Ziren, dira eta izango dira

20 urte bete dira Athleticeko emakumezkoen taldeak lehen partida ofiziala jokatu zuenetik. Urte hauetan bost liga irabazi ditu, eta futbolaren ikusgaitasunaren eta profesionalizazioaren bultzatzaileetako bat izan da. Neskato askok bete ahal izan dute beren ametsa aitzindari haiei esker.

Nerea Onaindia, Arrate Orueta eta Nerea Uriagereka, Lezamako sarreran. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
Lezama
2022ko urriaren 11
00:00
Entzun

Arrate Orueta neskato ameslaria zen. San Mamesera joaten zenean, aitari esaten zion: «Egunen batean Athleticen jokatu nahi dut». Artean klub zuri-gorriak ez zuen emakumezkoen talderik, eta emakumezkoen futbolak ere ez zuen egun duen ikusgaitasunik. Baina Oruetak ez zion ametsari muzin egin nahi, eta eskutitz bat idatzi zion klubari, galdetuz ea zergatik ez zuten sortzen emakumezkoen talde bat. Urte batzuk igaro ziren Oruetaren nahia bete zedin. Baina bete zen. 2002ko urriaren 6an jokatu zuen talde zuri-gorriak lehen partida ofiziala, hilabete batzuk lehenago Leioa hartu ostean. Lehen Mailan egin zuen, gainera. Urte hauetan bost liga irabazi ditu. Baina, hortik harago, emakumeen futbolak izan duen bilakaeraren bultzatzaileetako bat izan da klub zuri-gorria.

Javier Uria zenak hauteskunde kanpainan proposatu zuen emakumezkoen talde bat sortzea. Kirol zuzendaritzan zegoen orduan Ernesto Valverde, gizonezkoen lehen taldeko egungo entrenatzailea. Azterketa bat egin ostean ikusi zuten egokiena Leioarekin hitz egitea zela, bazuelako talde bat. Oruetarekin batera, lehen talde hartako kide izan ziren Nerea Onaindia eta Nerea Uriagereka. Onaindiak beste biek baino zertxobait lehenago jakin zuen Athleticek Leioa hartuko zuela: «Leioako zuzendaritza taldean nengoen, jokalarien ordezkari moduan. Ernesto klubarekin harremanetan jarri zen, eta Athleticek zuen proposamena azaldu zigun». Dena lortu arte ezin zuten ezer esan. «Pare bat hilabete izango ziren horrela. Egia esan, ez zen erraza izan halako berri bat taldekideei ezin esatea. Guztiontzat ametsa zen Athleticen jokatzea». Bilera asko egin zituzten, eta aurrera egin zuen proposamenak. «Baldintza batzuk jarri genituen. Besteak beste, lehen hiru urteetan klubak gurea izaten jarraituko zuen».

Oruetak duen lehen oroitzapena jokalariak San Mames azpiko Athleticen dendan batu zituztenekoa da. «Denetik eman ziguten: txandala, motxila, nezeserra... Ezin nuen sinetsi». Lezamara iritsi ziren lehen hilabeteetan «arraro» begiratzen zieten. «Lehen hilabete haietan asko lagundu zigun Bilbao Athleticeko materialaren arduradun Txispinek. Aitite baten parekoa izan zen guretzat, eta bidaietara ere gurekin etortzeko eskatzen genuen», ekarri du gogora Onaindiak. Urkaregik nabarmendu du hilabeteak pasatu ahala «etxekotzat» hartu zituztela, dena den. Lezaman, klubaren baliabide guztiak zituzten. Horri lotuta, ondorengoa erantsi du Uriagerekak. «Osasun aseguruaren txartela eman ziguten. Artean, guk oinarrizko bat genuen. Baina eman zigutena urrezko txartela izan zen. Zerbitzu guztiak eskaintzen zituen».

Eta Zarautzen lagunarteko partida bat jokatu ostean iritsi zen debuta Superligan—egungo Lehen Mailan—. Iragan ostegunean 20 urte bete ziren neurketa hartatik. Izan zuten sentipenaz galdetuta, Onaindiak hartu du hitza: «Apur bat beldurrez ginen, batez ere ez genekielako zenbat jende etorriko zen gu ikustera». Hain zeuden urduri, irten zirenean askok ez baitzuten harmailetara begiratu ere egin. Baina beterik zeuden Lezamako harmailak. «Izugarria izan zen guretzat. Ordu arte 100 bat zaleren aurrean jokatzera ohituta geunden, eta horietako gehienak senideak edo etxekoak ziren», dio Oruetak. Torrejon zen aurkaria, eta bisitariek sartu zuten lehen gola. «Baina ikusten zen nagusi ginela». Azkenerako 7-1 irabazi zuten. Onaindiak sartu zuen zuri-gorrien lehen gola. Hura gogoratzean irribarre egin dute hirurek: «Errebotez izan zen. Zorte apur bat izan nuen. Eskerrak gero beste bat sartu nuen eta politagoa izan zen».

Athleticen lehen partida ofiziala jokatu zuen talde haren jokalari multzoa.Athletic

Partida ETBn eman zuten, eta hurrengo egunetik hasi ziren antzematen aldaketa. «Umeak kalean sinadurak eskatzen hasi ziren. Nik ez nekien nola egin ere», azaldu du irribarrez Uriagerekak. Onaindia irakasle zen Bilboko institutu batean: «Lehen hilabeteetan ez nien ezer esan, eta partidaren biharamunean ikasle ugari etorri zitzaizkidan galdezka: 'Athleticen jokatzen duzu?'. Gelaren bat nahiko errebeldea zen, eta jakin zutenetik zintzoago portatu ziren. Ikasle horietako asko gero Lezamara etorri ziren partidaren bat ikustera, baita San Mamesen jokatu genuen lehen partidara ere». Egunerokoa ere aldatu zitzaien, Leioan baino egun gehiago entrenatzen zirelako, eta asteburuan egiten zituzten bidaiak ere luzeagoak zirelako. «Eskerrak hegazkinez egiten genituen; denek lana edo ikasi egiten genuen futbolean jokatzeaz gain», esan du Uriagerekak.

Denboraldi ahaztezina izan zen, liga irabaztea lortu baitzuten. Hiru gako aipatu dituzte horretarako. Batetik, taldearen izaera lehiakorra. Uriagerekak berak aletu du hori. «Ziurrenik, teknikoki ez ginen talderik onena, baina gure onena ematen genuen partida guztietan. Elastikoa jartzen genuen aldiro zerbait berezia sentitzen genuen. Amets bat bizitzen ari ginen, eta horrek indar handia eman zigun. Egun gure artean jokatzen ditugun partidetan ere lehiakorrak gara». Multzoan zegoen giroari eta zaleekin sortutako giroari erreparatu dio Oruetak: «Zerbait berezia eta bakarra bizitzen ari ginen, eta horrek lotura berezia sortu zuen gure artean. Zaleak, gainera, gero eta gehiago etortzen hasi ziren gure partidetara». Hasieratik izan zituzten baldintzak ere aipatu ditu Onaindiak: «Beste talde guztiek ez zituzten. Horrek eragina zuen errendimenduan».

Beste ametsetako bat ere bete zuten denboraldi gogoangarri hartan: San Mamesen jokatzea. Bi aldiz egin zuten, gainera, Lehenbizi, Pueblaren aurka (5-1), eta ondoren, Hispalisen aurka (5-0). Ligako azken bi jardunaldiak izan ziren. 23.000 eta 35.000 ikusle bildu ziren hurrenez hurren. Orduan ere zalantza zuten zenbat zale joango ziren. Baina San Mamesera iritsi zirenerako jabetzen hasi ziren asko izango izango zirela. Hirurek ez dute berehalakoan ahaztuko berotze ariketak egitera atera aurreko momentua. «Sekulako burrunba entzuten zen. Oso giro berezia zen; ume eta familia asko zeuden harmailetan», ekarri du gogora Uriagerekak. Hasieran beheko harmailak bakarrik ziren irekitzekoak. «Baina kanpoan zale mordoa zegoen, eta azkenerako gehiago ireki behar izan zituzten».

Orain dela egun batzuk Athleticeko lehen talde hari egindako omenaldia.Monika del Valle / Foku

Behin titulua irabazita, ospakizunak iritsi ziren. Harrera egin zieten udaletxean eta foru aldundian. Eta jaso al zuten saririk titulua irabazteagatik? «Lehen denboraldian lepoko bat oparitu ziguten, eta hurrengo bi ligak irabazi genituenean, bidaia bat egiteko bonu bat eta erloju bat», azaldu du Onaindiak. Bestelakoan Lezaramako joan-etorriak ordaintzeko diru apur bat ematen zieten.

Liga irabazteak Txapeldunen Liga jokatzeko aukera eman zien. Oroitzapen «polita» dute hirurek. «Oso berezia izan zen, lehen urtean Bizkaiko hainbat herritan jokatzeko aukera izan genuelako: Bermeon, Sestaon eta Bakion jokatu genuen», ekarri du gogora Oruetak. Multzoen fasean aurrera egingo zuten jakiteko partida Frankfurten aurka izan zen, San Mamesen. Galdu egin zuten. «Oso onak ziren. Gainera, guk aurretik ez genuen ia aurkarien inguruko informaziorik». Hirurek gogoan dute txapelketan egindako lan ona ospatzeko ondoren egin zuten parranda. «Elgoibarrera joan ginen».

Egungo futbola

Emakumezkoen futbolaren ikusgaitasuna eta profesionalizazioa areagotu egin da azken urteetan. Baina ez lukete aldatuko bizi izan zutena. Onaindiak azaldu du arrazoia: «Oso berezia izan zen, eta une horretan ezinezkoa zen bestela izatea. Gainera, guk bizi izan genuena bizi gabe, ziurrenik ez zen egungo egoera egongo». Baina onartu dute aukera izan balute gustura biziko zirela futboletik. «Goizetan entrenatu, hemen bazkaldu eta etxera joatea, soldata izatea...», dio Oruetak.

Parekotasuna eta lehia gero eta handiagoa den arren, ondo ikusten du taldea. Iraia Iturregirengan jarri dute arreta. «12-13 bat urte izango zituen gurekin hasi zenean; ni andereñoa nintzen Sondikan, eta gurekin entrenatzera etortzeko esan genien hari eta Arrateri. Hasieratik ikusi zitzaion zerbait berezia», dio Onainidiak. «Argi zegoen entrenatzaile ez bazen presidente-edo izango zela. Lotura polita da hasi ginenen eta egungoen artean. Lan bikaina egiten ari da», erantsi du Uriagrekak.

Egun kluba egiten ari den harrobiko lan «ona» dela nabarmendu dute. Horren adierazle da Espainiako Ligako hiru kategoria nagusietako bakoitzean talde bat duen klub bakarra dela Athletic. Onaindia: «Jokalariak askoz gazteago hasten dira jokatzen, eta hori antzeman egiten da fisikoan, teknikan. Ni, adibidez, 14 urterekin hasi nintzen, etxekoekin eta lagunekin. Bestalde, egungo zelaiak askoz hobeak dira teknifikazioa egiteko. Pentsa, guk lokatzezko zelaietan jokatzen genuen hasieran. Gazteenek balioa eman behar diete egun dituzten baldintzei, lan asko egin baita horiek lortzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.