Zimurrak baino gehiago

San Antoniok eta Miamik NBAko finala jokatuko dute bihartik aurrera. Iragan sasoian ere jokatu zuten, eta Miami izan zen txapeldun; orain, ordea, Texaskoak ariko dira etxean.

Imanol Magro Eizmendi.
2014ko ekainaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
AT&T Center da San Antonio Spursen pabiloia. Etxekoen aldagelako paretan plaka bat dago eskegita. Han Jacob Riis (1849-1914) AEBetara migraturiko kazetari daniarraren esaldi bat irakurtzen dute jokalariek egunero. Riisek lan handia egin zuen XX. mende hasieran New Yorkera iristen ziren etorkinen bizi eta lan baldintzak hobetzeko, eta diskurtso batean hau bota zuen: «Ezerk laguntzen ez nauela iruditzen zaidanean, harginarenera noa, haitza mailuarekin nola jotzen duen ikustera; ehun aldiz agian, zirrikiturik ere egin gabe. Dena den, ehun eta batgarren mailu kolpean, harria bitan zatituko da, eta badakit ez dela azken kolpearengatik izan, aurretik jotako guztiengatik baizik».

Harginaren kredoa da, eta esan daitekeen ezer gutxik adina laburbiltzen du San Antonio Spursen arima. 1997-98ko denboraldiaz geroztik, Tim Duncan hegal-pibota taldera iritsi zen urtetik, San Antonio NBAko elitean egon da, eta bihar ekingo dio seigarrenez finalari, Miami Heaten aurka. Urte horietan entrenatzaile bera izan du: Gregg Popovich (65 urte), sobietar ikasketetan lizentziaturiko soldadu ohia. Lau aldiz izan da txapeldun (1999, 2003, 2005 eta 2007), eta iaz 4-3 galdu zuen finalean, Miamiren aurka.

Urtebete geroago, San Antoniok LeBron James eta Dwayne Wadekin zorrak kitatzeko aukera du. Spursak orduan baino urtebete zaharrago eta jakintsuagoak dira. Bizkarrezurra betikoa da: Tim Duncan (38 urte eta 17 sasoi NBAn), Tony Parker antolatzailea (32 urte eta 13 sasoi) eta Manu Ginobili (36 urte eta 12 sasoi) hegalekoa. Elkarrekin jokatuz kanporaketa partida gehien irabazi duen jokalari hirukotea da.

Zortzi herritartasun

San Antoniok, baina, bere burua berritzen jakin izan du. 2007tik aurrera, sei urte egin zituen finaletara iritsi gabe. Izar hirukoteak laguntza behar zuela ikusi zuen, eta taldea hornitzen hasi ziren. Kawhi Leonard hegaleko ahaltsua hirukoteko kideak bezain garrantzitsua da. Iaz hark eman zion taldeari behar zuen freskotasuna, eta sasoi honetan beste kideek pauso bat eman dute aurrera. Zimurrak baino gehiago dira.

San Antonio, era berean, talde ezberdina da, NBAn. Banakakotasunen erreinuan talde lanaren aldeko apustu garbiena egiten duen multzoa da. Popovich bera ere jada ez da duela hemezortzi urteko entrenatzaile uzkur hura. Joko aberatsa du, hein handi batean taldeko mestizajearengatik. Talde europarra deitzen dute NBAn —Popovich jatorri serbiar-kroaziarrekoa da—; globala deitzea zehatzagoa litzateke, gehien jokatzen duten taldeko hamar jokalarien artean zortzi herritartasun baitaude: Duncan Virginia uharteetakoa da; Parker eta Boris Diaw, frantziarrak; Leonard eta Dani Green, AEBetakoak; Ginobili, argentinarra; Marco Bellinelli, italiarra; Tiago Splitter, brasildarra; Pati Mills, australiarra, eta Corey Joseph, kanadarra.

Sasoi honetan Spurs ligako talderik onena izan da, eta Miamiren aurka etxean jokatzea alde izango du. Finala zazpi partidakoa bada, lau eta azkena desertuan jokatuko dira. Denboraldia borobiltzeko aukera du, bederatzi hilabetez haitza mailuarekin jotzen jardun ondoren azkenean bitan zatitu nahi dutelako. Dena den, ez da erraza izango, Miami azken bi sasoietako txapelduna baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.