Carlos Txokarro. Helvetia Anaitasuna eskubaloi taldeko jokalari ohia

«Ziur naiz inoiz ezingo diodala itzuli Anaitasunari eman didan guztia»

Eskutik helduta egin dute gora Txokarrok eta Anaitasunak, beti elkarrekin, hemeretzi urtez. Baina buruak eta gorputzak esan diote kapitainari erretiroa hartzeko garaia dela, 38 urte betetzear. «Oso pozik» dago egindako kirol ibilbidearekin.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Julen Etxeberria.
Mutiloagoiti
2023ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Kirol erretiroa hartu berri du Carlos Txokarrok (Iruñea, 1985); ez lan erretiroa. Lanez lepo dabiltza hura eta Ruben Aiarra Dupla kirol egitasmoan. Baina, eskubaloia utzita, egunerokoa arinduko zaio. «Irrikaz» dago horretaz gozatzeko.

Eskubaloi jokalari ohia zara jada. Ohitu zara?

Ari naiz, baina uztail amaieran jabetuko naiz benetan hau amaitu dela: taldea entrenatzen hasiko da, eta ni ez naiz harekin egongo. Baina oso ondo pentsatua nuen, eta horrela izatea nahi nuen.

Martxoan esan zenuen denboraldi amaieran utziko zenuela. Mesede egin dizute hiru hilabete horiek barneratzeko?

Bai. Aspaldi nuen buruan erretiroarena, baina, horren gustura ari nintzenez, atzeratu egin nuen. Aurreko sasoian serioski pentsatu nuen uztea, baina haurra izan genuen, eta ilusioa egiten zidan jarraitzeak eta haurra izanda erretiratzeak. Baina oso gogorra egin zait egunerokoa azken urtean, eta, azkenean, buruak eta gorputzak esan zidaten honek izan behar zuela azken denboraldia.

Gero eta gehiago kostatzen zitzaizun entrenatzea?

Erretiroa hartu duten zenbait taldekideri pasatu zaie ez izatea entrenatzeko gogoa. Baina niri ez; niri asko gustatu zait beti entrenatzea eta jokatzea. Baina nik gauza gehiegi egiten nituen aldi berean; oso goiz hasten nuen eguna, eta oso berandu amaitu. Horrek asko nekatzen du, eta, azkenean, gorputzak gelditzeko eskatzen dizu. Azken urtean, egun batzuetan, etxean nengoela, kosta egiten zitzaidan entrenatzera joatea.

Pozik zaude egindakoarekin?

Oso. Arima, burua eta gorputza utzi ditut Anaitasunarengatik.

Nahi zenuen agurra izan duzu?

Bai. Batez ere, oso denboraldi gogorra izan baita; nahi gabe, ataka estuan geratu ginen: etxeko azken partida irabazi behar genuen mailari eusteko. Irabazi egin genuen, eta horrek epikoagoa eta politagoa egin zuen agurra; titulu bat irabaztearen parekoa izan zen. Hori aski ez, eta nire inguruko jende guztia egon zen pabiloian. Biribil atera zen guztia. Ametsetan ere ez nuke horrelako agur bat irudikatuko.

Zerbait duzu bereziki gogoan?

Ez, gauza asko izan baitziren. Poz handia sentitu nuen. Hustu egin nintzen egin beharreko lana egiteko, eta ondo atera zen. Asebetea bukatu nuen, eta ederra da hori; zer esanik ez nire inguruko jende guztia harmailan zutik ikusita. Eta gero, nire elastikoa erretiratzearena... ez nuen inondik inora espero. Egunak pasatu dira, baina sentipen horiek oraindik hodei batean naukate.

Zuk ere zerbait egingo zenuen horren maitatua izateko.

Azken urteetan ez horrenbeste, lanagatik, baina beti egon naiz oso konprometitua klubarekin: haurrak entrenatu ditut, eta partida mordoa ikusi. Beti nahi izan dut Anaitasunaren parte izan. Anaitasuna ez da eskubaloi klub bat, elkarte bat baizik, eta sentitzen duzunean, eta barruan sartzen zarenean, halakoak egiten dituzu. Nik oso barruan sentitu dut beti Anaitasuna. Jendeak hori sentitu du, eta horregatik maitatu eta errespetatu nau horrenbeste. Elkarrenganako sentimena izan da.

Anaitasunak arrastoa utzi dizu?

Bai, oso handia. Hogei urte egin ditut, bizitza erdia; gauza asko pasatu dira barruan, eta jende askorekin egin dut topo. Anaitasunak gauza asko eman dizkit. Kirola ez da ohiko lanbide bat; lehiak eta taldeko kirolak lanbide arrunt batek ematen ez dizkizun balio, emozio eta sentipenak ematen dizkizu. Saihetsezina da horrek guztiak arrastoa uztea. Ziur naiz inoiz ezingo diodala itzuli Anaitasunari eman didan guztia.

Nola azalduko zenuke Anaitasunaren eta zure artekoa?

Kasualitatez hasi zen gure artekoa, eta amodio bilakatu da gero. Kasualitatez diot, txiripaz eta oso berandu hasi bainintzen.

Kuadrillako batzuk hasi ziren eskubaloian, eta ia bota egin zenituzten kuadrillatik.

Hala da [barrez]. Nik futbolean eta pilotan jokatzen nuen, eta, egun batean, kuadrillako bik esan ziguten eskubaloian hasiko zirela. Zer pentsatu nuen? «Ai ama! Nora doaz bi hauek?». Nik nirean jarraitu nuen, baina handik pare bat urtera, Gabonetan, areto futboleko torneo bat jokatu genuen, eta ni atezain aritu nintzen. Ondo aritu nintzen, eta eskubaloian jokatzeko esan zidaten, Barañainen [Nafarroa], Lagunak taldean. Animatu egin nintzen. 15-16 urte nituen. Urte eta erdi inguru egin nuen atezain gisa. Baina egun batean, talde nagusian jokalari bat falta zuten, eta, niri izkinatik jaurtitzea gustatzen zitzaidanez, hegalean jarri ninduten. Ondo moldatu nintzen, eta entrenatzaileak berehala esan zidan hurrengo egunean haiekin jokatuko nuela. Denboraldi horretan atezain izan nintzen gazteekin, eta hegaleko nagusiekin. Hurrengo sasoian, berriz, hegalean bakarrik jokatu nuen, eta gol pila bat sartu nituen; horrenbeste, Anaitasunak deitu ninduen.

Eta San Antoniok. Zergatik aukeratu zenuen Anaitasuna?

Ez dakit. Nik San Antonioren talde nagusiaren partidak ikusten nituen orduan, ez Anaitasunarenak; Baina Anaitasunak interes handiagoa erakutsi zuen. Espainiako Lehen Mailan hasi nintzen jokatzen [hirugarren maila da]. Hogei urte pasatu dira geroztik, eta ibilbide osoa egin dut Anaitasunan.

Espero zenuen halakorik?

Inola ere ez. Ez nuen ezta eskubaloian jokatzeko asmorik ere! Baina Anaitasunara iritsi, eta konturatu nintzen hura gauza serioa zela.

Gogoratzen duzu lehen entrenamendua?

Bai, noski. Nik oso gutxi neraman eskubaloian jokatzen, eta oso testuinguru ezberdin batean. «Hau serioa da», pentsatu nuen. Jende guztiak arropa bera zeraman, eta denak isil-isilik zeuden, entrenatzaileak esaten zuena adi-adi entzuten. Maitemindu egin nintzen horretaz, izugarri gustatzen baitzait kirola, eta oso lehiakorra bainaiz. Gainera, nik zortea izan nuen zuzendaritza berri bat sartu zelako, entrenatzaile berri bat, eta apustu argia egin zelako eskubaloiaren alde. Hortik aurrera, abiada bizian eman genituen aurrerapausoak.

Zein da horren kirol ibilbide luzea egin izanaren sekretua?

Gauza asko egin behar dira: lehena, gaitasuna berezkoa izan behar da; bigarrena, asko gustatu behar zaizu, eta lehiakorra izan behar duzu; hirugarrena, zaindu egin behar duzu zeure burua; eta, azkenik, ondo entrenatu behar duzu.

Prestatzaile fisikoa zara lanbidez. Horrek mesede egin dizu?

