Sandra Ramajo. Realeko jokalaria

«Ziur nago egoera irauliko dugula»

Punturik batu gabe segitzen du Realak sasoi honetan. Ramajo kapitainak «izorratuta» daudela onartu du, eta lehen helburua taldea psikologikoki suspertzea izan behar duela.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Donostia
2017ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Kezkatuta baina baikor sumatzen zaio hitz egiten duenean Sandra Ramajo Realeko kapitainari (Irun, Gipuzkoa, 1987). Ligan jokatu dituzten sei partidak galdu dituzte txuri-urdinek, baina argi du gora egiteko moduan direla. «Antsietatea eta urduritasunak alde batera utzi, eta gugan gehiago sinetsi behar dugu. Atzean izan ohi duen sendotasuna eta aurrean erakutsi ohi duen bizitasuna berreskuratu behar ditu taldeak».

Asteburuko porrot gogorraren ostean —4-0 galdu zuten Betisen aurka— ligan punturik batu gabe segitzen duzue. Taldea burumakur egongo da, ezta?

Bizi dugun egoera zaila da. Larunbateko partida amaitu ostean, lur jota ginen denak: jokalariak, entrenatzailea... Baina bide bakarra lanean jarraitzea da. Betisen aurkako partidaren ostean, elkarrekin hitz egin genuen. Autokritika egin, eta ondo egin ez ditugun gauzak konpontzen eta entrenatzen saiatu behar dugu. Asteburu honetan norgehiagokarik ez izateak mesede egingo digu. Izan ere, hurrengo partida prestatzeko denbora gehiago izango dugu, baita asteburuan futbolaz zertxobait ahazteko ere.

Aurreko denboraldi hasiera ere ez zen ona izan. Zergatik hasten dituzue gaizki sasoiak?

Nik uste gakoa lehen partidan dagoela. Aurten, adibidez, Valentziaren aurkako partidan aukera izan genuen irabazteko, baina ez genuen lortu. Sentsazio arraro batekin amaitu genuen, Izan ere. Valentzia ez zen gehiago izan. Hurrengo partidan sentsazio horrekin joan ginen, eta galdu genuen. Hala, porrotak bat bestearen atzetik pilatu, eta egoera korapilatzen joan zaigu.

Realean zaudenetik izan duzun garairik zailena da?

Duela denboraldi batzuk antzeko egoera batean egon nintzen. Baina taldea eta liga desberdinak dira. Orduan aurrera atera ginen, eta ziur nago oraingoan ere lortuko dugula egoera hau iraultzea. Liga orduan baino gogorragoa eta lehiakorragoa izan arren, talde hobea daukagu orain. Denen artean eta elkarrekin lortuko dugu. Intentsitatea jarri, eta jenio txarra izan behar dugu.

Egiten ari zareten okerrak konpondu behar dituzuela esan duzu. Baina zertan ari zaretehuts egiten?

Jokalari asko ez dira inoiz halako egoera batean egon. Halakoetan ohikoa izaten da lehen kolpea jaso eta ezin suspertzea, burua ezin altxatzea. Urduritasuna, beldurra eta zalantzak sortzen dira. Betisen aurka argi ikusi zen hori. Oso itxura kaskarra eman genuen. Ez ginen betiko Reala izan.

Defentsan nahiko sendo egon zarete, 11 gol jaso dituzue. Erasoan, ordea, bi gol baino ez dituzue sartu. Nola lor daiteke hori aldatzea?

Talde honek askoz gehiago eman dezake. Valentziaren, Atletico Madrilen eta Bartzelonaren aurka nor baino nor lehiatu ginen. Baina, ordutik, gure jokoa oso pobrea izaten ari da. Baloia dugunean ez dirudi aurkariari min egin diezaiokegunik. Argitasuna eta sakontasuna falta zaizkigu. Jokalariongan konfiantza falta ikusten da. Egoeraren ondorioz, kosta egiten zaigu baloia dugunean ardurak hartzea. Atzean ere talde indartsua izan ohi gara, eta hori ez da ikusi. Hori aldatzeko gakoa da bai talde moduan eta bai banako moduan gugan gehiago sinestea. Taldeak atzean zuen sendotasuna eta aurrean erakutsi ohi zuen bizitasuna berreskuratu behar ditu. Erasoan konfiantza eta bizitasun handiagoarekin jardun behar dugu, eta atzean, sendoago egon.

