Zozketa apetatsua

Bizkaia Bilbo Basket eta Caja Laboral Baskonia elkarren aurka ariko dira Espainiako Kopako final-laurdenetan

Andoni Urbistondo.
Donostia
2010eko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Otsailaren 18tik 21era jokatukoda Espainiako Kopako azken fasea, Barakaldoko Bizkaia Arena erakusleiho dotorean. Lau egunetan egunero 17.000 lagun bertaratzea espero dute. 68.000 lagun Espainiako 74. Koparekin gozatzeko gertu. Atzo eguerdian egin zuten denboraldiko saskibaloi lehiaketa erakargarrienetakoaren aurkezpena, Bilboko Guggenheim museoan.

Aurkezpen ekitaldi panpoxa, Anne Igartiburu telebista aurkezle ezagunak gidatuta. Elorriokoak Bizkaiko lau kirolari ezagunenlaguntza izan zuen eszenatokian. Eunate Agirre bodyboard diziplinako munduko txapeldunordearena, Yahaira Agirre judokarena, eta Athleticeko bi futbolarirena: Aitor Ocio eta Fernando Llorenterena. Eunate Agirre eta Aitor Ocio igo ziren aurrena tranpaldora, eta teknologia berrien aitzakian, ustez sistema informatiko batek erabakitako zozketa egin zen. Bi kirolariek pantailan agertzen ziren lau baloietako bat ukitu, eta talde baten izena agertzen zen. Valentzia-Estudiantes final-laurdena atera zen denetan aurrena, eta hurrengo parekatzeak bertaratutakoen marmarra eragin zuen: Caja Laboral Baskonia, Bizkaia Bilbo Basketen aurka. Kamerek Josean Kerejeta eta Gorka Arrinda eta bi taldeetako agintariak barrezka harrapatu zituzten. Patua zein apetatsua izan litekeen hausnartzen egongo ziren agian.

Beste bi final-laurdenak Bartzelona-Cajasol eta Real Madril-Joventut izatea erabaki zuen zozketak. Finalerdietako gurutzea zein izango zen zehaztea falta zen, eta Agirrek eta Llorentek izan zuten aginte makila eskuetan. Bartzelona adar batean egokitu zen, eta Real Madril eta Baskonia bestean. Emaitza horrek marmar ozenagoak eragin zituen, batez ere aurkezleari oharkabean Bartzelona eta Real Madrilen arteko finala joka daitekeela ihes egin zionean. Final ikusgarri hori nahi dute ACBko eta telebistako agintariek, audientzia kopuruak ahalik eta handienak izateko.

Ikusteko dago, dena den, haien desioa beteko den edo ez. Kopa ustekabeen txapelketa izaten delako. Kontu ezberdinak dira 35 partidako liga erregularra, edo bost partidako kanporaketak, baina partida bakarrera emaitza edozein izan liteke. Ez da esaldi egina. Nahikoa da hemerotekara jotzea, Kopan ezustekoak asko eta handiak izan direla jabetzeko. Bartzelonak, erakusten ari den nagusitasunarekin, bide erosoa dauka finaleraino, ustez. Cajasol gainditu beharko luke final-laurdenetan, eta Valentzia edo Estudiantes finalerdietan. Beste adarreko finalerdia ere ikusgarria izan daiteke. Aurreikuspenak betetzen badira, Baskonia eta Real Madril elkarren aurka ariko dira.

Derbia, otsailaren 19an

Final-laurdenen egutegia ere zehaztu zuten zozketan. Valentzia-Estudiantes eta Bartzelona-Cajasol kanporaketak jokatuko dira ostegunean, eta ostiralean hurrengo bi final-laurdenak. Bilbo Basket eta Baskoniaren artekoa otsailaren 19an jokatuko da. Eguneko lehen partida izango da, baina oraingoz ez dute ordua zehaztu. Normalean arratseko zazpiak aldera izango da. Bai Kerejeta, bai Arrinda, pozik mintzatu ziren.«Kopan edonork edonor mendera dezake, eta galdu edo irabazi, polita edo itsusia izan liteke», esan zuen lehenak. «Egun Euskadin ez dago hainbesteko morboa daukan beste partidarik», bigarrenak. Ez zaio arrazoirik falta. Dema sanoa zela zehaztu zuen ondoren. Horretan ere arrazoi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.