Zeresana emango duelako

Afizionatu urteetan buruz buru bikain aritu zen David Merino, eta enpresan sinetsita daude bakarka etorkizun handia duela. Gaur egun, ezker eskuko mina da haren buruhaustea.

Imanol Magro Eizmendi.
Iruñea
2011ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Belaunaldi aldaketa bolo-bolo dabil Buruz Buruko Txapelketan. Hogei urte pasatxoko gazteak euren tokia eskatzen ari dira, eta astindua eman diezaiokete geldirik zirudien modalitate bati. Idoatek eta Urrutikoetxeak 21 urte dituzte; Albisuk eta Merino II.ak, berriz, 20. Azken hori manomanistako interesguneetako bat bilakatu da, afizionatu urteetan buruz buru bikain aritu delako eta enpresak Lehen Mailakoan sartu duelako zuzenean, 2. Mailakoaren galbaherik gabe. «Buruz buru asko jokatzen zuela bagenekien, eta udako ferietako torneoetan txukun aritu zen. Gero, binakakoan erautsiriko sasoia ikusita... Normala zen bera Lehen Mailakoan aritzeko aukeratzea». Azalpena Jokin Etxanizena da, Aspeko kirol zuzendaria.

Aimar Olaizolaren aurka jokatuko du etzi, eta apustuak ez dira momio harrigarrirekin irtengo. «100-20ri edo halakorik ez dut espero, doblean baizik, edo agian gutxiago. Gazte horrek jokatzen du», azaldu zuen atzo artekari batek, Iruñeko Labriteko harmailetan. Merinok, gaztea izanagatik, buruz buru asko jokatzen duelako, eta etziko bere aurkariak badaki hori. «Zeresana emango du buruz buru. Gaztea izanagatik, asko jokatzen du. Kantxan asko ibiltzen da, ondo sakatzen du, ezker airea badu, eskuinez luze jartzen du, sotamanoz ere bai...».

Albisuren aurkako txapelketako lehen partidan ez zuen eroso jokatu. Ezker eskua mindua du,eta entrenamendu bakarra egin ahal izan du, eta hori da bere zalantza orain. Etxanizek, baina, hobeto ikusten du. «Beldurrez jokatu zuen, minarengatik. Entrenatu ordez, eskua zaintzen egon da. Albisuk ere asko jokatzen du. Baina orain hobeto ikusten dut, eta lanak emango dizkio Olaizolari. David aurkari zaila da Aimarrentzat». Dena den, teknikariak argi du kontrarioa dela faboritoa, eta bere inguruko ikusmina handia izanagatik, gaztea lasai utzi behar dela uste du, haren lehen txapelketa delako. «Lasai hartu behar du manomanista, ez du bere burua estu hartu behar. Enpresa lasai dago; hemendik urte batzuetara asko egin ahal izango du. Beno, hobe aurten bada, baina ez dago presarik».

Ikasle ona

Buruz buruko jokoa ezagutzen du, asko aritutakoa da, baina zer behar du Lehen Mailako manomanistan finkatzeko? Hasteko, ahal fisikoa. «Egiteke dagoela igartzen zaio, eta partida gogorren azken txanpetan sufritzen duela. Nahiz eta bi esku on izan, gorputza zaildu beharra dauka, hori garrantzitsua da buruz buru. Arlo teknikoan falta zaiona ikasiko du». Eta ikasketa bide horretan, nolakoa da entrenatzen? Entzun eta kasu egiten dutenetakoa. «Horretarako oso fina da, gainera, nabaritzen zaio buruzburu jokatzea gustatzen zaiola. Esandakoa egiten saiatzen da, eta entzuten du».

Atzelaria da Merino. Buruz buruko joko klasikoa egiten du: luzeeta botera. Jokamoldeak izan duen bilakaerarekin ia modu arkaikoa dirudi, baina, Etxanizen iritziz, oraindik klasikoek badute tokia, Merino joko bizira egokitzen saiatzen bada ere. «Saiatzen da sotamanoekin-eta erritmoa aldatzen. Irujok eta Bengoetxeak egiten dutena ezin dute guztiek egin, baina Daviden dohainak ez dira txarrak. Orain aire jokoa nabarmentzen da, baina bi esku on izateak garrantzi handia du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.