Zugarralde txapelduna sendo ari da

BERRIA Txapelketako hurrengo saiorako sailkatu dira iazko irabazleak, eta Irurtzun ere bai

Erredakzioa
2007ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Hirugarren fasea osatzear gelditu da BERRIA Txapelketan. Arbizun (Nafarroa) eta Tolosan (Gipuzkoa) jokatu ziren asteburuan bi kanporaketa, eta Zugarralde iazko txapeldunak eta Irurtzunek egin zuten aurrera. Indar erakustaldia eman zuen berriro Zugarraldek, eta orain arteko kanporaketarik ikusgarriena irabazi zuen Irurtzunek, sei tantoko alde eskasarengatik. Heldu den asteburuan amaituko da bigarren fasea.



ZUGARRALDE (Burlata)64

EKAITZA (Arantza) 42

KADETEAK: Etxeberria -- Lana22

Iparragirre -- Alonso7

GAZTEAK: Santesteban -- Iriarte22

Mitxelena II.a -- Madariaga13

NAGUSIAK: Arraztoa -- Landiribar20

Pikabea -- Mitxelena22



Txapeldunaren aldekoak ziren iragarpenak, eta ez zuten hutsik egin. Kadeteen partidan kanporaketa apurtzea zen euren asmoa, eta bete egin zuten. Maila horretan ari diren bikoteen artean indartsuenetakoa da Etxeberriak eta Lanak osatzen dutena. Ez zieten kontrarioei aukerarik eman. Saketik min handia egin zuen Etxeberriak, eta Lanak hutsik gabeko norgehiagoka jokatu zuen. Saiatu ziren Arantzakoak, baina koska handi samarra dago oraindik bi bikote horien artean.

Gazteen partidan, ideiak argi zituztela kantxaratu ziren Arantzakoak: Santestebanekin ahaztu, eta Iriarte haren laguna estu hartzera jokatu. Saiatu ziren horretan, baina ez zuten lortu. Iriartek, izan ere, bikain erantzun zien kontrarioen erasoei -hura izan zen partidako onena-, eta Ekaitzako atzelariari, gainera, eskuin eskua hondatu zitzaion 11. tantoan. Euren taktika hankaz gora jarri zuen horrek, Santesteban jokoan sartzen hasi zen, eta partida eta kanporaketa erabakita utzi zituen bere erremateekin.

Kanporaketa erabakita dagoenean jokatzen dira askotan partidarik onenak, eta hori gertatu zen nagusiek jokatu zutenarekin. Mitxelena Ekaitzakoak ez zion ongi ekin norgehiagokari, eta haren hutsak baliatuta jarri ziren 10 tantoz aurretik Zugarraldekoak. Mitxelena asentatu zenean hasi zen Pikabea laguna ere bere mailarik onenean, eta kanporaketako partida bakarra irabazi (20-22).

IRURTZUN 61

A. SAIAZ (Bidania-Goiatz) 55

KADETEAK:Ansotegi -- Pazos22

Urbieta-- Zinkunegi 15

GAZTEAK: Idoate -- Galarza17

Narbarte -- Telletxea22

NAGUSIAK: Ollo -- Mariñelarena22

Olaetxea -- Galarraga18



Aurtengo txapelketako talderik indartsuenetakoa du Irurtzunek, baina asko zaildu zizkion gauzak Aurrera-Saiazek. Kadeteetako partida horren adibidea. Nafarrek irabaztea espero zen, baina 12. tantoa arte joan ziren berdinduta. Urbieta aritu zen bikain lehen zati horretan, baina Ansotegi arriskatzen hasi zenean hartu zuen beste itxura bat partidak. Ordubetetik gorako partidaren ostean irabazi zuten faboritoek.

Kanporaketako partidarik eskasena gazteena izan zen. Aurrera Saiazekoek hasieratik eman zuten euren maila, baina Galarza Irurtzungo atzelariak ez. Idoate haren lagunari lana pilatu egin zitzaion, eta Narbartek ederki baliatu zuen une hori partida erabakita uzteko (22-17). Kanporaketa oso berdinduta utzi zuen emaitza horrek, nagusien partidan zer gertatuko zain.

Eta partida ona jokatu zuten nagusietako bi bikoteek. Indar betean hasi ziren laurak. Atzelariek ez zuten elkar menderatzea lortzen, eta aurrelariak aukera bakoitza nahi zuten baliatu tantoak egiteko. Olaetxea saiatu zen batik bat erasoan, eta Ollo defentsan. Azken txanpan behera egin zuen Galarraga Aurrera Saiazekoak, eta partida eta kanporaketa irabazi zituzten Irurtzungoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.