ALAVES 1 VALENTZIA 2

Zigor handiegia jaso du

Sasoiko partidarik txukunena osatu arren, Alavesek berriz ere galdu du etxean. Garesti ordaindu ditu defentsan eginiko okerrak

Christian Santos eta Soler lehian, atzoko partidan, atzean Alexis begira ageri dela. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
enaut agirrebengoa
2017ko urriaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Golak. 0-1: Zazak (34. min). 1-1: Alexisek (48. min). 1-2: Rodrigok (66. min). Epailea. Gonzalez Gonzalez. Txartel horiak: Alaveseko Vigarayri, Santosi, Elyri, Dieguezi eta Manu Garciari; eta Valentziako Paulistari. Bestelakoak. 18.638 ikusle Mendizorrotzan.

Hamar jardunaldi igaro dira jada, eta Alavesek ez du oraindik punturik bildu etxean. Atzo beste porrot bat izan zuen, Valentziaren aurka. Jakina zen arabarrek lanak izango zituztela punturen bat urratzeko, sasoi betean baitago Marcelino Garcia Toralen taldea. Erreskadan bost partida irabazita iritsi zen Mendizorrotzako lehiara. Konfiantzaz gainezka, eta olatuaren aparrean segitzeko asmoz. Lortu zuen bolada onari jarraipena ematea, baina espero baino zailtasun gehiagorekin. Norgehiagoka oso duina osatu baitzuen Alavesek. Bizi-bizi jokatu zuen, eta kanpokoak estu hartu zituen hainbatetan. Ordea, oker handiak egin zituen bere arean, eta aurkariarenean ez zen eraginkor aritu. Hala, gehiago merezi arren, esku hutsik gelditu zen.

Lehia amaitu ostean, jokalariek ezin izan zuten nahigabea estali. Normala da, oso mingarria baita atzokoa bezalako partidak galtzea. De Biasirenek beltz egin zuten lan. Zuten guztia utzi zuten zelaian. Aurpegia eman zuten ligako talderik onenetako baten kontra. Baina esfortzuak ez zuen islarik izan emaitzan. Eta sailkapenean geroz eta egoera zailagoan dago. Oraindik hiru puntu baino ez dituzte, eta, gogor saiatu arren, ez dira gai beti gotorleku izan duten Mendizorrotzan puntuak biltzeko. Atzo kolpe galanta hartu zuten, eta halakoetatik altxatzea ez da erraza izaten. De Biasik psikologo lana egin beharko du astean zehar.

Alta, hotzean hausnartuta, baikor izateko motiborik topatuko dute arabarrek. Sasoiko lehiarik onena jokatu zuten, eta, ildo berari eutsiz gero, jasoko dituzte fruituak uneren batean. Valentziaren aurka, partida hasieratik bertatik joan ziren garaipenaren bila. Itxura oso kontserbatzailea zuten emana azken lehietan; atzo, berriz, askoz ere oldarkorrago jardun ziren, ostera ere hamaikako nahiko defentsiboarekin aritu arren. Lehen zatian arrisku handia sortu zuten ezker hegaletik. Pedraza behin eta berriz sartu zen sukalderaino. Hegalekoak dohain fisiko handiak ditu, eta erakustaldia eman zuen. Azken pasean asmatzea falta izan zitzaion.

Asmatu zuena Zaza izan zen. Areako harrapakari petoa da, eta hori ederki asko erakutsi zuen 33. minutuan. Alaveseko atzelariek ez zuten baloia ateratzen asmatu, eta italiarraren hanketara iritsi zen. Hark zartako batekin amaitu zuen jokaldia, bitan pentsatu gabe. Ordura arte erasoan deus egin gabea zen Valentzia, baina aski izan zuen etxekoen oker bat markagailuan aurrea hartzeko.

Saririk gabeko distira

Alavesek atsedenetik itzuli eta berehala erantzun zien kanpokoei: korner batean, banakoa egin zuen Alexisek, buruz. Golak hauspotu egin zituen gasteiztarrak, eta, hainbatetan, mendean izan zuten Valentzia. Distiratsu jokatu zuten, baloia bizkor-bizkor mugituaz. Zelai erdian, Wakaso, Pina eta Manu gailendu ziren. Eta Munir amesgaizto bihurtu zen Valentziako atzelarientzat. Aitzitik, lehen zatian bezala, ez zion etekinik atera hainbat minutuz izandako nagusitasunari, eta garesti ordaindu zuen. 64. minutuan penalti inozoa egin zuen Elyk, eta Rodrigok ez zuen barkatu. Hortik amaierara bitarte, nahi eta ezinean aritu ziren arabarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.