Kontrarioak zuen urduritasunaz eta antsietateaz baliatzen ari direla uste duzu?

Aurkariek ondo ezagutzen gaituzte, eta, ziurrenik, bai, hori baliatzen ari dira. Gure hurrengo aurkaria, Sevilla, asmo horrekin etorriko da. Baina guk hori ezin dugu onartu. Psikologikoki indartsuak izan behar dugu. Granadillaren aurka taldea urduri eta gauzak azkar egin nahian ibili zen. Bi paserekin, jokaldia egin eta gola sartu nahi genuen. Baina antsietatea eta urduritasuna ez dira onak. Pazientziaz jokatu behar dugu.

Taldea aurreko denboraldikoa bainoa hobea dela iruditzen zaizu?

Nik uste du baietz. Zelaian ikusi da fitxaketek zerbait gehiago eman diotela taldeari. Baina argi dago haiek bakarrik ez dituztela partidak irabazten. Haien inguruan gaudenek gehiago eman behar dugu, eta lagundu egin behar diegu. Realean nagoenetik talderik onenetakoa dugu, baina zelaian erakutsi behar dugu.

Juanjo Arregik jokatzeko beste molde bat ezarri du. Kostatzen ari al zaizue hori barneratzea?

Entrenatzaile bakoitzak bere jokatzeko moldea du, eta berak erronboan jokatzearen alde egin badu, guretzat egokiena delako egin du, barrutik jokatzeko jokalari aproposak ditugula uste duelako. Kosta egin zaigu zertxobait jokatzeko era hori barneratzea eta ulertzea, beste bat genuelako buruan. Baina pixkanaka ari gara horretan.

Oso desberdina da haren lan egiteko modua, Igor San Miguelenarekin alderatuz?

Asko ez, baina bakoitzak bere berezitasunak ditu. Juanjok, ziurrenik, gehiago erreparatzen dio alde taktikoari. Prestaketa fisikoa ere horretara bideratzen du, uste duelako hor egiten dugula huts normalean.

Nola ikusten duzu bera?

Taldea bezala, kezkatuta. Denak ari gara sufritzen. Harentzat ere ez da egoera erraza, are gehiago lehen denboraldia izanda. Baina gure babes eta uste osoa ditu. Haren ideiekin aurrera egingo dugu, eta denek lagunduko diogu.

Erronboan jokatuta, eta Aintzane Encinasek eta Maria Diazek taldea utzita, ez al duzue sakontasuna galdu hegaletatik?

Argi dago Aintzane eta Maria hegaleko jokalariak zirela, eta orain gehiago jokatzen dugula barrutik. Baina baloia dugunean, ezin gara soilik erronboan oinarritu. Saiatu behar dugu jokoa hegaletara zabaltzen, eta handik ere arriskua eta jokoa sortzen. Biziago eta sakonago mugitu behar dugu baloia. Joko molde bat dugu, baina ausardia eta askatasuna izan behar dugu hortik ateratzeko ere. Sailkapenaren behealdean egoteak, ordea, ez digu horretan laguntzen.

Hasiera txar honek sasoi honetarako zenituzten helburuak aldatu ditu?

Oraintxe bertan erronka da taldea psikologikoki suspertu, hurrengo partida irabazi eta egoera honetatik irtetea. Liga hasieran gaude, eta bi garaipen lortuta gora zoaz. Behin zulotik ateratzen garenean, gure helburua Espainiako Koparako sailkatzea izan beharko luke.

Kapitaina izanda, zu nola ari zara bizitzen denboraldia?

Arduratua eta izorratuta nago. Taldeko kapitaina naiz, eta horrek ardura bat dakar. Jokalari gazte dezente ditugu, eta taldekide guztiei lagundu nahi diet. Buelta asko ematen dizkiot buruari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.