Zerutik jaitsi ezinik

Iraitz Arrospidek sekulako jauzia egin du bi urte eskasean: ia zazpi minutu ondu du bere marka onena maratoian (2.18.09), eta hirugarren izan da Behobia-Donostian. Erbi lanak egingo ditu igandean Donostiako maratoian.

Julen Etxeberria.
2017ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Hamar egun pasatu dira jada Behobia-Donostian hirugarren izan zenetik, eta emozioari eta pozari eusten dio oraindik ere Iraitz Arrospidek. «Zerutik jaitsi ezinik nabil. Itzela izan zen: amets bat egia bihurtua», aitortu du, Sheffieldetik (Ingalaterra). Han bizi da duela bost urtetik, industria ingeniaritzako azken ikasturtea han egin eta hura amaitutakoan lana topatu zuenetik. Emaztearekin bizi da duela lau urte. Sarri egiten dute Ingalaterra-Euskal Herria joan-etorria, hegazkinez; adibidez, aste honetan, igandean Arrospide berriro ariko baita Donostian. Maratoia jokatuko da bertan, baina berak maratoi erdia egingo du bakarrik. «Erbi lanak egingo ditut, antolatzaileek maratoia irabazteko kanpotik ekarritako atletek denbora onena egin dezaten. Horretarako, oso azkar egin beharko dut korrika, eta maratoi erdian dudan marka onena egin, 1.06.57, hain zuzen ere. Erronka zaila da hori ere».

Lasterketa hori bukatutakoan amaituko du Arrospidek denboraldia; «sasoi ahaztezina», haren hitzetan. Ez da harritzekoa. Sekulako jauzia egin du. Bi maratoitan aritu da, Londreskoan apirilean eta Berlingoan bost hilabete geroago, irailean. Eta han, munduaren luze-zabalean jokatzen diren bi maratoi ospetsuenetakoetan, bikain aritu da billabonatarra. Londreskoan, 35. sailkatu zen, eta 2.20.56ko marka lortu zuen. Berlingoan, berriz, 29. sailkatu zen, eta 2.18.09ko denbora egin zuen. Aurretik, beste bitan besterik ez zen lehiatu maratoian: iaz, Londresen (2.24.51) eta Chesterren (2.29.07). Urtebete eta erdi eskasean sei minutu eta 42 segundo hobetu du bere markarik onena. «Neroni ere kosta egiten zait barneratzea zenbat hobetu dudan azken urtean. Izugarria da. Oso argi dut hemendik aurrera are zailagoa izango dela hobetzea, baina prest dut burua horretarako. Uste dut profesionala izan gabe toki polit batean nagoela. Orain arte bezala jarraitzeko asmoa dut».

Zer pasatu da, zer aldatu Arrospidek halako jauzia egin dezan? «Serio hartu dudala atletismoa», erantzun du berehala. Azalpen zehatzagoa egiteko, bi alditan banatu du atletismoaren eta berearen artekoa. «2008an hasi nintzen korrika. Aurretik igeriketan aritutakoa nintzen, baina inoiz ez atletismoan. Hutsetik hasi nintzen, beraz. Oso oinarrizko prestaketa egiten nuen: astean hirutan entrenatzen nintzen, ordu erdi inguru-edo, eta kito. Behobia-Donostian parte hartzea nuen helburu, besterik ez. Eta lautan parte hartu nuen, 2008tik 2011ra bitartean. Gutxirekin asko lortu nuen: 1.34.51tik 1.11.29ra jaitsi nintzen, hots, 23 minutu pasatxo hobetu nuen».

Mugarria, 2015eko azaroa

2012a mugarri izan zen haren bizitzan, urte hartan joan baitzen Ingalaterrara. «Lan berria, eguzki izpi gutxi, euria, hotza... traba gehiegi ziren korrika egiten segitzeko, eta utzi egin nuen». Baina ezin kirola egiteari utzi. «Oso kirolzalea naiz; betidanik eman diot garrantzi handia kirola egiteari». Gimnasioan topatu zuen aterpea. «Pisuak altxatzen hasi nintzen, aerobik egiten... Hiru urte eman nituen gimnasioan izerditzen».

2015eko udan heldu zion berriro korrika egiteari. «Hemen ohitura handia dago larunbatetan parkeetan lasterketak egiteko. Horietan hasi nintzen parte hartzen, eta ikusi nuen gero eta marka hobea egiten nuela. Horrela, uda amaieran, hamar kilometroko proba bat korritu nuen. 33.30 inguruan amaitu nuen; oso marka ona, kontuan hartuta zenbat entrenatzen nintzen. Astebete geroago, berriz, azterketa serioagoa jarri nion neure buruari, eta maratoi erdi bat korritu nuen. 1.11 inguruko denbora egin nuen. Orduan esan nion neure buruari: «Horren prestaketa apala eginda horren ondo aritzen banaiz, zergatik ez dut probatuko serioago entrenatuta zer egiteko gai naizen?».

Pentsatu eta egin. Izena eman zuen Sheffieldeko taldean. «Entrenatzaileari esan nion Londresko maratoia korritzeko prestatu nahi nuela». «Mugarri» hitza aipatu du bilera horren ostekoa definitzeko. «2015eko azaro horretan hasi nintzen serio entrenatzen». Zenbat da serio? «Bada, 125 kilometro inguru astean, eta batzuetan gehiago, 170 edo». Oso argi du. «Orduan hasi nintzen ereiten orain jaso dudan uzta».

Lan, ikasi —doktoretza tesia egiten ari da aeronautikako mekanizatu zientzietan— eta entrenatu egiten da. Ondo antolatua du dena. «Oso goiz jaikitzen naiz, bai lan egiteko, bai ikasteko. Astean bizpahiru egunetan egiten dut lan. Ikasi eta entrenatu, berriz, ia egunero. Arratsaldeko azken partean entrenatzen naiz, 18:30etik aurrera, ordu eta erdi pasatxo. Zorte handia dut: emazteak asko laguntzen dit».

Serio lan eginda, emaitza bikainak lortu ditu. Berehala dator galdera: izan al duzu tentaziorik are eta serioago hartzeko? «Dena oso azkar joan da azken asteetan, eta oraindik ez dut hausnartu egindakoaz. Hala ere, atletismoa ez da futbola edo saskibaloia bezala; oso-oso zaila da horretaz bizitzea. Atletismoaz bizi direnek ere euren kirol ibilbidea bukatutakoan hasi behar dute lan bila. Nik ikasketa serio batzuk egin ditut, eta orain doktoretza egiten ari naiz. Ez dut hori bazter batean uztekoasmorik. Hori oso argi dut. Gutxienez, beste bizpahiru urte egingo ditugu hemen. Oso gustura gaude emaztea eta biok, bai lanean, bai lanetik kanpo ere».

Hasi da Arrospide datorren denboraldia antolatzen. Aurtengo antzeko egutegia egitea da asmoa, hots, udaberrian eta udazkenean maratoi bana korritzea, eta gero Behobia-Donostian parte hartzea. Ez du ezer itxia, ordea. «Haurra izango dugu martxoan, eta ikusteko dago nola moldatuko garen. Agian ez da garairik onena buru-belarri entrenatzeko. Horren inguruan hitz egin beharko dugu aurki».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.