Zumaiak nagusitasunez irabazi du San Miguel ligara igotzeko kanporaketa, eta datorren denboraldian liga nagusian egingo du arraun. Bigarren jardunaldian ere onena izan zen. Portugalete izan da saria lortu duen beste taldea. Mailari eutsi dio, igandeko lan onari esker.
Erlojuaren aurka lehiatu ziren berriz ere herenegun, Portugaleten, eta lehen hiruren artean estuak ziren aldeak hasi aurretik, bezperan Bermeon elkarren artean izandakoak, alegia. Mugardos aukerarik gabe zegoen. Aurreneko ziabogan ematen zuen Portugalete eta Getaria gai izango zirela Zumaia kanpoan lagatzeko, hiru segundo bizkorrago ibili zirelako. Baina bigarren ziabogan, zumaiarrek pasa egin zituzten getariarrak; bi segundo aurretik ziren. Portugalete zen nabarmen buru, zumaiarren aurretik zortzi segundogatik baitzen. Getaria lehiatik kanpo geratzeko zorian zen, eta hala izan zen azkenean.
Hirugarren luzean, aldeari eutsi zion Portugaletek zumaiarrekiko, eta Getaria aukerarik gabe zegoen, hamasei segundora. Gauzak erabakita zeuden kanporaketako emaitzari dagokionez, baina Zumaiak azken hitza esan gabe zaukan estropadako lehian. Sekulako azkeneko luzea eginez, gainditu egin zuen Portugalete segundo bateko aldeagatik. Getaria hamazazpi segundora geratu zen, eta Mugardos 22ra. Telmo Deun trainerua San Miguel ligan izango da bi urte geroago.
San Miguel ligako azken estropadan, berriz, Kaikuk sasoiko lehen bandera astindu zuen, Urdaibai eta Hondarribiaren aurretik.
Zumaia igo da San Miguel ligara, eta Portugaletek mailari eutsi dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu