Gizonezkoetan, Zierbena moldatu da hobekien Lekeitioko estropada eremuan. Juan Zunzunegiren taldeak betidanik erakutsi izan du irabazlearen sena, eta gaur jaso du saria. Lehendabizikoz irabazi du Euskadiko Txapelketa. Lehen bandera izan du Donostiarrak ere emakumezkoetan. Oriorekin lehia oso estua izan du, eta Torrekua ontzia olatuetan bikain aritu da estropadako azken zatian.
Itsas beteko estropada izan da gaur Lekeition jokatu den Euskadiko Txapelketa. Baldintza zailak izan dituzte taldeek arraun egiteko: itsaso narrasa eta mendebaleko haizea. Zierbena lehen kaletik joan da, eta irteera txukuna egin du. Bigarrenetik Hondarribia zihoan; hirugarrenetik, Donostiarra; eta laugarrenetik, Santurtzi. Lehen hiru kaleetako ontziek hartu dute estropada burua. Soterak gogotik sufritu du laugarrenetik, Urdaibaik ez bezala, Bermeotarrek lehen txandan erakustaldia eman baitute. Haizeak ababorretik jotzen zuen, eta lau ontziko patroiek galtzak bete lan izan dute ontzia gogortuta eramateko.
Zierbena, Hondarribia eta Donostiarra segundo gutxitan iritsi dira lehen ziabogara. Ama Guadalupekoa ontziko aurrekalariak, baina, berandu sartu du arraun txikia, eta ziabogan joan egin dira. Garesti ordaindu dute hutsegite hori. Maniobraren ostean, Zierbenak eta Donostiarrak borroka bizia izan dute estropada bururako. Torrekua II.ak, baina, hirugarren kaleari etekina atera, eta olatua hartu du, Arkaitz Diazen gidaritzapean. Metro asko egin ditu gainean, eta minutu gutxian zortzi segundoren tartea sartu die Hondarribiari eta Zierbenari.
Barruko ziabogara gerturatu ahala, lehendabiziko kaletik olatuak indartsuago sartzen ziren. Lehen txandako gidoia errepikatu da. Orio Urdaibairen gainera etorri den bezala, Zierbena eta Hondarribia ere Donostiarraren ontzira gerturatu dira. Bizkaitarrek ontzi baten aldea atera diete gipuzkoarrei bigarren ziabogara iritsi direnerako. Une horretan hasi da Zierbenaren goraldia, eta ez Hondarribiak ez Donostiarrak ez diote lehen postua kendu.
Kanporako lan horretan, Juan Zunzunegiren taldea izan da indartsuena. Azken maniobran Ama Guadalupekoa ontziarekiko eta Torrekua II.arekiko sei segundoko aldea zuten bizkaitarrek. Poparean hegan egin dute, baita gozatu ederra hartu ere. Borja Gomez patroiak, lehen kaleari eutsiz, sekulako erakustaldia eman du, eta lehenak izan dira helmuga zeharkatzen. Hondarribia izan da bigarrena, hamahiru segundora, eta hirugarren postua Donostiarrarentzat izan da, garailearengandik hemezortzira. Horrenbestez, lehendabiziko Euskadiko Txapelketa izan da Zierbenarentzat, baita denboraldiko aurreneko bandera ere.
Haize ufada handiagoak izan dituzte lehen txandako ontziek, eta ohorezko txandakoekiko aldeak nabarmenak izan dira. Hirugarren minuturako, Urdaibai, lehen txandako garailea, irabazlearengandik lau segundora zihoan. Bou Bizkaiak laugarrenetik egin du arraun, eta Orio izan du aurkari zuzena. Jon Salsamendiren arraunlariak lehendabiziko kaletik joan dira; Zarautz, bigarrenetik; eta Ondarroa, hirugarrenetik. Urdaibai oso ongi moldatu da poparean, eta itzulerako bi luze horietan egin dio min San Nikolas ontziari. Amaieran, Jon Elortegiren kuadrillak laugarren amaitu du sailkapen orokorrean, Zierbenarengandik 25era; Oriok egin du seigarren, 38ra. Bestalde, Zarautzen eta Ondarroaren arteko azken posturako lehian, Enbata izan da lehena, eta Ondarroa azkena, lau segundora.
Donostiarra, nagusi
Zoriak Donostiarra eta Orio elkarren ondoan egotea ekarri du: Torrekua lehen kaletik, eta Txiki bigarrenetik. Haiekin batera, Isuntza eta Lutxana joan dira. Irteerako lehen palakada azkarrenak Donostiarrak eman ditu, eta tosta pare bat aurretik jarri da. Orio ere bizi hasi da aurreko txanpa horretan. Bitartean, Ondarroa eta Lutxana bi segundo atzetik ziren.
Orio Donostiarrarekiko bi segundoren aldearekin iritsi da ziabogara. Maniobraren ostean, Txiki ontziak lehen olatua hartu du, eta ontzi bateko tartea utzi du, baina, zegoen itsasoarekin, nahikoa zen olatu bakarrarekin galdutakoa berreskuratzea. Donostiarrek ez dute burua galdu, eta parean jartzea lortu dute, baita aurrea hartu ere. Estropada amaitzeko 400 metro falta zirela, Torrekua ontziak pare bat olatu hartu, eta ez ditu askatu. Hegan egin du, eta bost segundoko tartea zabaltzea lortu du Oriorekiko. Garaipenak ez die ihes egin. Oriotarrak handik hiru segundora iritsi dira. Brontzezko domina Arraun Lagunak-ena izan da.