Erika Vazquez

Zerrenda luzatzen

Asteburu honetan sartu du 200. gola ligan, baita 201.a ere. Partidako 0,79 golen batez besteko bikaina du bere ibilbidean. Athleticen golegile onenari ekainean bukatuko zaio kontratua. Jarraitzeko gogoz dago.

JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2015eko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Memoria oso txarrekoa naiz. Ez nekien ezer. Twitter sare sozialean zoriondu ninduten, baina, bestela, ezta oroitu ere», adierazi du Erika Vazquezek. Athleticen historiako golegile onenak herenegun, Oiartzunen aurka, 200. gola sartu zuen ligan, eta, tira, 201.ena ere bai. «Ez dakit zenbat gol sartu ditudan guztira, badakit 200dik gora direla. Lehen, taldeko webgunean sartzen nintzen, eta zenbat neramatzan ikusi, baina aspaldi egin nuen hori azkenekoz», gehitu du. Estatistika aipatu du, eta Vazquezen zenbakiak harrigarriak dira, ligan bereziki: 253 partida jokatu ditu, eta 201 gol sartu: 0,79 gol partidako. Alderatzen jarrita, Aritz Adurizek 0,43 gol ditu partidako, eta Lionel Messik, ligan, 0,90.

Hain du memoria txarra Vazquezek, Lehen Mailan sarturiko aurreneko golarekin ez da oroitzen. «Lagunak-ekin izan zen, ziur. Ez dakit noren kontra». Athleticekin sarturikoen artean, San Mamesen sarturiko aurrenekoa du gogoan. «Sabadellen aurka izan zen, eta partida hartako baloia etxean dut. Baloia ikusten dudalako oroitzen naiz halakoekin». Bere ibilbidean baloi bilduma egin du, eta asko oparitu ditu —hamabi hat trick lortu ditu—, baina bat dauka bereziki gordeta: «San Mamesen behin hiru gol sartu nituen, eta hori dut etxean. Gol politena zein izan zen eskatzen badidazu, horiek esango dizkizut». Eta golik garrantzitsuena? «Hori etortzeko dago. Lau sasoi daramatzagu dena galtzen, eta zerbait irabazteko balio diguna izango da nire golik garrantzitsuena».

Irabazteaz mintzo da, liga hasiera ona baita. Athletic lehen postuan dago, eta hiru punturen abantaila du Atletico Madrilekin. Bilboko taldeak hamar partida irabazi ditu, eta bat berdindu, baina Vazquezek ez du euforiarik nahi. «Askotan izan ditut antzeko egoera onak, eta azkenean kale egin dugu. Sei punturen aldearekin ibilia naiz ligan, eta azken partidan berdinketa batekin aski izanagatik titulua galdutakoa. Eskarmentua dugu, eta oroitzapenek pisua dute, baina hortik ikasgaia atera behar da. Zuhur izaten lagundu behar digu, eta asko falta zaigula ez ahazten».

Ligak hilabeteko etenaldia du orain, eta balantzea egiteko garai aproposa da. «Talde sendoa izaten ari gara, sei gol sartu dizkigute soilik. Entrenatzaile berriak sistema aldatu du, baina nik uste dut gugan egon dela aldaketa. Estuago hartzen ditugu aurkariak. Aurrelariek, esaterako, aurkariak gure marra pasatzen duenean, bizi egiten dugu atzera baloia berreskuratzeko». Ahalegin horrek ordain fisikoa izaten du, eta, beteranoaren ustez, etenak on egingo die.

Izan ere, Vazquez izotz poltsen premia duten horietako da, «batzuk osorik hozkailuan sartzeko moduan daude!», dio umoreko. 32 urte ditu, eta hamalau denboraldi daramatza Lehen Mailan, baina soka gelditzen zaio. «Ekainean bukatzen zait kontratua, baina orain ondo nago, eta neure buruarekin pozik. Egia da urtero zailagoa dela gorputzari buelta ematea, baina oraingoz ez dut futbola uzteko asmorik. Jokatzen gozatzen dudan bitartean jarraitu nahi dut; hori bai, argi dut Athleticeko elastikoarekin utziko dudala futbola». Lagunak utzi zuenetik beti egon da Athleticen, sasoi batean izan ezik. Are gehiago, bere ibilbidea harrigarria izan arren, inoiz ez du izan Espainiako Liga uzteko tentaziorik. «Emakumezkoen futbolean zure ordezkariari atzerrian talde bat bilatzeko eskatzen badiozu, aurkituko dizu. Baina nik ez dut nahi izan, beti egon naiz gustura Athleticen».

Vazquez oraina da, baina etorkizuna ere bai, Lezaman lan egiten baitu. Soinketa irakasle titulua du, eta behe mailetako teknifikazio lanean jarduten du. «Jokalari onak datoz, baliabideak ere hobeak dira, hori bai, kaleko futbol pixka bat falta zaie, une oro baloian pentsatzen egote hori». Dena den, jauzia handia dela gogoratu du. «Zaila da bigarren taldetik lehenera pasatzea. Gure bigarren taldean Superligako talde askotan tokia izango luketen jokalariak daude, baina hemen zaila da goian finkatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.