Euskal Herria kopak toki bat egin du euskal futbolean. Zortzigarren ekitaldia du aurtengoak. Eta aurreko zazpi aldietan gertatu bezala, Athleticek eta Realak jokatuko dute finala. Irailaren 1ean jokatuko dute, Zornotzan (Bizkaia), Urritxe futbol zelaian, 16:00etan hasita. Talde zuri-gorriak zazpigarrenez irabazi nahi du kopa, seigarrenez jarraian. Txuri-urdinek, ordea, bigarren titulua nahi dute, aurrenekoa lortu eta sei urte geroago.
Erabat sendotuta dagoen txapelketa da Euskal Herria Kirolak antolatutako torneoa. Horrenbeste, ezen horrek iaz Euskal Herriko Txapela torneoa antolatzera eraman zituen elkarte horretako kideak. Aurten bigarren aldiz jokatuko da, eta Athletic izan da txapelduna. Zuri-gorriek 1-0 irabazi zioten Realari finalean, abuztuaren 5ean, Irunen (Gipuzkoa), Gal estadioan jokatutako finalean. Argi du Kike Zurutuza Euskal Herria Kirolako arduradunak: "Gizonezkoen txapelketaren arrakasta emakumezkoen koparen ibilbidearen ondorioa da".
Athleticek eta Realak Zornotzan jokatuko duten finalera nahi dutenek jada eros ditzakete sarrerak www.ehkirola.eus webgunean. Zazpi euroko prezioa dute sarrerek, eta 14 urtez azpikoek eta etxeko taldeko bazkideek doan izango dute sarrera. Webgune horretan ez ezik, etxeko taldean eros daitezke sarrerak, datorren asteartetik aurrera.