Ziberartekarien gorakada

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan nabarmen igo da azken urtean makina eta apustu etxeen bitartez eginiko pilota apustu kopurua.

Imanol Magro Eizmendi.
2011ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Ziberartekariak dira, makina bidezko apustu etxeak. Pilota munduko apustuak eskaintzen dituzte, eta Reta zein Kiroljokoa etxeek azken urtean pilota partidetan jokaturiko diru kopurua nola handitu den ikusi dute. Reta etxean 2.800.000 euro jokatu dira guztira azarora arte —215.000 apustutan—; iaz, urte osoan 2.100.000 euro jokatu ziren. Urte bukaera bitarte progresio bera izanez gero, %50eko igoera izango du. Kiroljokoa etxean ere igoera nabarmena izan dute: %25.

Bi apustu etxeek apustulari profil antzekoa dute: 25 eta 45 urte bitartekoa, gizonezkoa eta pilota mundua ondo ezagutzen duena. Kiroljokoa etxeak ezagutza hori azaldu du: «Jasotako diruaren %90 diru sarietan banatzen da», eta pilota apustuetako asmatze batez bestekoa beste kirol batzuetan baino handiagoa dela diote. Era berean, apustuen zenbatekoa handiagoa da oro har; normalean bost euro badira, pilotan hamarreraino igotzen da. Retari dagokionez, pilota apustuekin bakarrik osaturiko txartel bategatik ordainduriko sari handiena 4.500 eurokoa da; hori bai, apustuaren zenbatekoa zehaztu gabe.

Retan apustuen %5 dira pilotakoak; Kiroljokoan, berriz, %10-15 artean, apustu gehien egiten den kiroletan hirugarrena izanik. Txapelketetan jokatzen da gehien, udako torneoen aurretik. Retak azaldu duenez, Irujo eta Olaizola II.a dira aldeko apustu gehien dituzten pilotariak.

Pilotalekuko ohitura da behin partida hasita apustu egitea, eta badirudi makinetan ere horrela egiten dela. Retan partida aurretik baino apustu «askoz gehiago» egiten direla diote; Kiroljokoan, berriz, kuantifikatu egiten dute: «Apustuen %40-50 zuzeneko emankizunetan gauzatzen da».

Artekariek esana da apustuzale asko apustu etxeetako momioak ikusita joaten direla frontoira eta maiz asmatzen dutela. Bietan aditu talde batek osatzen du eskaintza, pilotari bakoitzaren egoera eta zenbakiak aztertuz. Behin kalean, momioak merkatuaren arabera mugitzen dira. Azkenik, bi apustu etxeek ez dute epe motzean pilotalekuetan apustu makinarik jartzeko asmorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.