Zesta-punta da erremintaren hirugarren hanka, eta, AEBetan bi pilotaleku irekita dauden arren, Euskal Herrian hura da herren handiena egiten duen modalitatea. Modu profesionalean udako hilabeteetan bakarrik jokatzen dute, eta egoera ezberdina da Hego eta Ipar Euskal Herrian. Dena den, azken urteetan agente guztien arteko adostasun falta izan da modalitatearen ezaugarri nabarmenena: Euskadiko Federazioa, Munduko Pilota Batzarra, enpresak, pilotariak... Aurten, baina, baliteke ados jartzea, bilerak hasiak dira eta aste honetan egoera asko argitu daitezke. Are gehiago, antolaketa bere gain hartzeko prest dagoen agente berriren bat eta guzti.
Izan ere, iazko uda esperpento hutsa izan zen zesta-puntarentzat. Hiru zirkuitu antolatu ziren. Ipar Euskal Herriko pilotalekuetako arduradunek Master Pro Tour-a antolatu zuten. Donibane Lohizune eta Miarritzeko funtzio klasikoei, Donibane Garazi eta Gernika gehituz. Munduko Pilota Batzarrak, berriz, Jai-Alai World Tour-a babestu zuen, Jai-Alive enpresak antolaturikoa. Donostiakoa da urteak pasatu ahala Hego Euskal Herrian bizirik iraun duen enpresa bakarra. Azkenik, Euskadiko Pilota Federazioak, zesta-punta klubekin batera, hiru torneoko zirkuitua antolatu zuen: Mutriku, Markina eta Donostian jokatu zena.
Banaketa hori txapelketa ofizialetan irudikatu zen garbien, Iñaki Osa Goikoetxeak, Erik Irastorzak eta Imanol Lopezek, besteak beste, ez zutelako parte hartu. Modalitateak irudi oso tristea zabaldu zuen, eta aurten banaketa hori konpontzea zen Munduko Pilota Batzarra eta Euskadiko Federazioaren helburua, eta badirudi hala izango dela. Proposamena ona bada, ez da pilotaririk faltako. AEBetan Daniako pilotalekua itxita dago, eta Miamitik pilotari gehiago espero dira. Goikoetxea Euskal Herrian dago, eta Irastorza aurki etorriko da. Ipar Euskal Herrian, bitartean, azken urteetako martxa arrakastatsuari eutsiko diote.
Zesta-punta: Ipar Euskal Herria eta udako txapelketak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu