Zorioneko zozketa

Baskoniak eta Bilbo Basketek CAI eta Kanaria Handia izango dituzte aurkari Kopako final-laurdenetan

Zorioneko zozketa.
Andoni Urbistondo.
2013ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Espainiako Saskibaloi Kopako zozketa ekitaldira bertaratu zirenak hotzari aurre egiteko jantziak lotu-lotuta zeuzkaten eta ekitaldia hotz samar zihoan Gasteizko Andra Maria katedralean, baina berehala berotu zen final-laurdenak erabaki zituzten bi protagonistek, Maider Unda borrokalariak eta Martin Fiz korrikalariak, lehen bi bolatxoak ireki zituztenean: Real Madril izena erakutsi zuen Undak, eta Fizen irribarreak egoera bereziren bat iragarri zuen. «Bartzelona», oihukatu zuen gasteiztarrak, eta marmarra haizea bezain azkar zabaldu zen katedraleko aterpean. Zergatik? Zozketak, behingoz, tranparik ez zeukala erakusten zuelako.

Izan ere, urteak izan dira zozketak bideratu itxura zeukana, telebista kate baten interesak defendatzen zituena, talde handien finalerako bidea leuntzen zuena, edo eskualde bereko taldeen arteko derbiak eragiten zituena etengabe. ACB ligako bi talde aberatsenen parekatzeak aurreiritzi denak apurtzen ditu. TVE telebista baita Real Madril eta Bartzelona final-laurdenetan nahi ez duen lehena, harentzat partida hori bakarrik baita errentagarri ikusle kopurua neurtzerakoan.

Parekatze horrek zurrumurru eta txantxa giroa zabaldu zituen, eta zozketak jakin-min apur bat galdu zuen. Caja Laboral Baskoniak eta Uxue Bilbo Basketek hamaikagarrenez elkarren aurka jokatuko zuten edo ez argitzea geratzen zen, eta berriro, zozketak bien bidea banatu zuen, inolako manipulaziorik ez zela egon agerian utziz. Baskoniak CAI Zaragozaren aurka joatuko du finalerdietarako sailkatzeko, eta finalerdi horretan izanen luke, agian, oztopo garaiena, Kopa jasotzeko bidean: Real Madril et Bartzelonaren arteko kanporaketako garailea. Egutegiaren koskak, Baskoniak CAI Zaragozaren aurka jokatuko du igandean, Gasteizen, bigarren itzuliko lehen deman. Joanekoan hamahiru puntugatik irabazi zuen Aragoiko taldeak.

Uxue Bilbo Basketek zorte handiagoa izan zuen, itxuraz hiru talde handiek saihestu dituelako finalera arte. Hori finalera heltzeko bermea al da? Ez. Bizkaitarrek Kanaria Handia izanen dute aurkari lehen langan, lehen itzulian euren balantze bera lortu duen talde gaiztoa: 11-6. Jakingarri gisa, Uxuek Las Palmasen galdu zuen norgehiagoka, ligako lehen partidan. Laugarren eta final-laurdena bolatxoak izenak argitu aurretik jakin zen: Valentzia-Estudiantes. Uxuek dema horretako garailearen aurka jokatuko luke finalerdia, baldin eta Kanaria Handia menderatuko balu.

Balizko egutegia

Zozketa eginda, egutegi zehatza jakitea baino ez da falta. Telebista kateek dute lehentasuna, batez ere TVEk, zein partida eskaini nahi duen erabakitzeko, eta ondo bidean, Real Madril eta Bartzelonaren artekoa hautatuko du. Ziurra da neurketa hori ostegunean jokatuko dela, otsailaren 7an, lehen itzulia bukatuta lidergoan den taldeak final-laurden eta finalerdiaren artean egun bateko atsedena edukiko zuela erabaki zelako. Ordua 21:30ak litzateke.

Baskonia bi talde horien adar berean dago, eta normalean ostegunean jokatuko luke. Kopako lehen partida litzatekeena, zazpiak aldera. Ostiralean jokatuko lirateke beste bi final-laurdenak, zehaztu gabeko ordutegian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.