Mirari bat dirudi. «Niregatik balitz, orain hasiko nintzateke jokatzen, baina medikuek itxaroteko esaten didate, belaunak bere epeak dituela; baina eurak ere harrituta daude». Aitor Zubieta da (Etxarri Aranatz, Nafarroa, 1984), eta hura entzunda inork gutxi esango luke astelehenean hiru hilabete bete zirela eskuin belauneko errotulako lotailuko ebakuntza egin ziotenetik. Ez dira hitzak soilik, dagoeneko enpresako kideekin pilotalekuan «normal» entrenatzen hasia baita, eta lan fisikoa erritmo onean egiten du.
Pilotalekuetara itzultzeko eguna izendatzea erokeria beharko luke kasu normal batean, baina Etxarrikoak medikuarengan utzi du erabakia. «Ariketa batzuk ez ditut egiten, eta esprint oso esplosiboak neurtu. Baina ondo nago, konfiantzaz. Halere, medikuak du azken hitza». Adituak ere txunditu dituZubietak, eta «pribilegiatu» bat dela esaten diote, rara avis bat, kasu oso bitxia.
Zein da arrazoia? Ezin azaldu. «Ez dakite zehazki. Medikuek diotenez, gorputz guztiak desberdinak dira, gihardura guztiak, belaun guztiak... Beraz, epeak erebai». Dena den, lotailua hautsi aurretik urtebete egin zuen lotailu bera pitzatuta zuela, eta ebakuntza egin beharrean tratamendu kontserbadorea egin zuen. Horretarako, belauneko giharrak asko landu zituen. Lotailua hala zuela izan zen binakako txapeldun iaz. «Giharreria indartsuak laguntzen du, bereziki hasieran».
Ebakuntza egin eta bi asteetara ibiltzen ari zen Zubieta, eta epeak oso bizkor bete ditu. Berrindartze prozesuan bost orduko lana egiten zuen egunero, eta dagoeneko tonifikazio, indartze eta abiadura lan fisikoa egiten ari da, Tolosan. Justo Lilloren aginduetara ari da, eta Aspeko prestatzailea ere txunditu du. «Harrituta dago, ebakuntzatik sei hilabeteetara egin beharreko ariketak egiten baititut». Lillok, besteak beste, oso gertutik jarraitu zuen Barriolaren berrindartze prozesu luzea.
Presarik ez du, baina. Jokatzeko irrikan dago, baina ez du behartuko. Duela hiru hilabete, lotailu berria itsatsi berritan, helburua udan apurka erritmoa hartzen joatea zen; orain, aldiz, udari sasoi betean ekitea da, sanferminetarako. «Lortuko dudala ziur nago, udan maila oso onean jokatu ahal izango dut. Oraindik hiru hilabete ditut sasoia hartzeko». Lau aste barru berriz ere zuriz janztekotan egon daiteke.
'Zubieta miraria'
Hiru hilabete dira belauneko ebakuntza egin ziotenetik, baina hasia da «normal» entrenatzen. Adituek «pribilegiatua» dela esan diote, eta, bere esku balego, orain hasiko litzateke jokatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu