasoak. Andy Schleck ere Alpeei begira dago. «Oso gogorrak dira Pirinioak, baina hamar minutuko aldea edukita ere, edozer gauza gerta daiteke gero Alpe d'Huezen eta Galibierren».

Euskal txirrindulariei dagokienez, hamalauk ekin zioten Tourrari, eta lau etxean daude jada: Iban Belasko, Amets Txurruka (Euskaltel-Euskadi), Beñat Intxausti (Movistar) eta Juanma Garate (Rabobank).

Kolobnev, dopinagatik kanpora

Alexandr Kolobnev (Katusha) txirrindulari errusiarra, berriz, Tourretik kanpo utzi dute antolatzaileek, dopinaren kontrako kontrol batean positibo eman duelako. Uztailaren 6ko analitikan hidroclorotiazida izeneko sustantzia topatu diote. Tourretik kanpo geratu da, zehaztuta dagoelako sustantzia hori ezin dela hartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.