Dudarik gabe. Nire kirol ibilbideko azken hamar urteak hobeak izan dira aurrenekoak baino. Esperientzia eta ezagutza gehiago izateaz gain, gehiago zaindu dut neure burua, eta hobeto entrenatu; gehiago sufritu dut 25-30 urteen artean 30-35 artean baino.

Zortea ere behar da?

Bai, noski. Adibidez, badut lagun bat sekulako gaitasuna zuena, baina belaunaren lotailu gurutzatua eta bi sorbaldak hautsi zituen, eta hortxe amaitu zen haren kirol ibilbidea. Nik, hastapenetan, lesio asko izan nituen, batzuk larriak, baina ondo osatu nintzen beti.

Klub bakarreko jokalaria izan zara. Nahita edo nahi gabe?

Azken hamar urteetan bai izan da nire asmoa beti Anaitasunan jokatzea. Baina, garai batean, bost urte egin genituen jarraian Ohorezko B Mailan, eta hirutan jokatu eta galdu genuen igoera fasea. 24-25 urte nituen, eta nik Asobal ligan jokatu nahi nuen. Eta ikusten nuen ez ginela igotzen, eta pentsatzen nuen trena pasatuko zela. Eskaintzaren bat izan nuen joateko, baina beti gailendu ziren Anaitasunaren baldintzak eta egitasmoa, eta hemen nuen bizimodua. Baina, gero, unibertsitatean ikasten hasi nintzen, eta orduan erabaki nuen hemen zegoela nire bizitza. Zorionez, ondoen jokatu eta gehien gozatu dudan urteak izan dira.

Egun, ezohikoa da kirolari batek ibilbide osoa egitea klub berean.

Ez da erraza hori egitea, eta jendeak esan dezake ausardia faltagatik ez naizela kanpora joan; zilegi da hori pentsatzea. Baina ni une egokian egon nintzen garai egokian, eta, justu, urte horietan aritu naiz ondoen. Baina, orain, lehen taldera igo eta sekulako gaitasunak dituzten jokalariek kanpora joateko aukera baldin badute, aprobetxatu egin behar dute.

Zuk animatu egiten dituzu kanpora joatera?

Kanpoan eskaintzen dietenaren arabera. Egun, Anaitasunak sabai bat du, eta gorago irits bazaitezke, probatu egin behar duzu, eta kanpora irten. Baina eskaintzaren araberakoa da hori. Argi izan behar da hau eskubaloia dela, eta beti izan behar dela beste zerbait gordailuan. Baina zenbat eta asmo handiagoak izan, orduan eta gomendagarriagoa da irtetea.

Kanpora joateko tentazioa izan zenuen taldea Asobal ligara igo ezinik zebilelako. Baina, azkenean, igo zineten, 2011n. Nola gogoratzen duzu une hura?

Sekulakoa izan zen. Jota geunden: penaltietan galdu genuen Asobal ligara igotzeko finala, Huescan [Espainia]. Kolpe latza izan arren, klubak ez zuen etsi, eta talde oso lehiakorra egin zuen. Horretan ari zela, desagertu egin zen Arrate [Eibarko talde historikoa], eta, gu txapeldunordeak izan ginenez, Espainiako Federazioak Asobal ligan jokatzeko eskaintza egin zigun. Klubak iritzia eskatu zigun, eta guk ez genuen zalantza egin: ezin genion aukera horri ihes egiten utzi. Politena da aukera pistan iristea, baina horrela iritsi zen.

Jauzi handia dago batetik bestera. Arriskua dago poza sufrikarioa bilakatzeko. Baina Anaitasunak jada hamabi denboraldi daramatza maila nagusian. Gauzak ondo egin diren seinale da.

Anaitasunak beti eman ditu pauso txikiak, baina sendotasunez eta zentzuz eman ditu beti. Lehen aldi hartan, bigarren mailan oso lehiakorrak izateko taldea genuen, eta, Asobal ligara igota, pentsatu genuen helburua mailari eustea izan behar zela. Pentsatu eta egin. Oso denboraldi ona egin genuen.

Nola gogoratzen dituzu Asobal ligan jokatutako lehen partidak?

