Denak pozik. Ezin beste modu batera izan. Otsailaren 16tik 19ra Bartzelonan jokatuko den Espainiako Saskibaloi Kopako zozketak euskal derbia ekarriko zuela pentsatzen zuen mundu guztiak, eta halaxe egin zuen. Ekitaldiko aurkezleak saldu zuen moduan, ez zen zalantzarako tarterik geratu: «Espainiako lau eskualdeetako derbiak ekarri ditu zozketak». Euskaldunen artekoa, Madrilgoa, Andaluziakoa eta «Levante aldekoa». Antzekoa gertatu da Kopako azken lau zozketetan, eta Jaime Alguersuari 1 Formulako gidariak eta Espanyol taldeko Alvaro Vazquez jokalariak Gasteiz eta Donostia elkartu zituzten final-laurdenetan. Bartzelonako udaletxean zegoen mingain gaiztoren batek esan bezala, Mondragon Korporazioaren festa, bi taldeen babesleen harira.
Lagun Aro eta Caja Laboral inoiz ez dira elkarren aurka aritu Kopan. Gauza jakina, donostiarren lehen parte hartzea dela kontuan hartuta. Baskoniarentzat lehiaketa kutuna da Kopa. Ez alferrik, sei aldiz irabazi du txapelketa, eta haiei esker, Gasteiz, Araba eta Euskal Herriko beste herrialdeetan erakarpen berezia sortzen duen lehiaketa bikain bat da. Bartzelonara joango diren zaleen kopuruaz ez dago datu askorik, baina arabarren aldetik 2.000 zaleko langa gainditzea espero da. Donostiatik askoz gutxiago espero dira, 500 inguru, baina bi taldeen hurrengo asteetako jardunak ere asko baldintzatuko du behin betiko kopurua.
Baskoniarentzat, ez da hain erabakigarria, Kopa irabazteko hautagaia den heinean antzeko zale kopurua mugituko duelako. Halere, komeni bolada onean iristea Bartzelonako lehiaketara: Sevilla, Kanaria Handia eta Obradoiro dira ACB ligako haren partidak. Lagun Aro, berriz, bolada ezin hobean murgilduta dago, eta hurrengo hiru partidetatik bi irabazteko moduan dago, Obradoiro eta Valladoliden aurka jokatuko baitu. Koparen aurreko azkena, berriz, Valentzian.
Bi euskal taldeen arteko norgehiagokak final-laurden ikusgarri bat ekarriko du. Lagun diren zale talde bi dira, Gipuzkoako zale asko Baskoniaren Europako partidekin hasi baitziren goi mailako saskibaloia arnasten. Norgehiagokak alde ona eta txarra du. Txarra, bietako bat bidean geratuko dela nahi eta nahi ez. Ona, euskal talde batek ziur finalerdia jokatuko duela. Pentsatzekoa da bidean geratzen den taldeko zaleek beste euskal taldea hauspotuko dutela eta giro polita sortu.
Aurkari hori Bartzelona azken txapelduna izanen dela dio logikak. Xavi Pascualen taldeak Alacanten aurka jokatuko du, eta hobe du sobera ez fidatzea badaezpada, Alacanteko Txus Bidorreta entrenatzaileak estrategia eraginkorrak prestatzen iaioetan iaioena dela erakutsi baitu. Ligan egiten ari den lan bikaina horren erakusle. Beste adarrean, Unicaja Malagako taldeak Cajasol Sevillako taldearen aurka jokatuko du, eta Real Madrilek, Fuenlabradaren aurka. Final-laurdenetako garaile biek elkarren aurka jokatuko dute beste finalerdian.
Kopako partiden egunak eta orduak ere zehaztuta daude. Ostegunean jokatuko da euskal derbia, otsailaren 16an, 19:00etan. 21:30ean Bartzelona eta Alacanten artekoa. Euskal ordezkaria izango duen finalerdia, berriz, larunbatean, 18:00etan hasita. Bidaia prestatzen hasteko ordua da.
Zozketa egitea ere...
Euskal derbi bat ekarri du hamaikagarrenez Kopako zozketak, Lagun Aro eta Caja Laboral elkartuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu