Ziur daude baietz

San Miguel ligan jarraitzeko azken aukera dauka Portugaletek bihar eta etzi, kanporaketan. Taldean erabat seguru daude ez direla jaitsiko, eta konfiantza handiarekin hitz egin du Arkaitz Olazar arraunlariak.

Portugaleteko arraunlariak, abuztuaren 30ean, Zierbenan, San Miguel ligako estropadan. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2015eko irailaren 18a
00:00
Entzun
Duela hilabete eta erdi inor gutxik egingo zuen Portugaleteren aldeko apustua biharko eta etziko estropadetarako. Denboraldia du jokoan kanporaketan, eta, agian, klubaren etorkizuna ere bai. San Miguel ligan jarraitu edo ez. Horixe irabazi beharko du uretan. Traineru denboraldiaren lehendabiziko zatian ziurtzat jotzen zen maila galduko zuela, baina orain... «Ez gara jaitsiko. Beste Jarrillera bat ikusiko dugu bihar eta etzi». Hala esan dio Arkaitz Olazarrek (Mungia, Bizkaia, 1980), taldeko arraunlariak, BERRIAri.

Taldeari erabat aldatu zaio itxura azken boladan. Hala esan du Olazarrek. Zergatik izan den ere oso garbi du: «Prestakuntza aldatu behar izan genuen San Miguel liga hasi eta berehala, eta orain hobeto gaude». Hobekuntza hori zertan nabaritu duten gehitu du: «Erresistentzia fisiko handiagoa daukagu orain. Uda hasieran ez ginen gai estropada bat osorik berdin egiteko, azkar nekatzen ginen. Orain, berriz, hasi eta buka berdin egin dezakegu». Neguan jo zituen bereak eta bi taldeak. Traineru jaitsieretan oso emaitza onak atera zituen. Orduan indar asko erre ote zuten galdetuta, ezezkoan da Olazar: «Uda hasieran ez ginen gaizki ibili neguan indarrak gastatu genituelako. Negukoa ondo joan zen. Arazoa prestakuntza zen».

Denboraldiko une onenean aterako da uretara, hortaz, Portugalete: «Oso fin gabiltza, eta geure buruarengan konfiantza handia daukagu». Halako ziurtasuna edukita, aurkariez galdetzeak ere erreparoa ematen du, baina... «Getaria eta Zumaia ezagutzen ditugu. Biak moldatzen dira ondo itsasoan; ibaian baino hobeto. Mugardos Galiziakoaren inguruan ezin dut gauza handirik esan. Ez dakit zein maila emango duten».

Dakiena da biharko estropadak garrantzi handia izango duela. Bermeon da, itsasoan, eta eguraldi iragarpenak ez dira onak: «Berdin zaigu nolako itsasoa dagoen. Orain gauden bezala, edozein baldintzatan eta lekutan ibiliko gara ondo», bota du ziurtasun osoz. Gauza bat da, baina, konfiantza izatea, eta bestea uretan lan hori azaltzea: «Hori jakina da. Badakigu bihar eta etzi egin beharko dugula, bestela hitzak baino ez dira orain arte esandakoak». Bermeoko estropadarekin badu oroitzapen txar bat: «Duela bi urteko kanporaketan Isuntzan nengoen, eta Bermeon galdu genituen aukera guztiak igotzeko, nahiz eta igandean, Portugaleten, ehunen gutxi batzuengatik geratu ginen liga nagusira igo gabe».

Kontxako taldea atera ezin

Kanporaketako lau taldeak behin bakarrik lehiatu dira elkarren aurka udan, Kontxako Banderara sailkatzeko estropadan. Getaria izan zen azkarrena lauren artean, baina gertu bukatu zuen Portugaletek; Zumaia eta Mugardos atzerago geratu ziren. Olazarren ustez, Donostiakoa ez da baleko erreferentzia: «Eremua ezberdina da Bermeokoarekin alderatuta, eta, gainera, guk ezingo dugu atera Donostiako talde bera, ligako araudiengatik».

Kontxako badian azaldu zen taldea baino eskasagoa izango ote da Portugalete? «Ezberdina», erantzun du Olazarrek. Ez du erantzuna luzatu eta sakondu nahi izan. Ezberdina izanda ere, konfiantza ez du galdu, eta, alde horretatik ere, sasoiko unerik onenean helduko da Portugalete kanporaketara. Buruz eta sasoiz, inoizko ondoen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.