Oroitzapen ederra dut; sekulakoa izan zen, eta klubak eztanda baten pareko zerbait bizi izan zuen: pabiloia bete egiten zen beti. Hirian ere eragin handia izan zuen: bi talde ari ziren maila nagusian, eta derbiak izugarri politak ziren. Emozio eta maitasun handiz gogoratzen dut lehen sasoi hori. Sekulako ilusioa egiten zidan maila gorenean jokatzeak.

Asobal ligan jokatzen hasi eta lau urtera, Europarako sailkatu zineten, 2015ean.

Urtero eman genuen aurrerapauso bat: lehenbizi, ligan sendotu ginen; gero, goraka hasi ginen; eta, azkenik, Europara iritsi ginen. Sekulakoa izan zen hori. Niretzat, ez zegoen ezer handiagorik: ordura arte telebistan bakarrik ikusten nituen pabiloietan jokatu nuen, Alemaniakoetan; haietan jokatzearekin amets egiten nuen gaztetan, eskubaloiaren friki bat nintzenean. Eta jokatu bakarrik ez, lehiatu ere egin nintzen haietan. Egundoko esperientzia izan zen.

Badago gauzak egiteko Anaitasuna era bat?

Bai. Lehen taldeak gora egiteko dirua inbertitu zutenean, beste horrenbeste egin zuten oinarrian, harrobian. Diru asko sartu zuten, eta lan asko egin, horrek funtziona zezan. Eta funtzionatzen ari da. Inguru honetan dugun filosofia dugu: harrobiko eta etxeko zenbat eta jokalari gehiago izan, orduan eta hobeto. Eta klub honek sekulako harrobia du, Espainiako ligako onena. Anaitasuna eredu da.

Badakizu zer esan nahi duen anaitasuna hitzak?

Bai, eta hala da. Berriro diot: Anaitasuna ez da eskubaloi klub bat, elkarte bat baizik; kirol eta sail pila bat ditu, eta gizartean oso txertatuta dago. Kanpotik hona jokatzera datozenak harritu egiten dira haren izaerarekin: familia handi bat bezalakoa da. Eta niri izugarri gustatzen zait hori. Eta uste dut jendeari ere gustatzen zaiola hemen jokatzea. Zerbait du pabiloi honek: hona datozen talde asko beste toki batzuetan baino hobeto lehiatzen dira. Pabiloiak badu zerbait berezia egiten duena.

Taldea esku onetan utziko duzu?

Diruak agintzen du, eta hark ematen edo kentzen dizu sendotasuna. Baina oso argi dut esku onetan dagoela: oso jokalari onak ditu, oinarri sendoa, eta klubaren eta zale handi batzuen babesa.

Inork eskatzen badizu, klubari laguntzeko prest zaude?

Bai, noski. Atseden pixka bat eskatu dut, eta uste dut ona dela klubaren bidea eta nirea denbora labur batean banatzea. Baina Anaitasuna nire etxea da, oso barruan dudan zerbait, eta, mesede egin diezaiokeen zerbait egin badezaket, egingo dut.

Zer egiteko gogoa duzu orain?

Lasai lan egiteko gogoa dut; ez dut ibili nahi orain arte bezala, korrika batetik bestera. Etxekoekin egoteko gogoa dut ere bai, seme txikiarekin eta bikotekidearekin. Baita lagunekin ere: lasai joan nahi dut haiekin padelean jokatzera, eta amaitzean garagardo bat hartu. Irrikaz nago asteburuak libre izan eta nahi dudana egiteko, zer jan behar dudan, zer ariketa egin behar ditudan edo non jokatu behar dudan pentsatu gabe. Azken finean, erritmoa moteldu nahi dut; oso estresatuta nenbilen. Kezka pixka bat dut, niretzat eskubaloian aritzea akuilua baitzen sasoiari eusteko eta neure buruarekin gustura egoteko eta baloratua sentitzeko. Baina, lasai, ez naiz aspertuko, eta, ziurrenik, orduak faltako zaizkit oraindik.

Aurrerantzean Anaitasunako harmailan eseriko zara. Prest zaude horretarako?

Ufa! Kostatuko zait, batez ere nire izaeragatik: oso barruan sentitzen bainaiz, eta oso lehiakor. Orain arte, ahotsa eta pisua nuen taldean, baina jada ez dut izango. Beti izan dut oso argi ez dagoela inor ezinbestekoa, baina badakit gogorra izango dela beste aldean egotea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.