Marc Marquez

Ziztu bizian doa

Moto gidari kataluniarrak bosgarrenez irabazi du MotoGPko Munduko Txapelketa, eta zazpi titulu dauzka jada. 25 urte ditu. Beste inork ez du halakorik egin horren gazte.

Julen Etxeberria.
2018ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Ziztu bizian doa Marc Marquez. Herenegun,bosgarrenez irabazi zuen MotoGP mailako Munduko Txapelketa, Motegin (Japonia). Beste bi ere eskuratuak ditu aurretik: bat 125 cc-ko mailan, eta beste bat Moto2 mailan. Oso urruti du oraindik Giacomo Agostini italiarra, titulu gehien duen pilotua —hamabost—, baina hark lortutakoak lortzeko bidean doa. 25 urte eta 247 egun dauzka Marquezek. Adin horrekin bi alditan besterik ez zen izan munduko txapeldun Agostini. Askoz gertuago du Valentino Rossi, inoizko gidari onenetako bat. Pilotu italiarrak bederatzi aldiz irabazi du Munduko Txapelketa, Marquezek baino bi aldiz gehiago. Kataluniarraren adinarekin, italiarrak sei titulu zituen patrikan. Marquez aspaldian erakusten ari den nagusitasuna kontuan hartuta, zail dirudi Rossik bere garaipen zerrenda handitzea. Bederatzi urte daramatza ezinean.

Rossik ezinean daramatzan urteak daramatza, hain zuzen, Marquezek marka guztiak hausten. 15 urte egin berritan egin zuen estreinakoa Munduko Txapelketan, 125cc-an, KTM taldearekin. Zailak izan ohi dira hasiera guztiak, eta halakoa izan zen Marquezena ere: zaila. Aurreneko zazpi lasterketetan, hamargarren izan zen asko jota. Britainia Handiko Sari Nagusian, ordea, goia jo zuen, eta hirugarren sailkatu zen. 15 urte eta 126 egun baino ez zituen. Ivan Palazzese venezuelarrak bakarrik lortu du Munduko Txapelketan horren gazte izanda podiumera igotzea: 15 urte eta 77 egun zituen.

Hamahirugarren izan zen Marquez bere estreinako Munduko Txapelketan, eta zortzigarren bigarrengoan. 2010ean, KTM utzi, eta Derbira joan zen, eta aldaketa horrek berehala eman zuen fruitua. Laugarren lasterketan irabazi zuen estreinakoz, Mugellon (Italia). Garaipen horri beste lau kateatu zizkion, Britainia Handian, Herbehereetan, Katalunian eta Alemanian. Lehen hiruretan, gainera, pole-a ere lortu zuen. Inork ez zuen halakorik egin horren gazte. Urte hartan, hamazazpi lasterketatik hamar irabazi zituen. Noski, txapeldun izan zen. Ehun egun eskasengatik ez zuen hobetu Loris Capirossi italiarraren gaztetasun marka.

2011n, Moto2ra pasatu zen, eta gutxigatik ez zuen irabazi txapelketa estreinakoan. Ez zituen bukatu azken bi lasterketak, eta horrek txapeldun bilakatu zuen Stefan Brandl alemaniarra. Urtebete geroago atera zuen arantza: hamazazpi lasterketatatik hamalautan igo zen podiumera —bederatzi irabazi zituen—, eta nagusitasunez eskuratu zuen titulua.

Marquez prest zen maila nagusira salto egiteko. Pazientzia eskatu zuen, baina ez zuen izan. Bigarren lasterketan jada irabazi egin zuen, eta, hori eginda, MotoGPko inoizko irabazlerik gazteena bilakatu zen: 20 urte eta 63 egun. Freddie Spencer estatubatuarraren marka hobetu zuen. Errekor horri beste hamaika gehitu zizkion. Azkenerako, txapeldun izan zen, eta horretan ere Spencerren marka ondu zuen. Hori lortuta, gainera, hiru mailatan txapeldun izan direnen taldean sartu zen, Rossirekin eta Mike Hailwood eta Phil Read ingelesekin batera.

Oso zaila zirudien urte hartan egindakoa hobetzeak, baina Marquezek txiki utzi zuen 2014an: lehen hamar lasterketetan nagusitu zen, eta hamahirutan gailendu zen azkenean —Mick Doohan australiarrak zuen marka, hamabirekin—. 2015ean eten zen bide bikain hori. Garesti ordaindu zituen hutsak. Jorge Lorenzo herrikidea nagusitu zen urte hartan, eta garaipen horretan mesede galanta egin zion azken lasterketan Marquezen eta Rossiren arteko buruz buruko batean italiarra lurrera joan izanak. Rossik apropos bota izana leporatu zion Marquezi. Ordutik, aurkari baino gehiago, etsai dira, eta makina bat ika-mika izan dituzte. Iragana dira maisua eta ikaslea ziren garaiak.

Rossirekin ez ezik, beste hainbat gidarirekin ere izan ditu tirabirak Marquezek. Alferrik, ez du aldatu gidatzeko era ezin oldarkorragoa. Horri esker eta berezko bikainari esker irabazi ditu zazpi titulu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.