Gipuzkoan hasi eta Gipuzkoan bukatuko da Euskal Herriko Itzuliaren laugarren aldia, baina zapalduko ditu Arabako eta Bizkaiko lurrak ere. Hain zuzen, Zumarragatik abiatuko da lasterketa, eta Donostian bukatuko. Maiatzaren 16tik 18ra jokatuko da, eta, aurreko aldietan bezala, hiru etapa izango ditu. Guztira 377,1 kilometro egin beharko dituzte ziklistek, eta hamar mendate puntuagarritara igo: lehen mailako batera, bigarren mailako hirutara eta hirugarren mailako seitara. Hala, inoizko lasterketa menditsuena izango da.
Euskal Herrian antolatzen den emakumezkoen txirrindularitza proba nagusia da Itzulia, eta nabaritzen da parte hartzaileen mailan. Hemeretzi talde arituko dira, eta horietako hamalau dira World Tourrekoak. «Inoiz baino gehiago», nabarmendu dute antolatzaileek —hamar izan ziren iaz—. Oraindik ez dute zehaztu zer txirrindulari ariko diren, baina dena ondo bidean euskal errepideetan izango da Demi Vollering (FDJ-SUEZ) iazko irabazlea. «Munduko talde indartsuenak» etorriko dira, eta, beraz, «txirrindulari onenak».
Euskal taldeei dagokienez, Movistarren eta Laboral Kutxaren elastikoak ikusi ahal izango dira Itzulian. Azken hori jantzita ariko dira Usoa Ostolaza eta Ane Santesteban, besteak beste.
Lasterketa gogorra
Goi mailako lasterketa izanik, goi mailako txirrindulariek hartuko dute parte Itzulian, eta lasterketak ere neurriko gogortasuna izango du: 5.795 metroko desnibel positiboa da horren erakusle.
Kilometroei erreparatuta, txirrindulariek lehen etapan egin beharko dute ahalegin handiena. 148,5 kilometro luze izango da Zumarragan (Gipuzkoa) hasi eta Agurainen (Araba) bukatuko den etapa gorabeheratsua. Hiru mendate puntuagarri izango dituzte, eta antolatzaileen arabera, ihesaldirako egun aproposa izango da.
Bigarren etapa, berriz, Bizkaiko lurretan jokatuko dute: Ugaon hasi, eta Igorren bukatuko da. 116 kilometro osatu beharko dituzte, eta lau mendatetara igo. Hirugarren mailako hiru, eta bigarren mailako bat.
Hala ere, azken etapa izango da «erabakigarria», Donostian hasi eta bukatuko dena. Iragan urteetan bezala, ibilbidea Donostiako Klasikoaren antzekoa izango da. Egun horretan igoko dute aurtengo mendaterik gogorrena: lehen mailako Jaizkibel. Azken mendatea Mendizorrotz izango da, eta gainetik helmugara hamar kilometro baino ez dituzte izango, ia dena aldapa behera.
Halaxe azaldu dute antolatzaileek: «Seguru azken mendate hori jendez gainezka egongo dela; erabakigarria izango da Donostiako etapa nork irabaziko duen jakiteko, eta ziurrenik baita Euskal Herriko Itzulia ere». Donostiara heldu bitarteko azken kilometroak erlojupeko baten modukoak izango dira. Azken etapa da laburrena —112,6 kilometro—, baina baita «gogorrena» ere.
OCETAko zuzendari Javier Riañok eskerrak eman dizkie lasterketa antolatzen lagundu dien instituzio, kolaboratzaile eta boluntario guztiei, eta hurrengo aldietarako ere haien laguntza espero dutela azpimarratu du. Lasterketaz gozatzeko deia egin dute antolatzaileek: «Kirol festa izan dadila».

Van der breggen garaile Espainiako vueltako laugarren etapan
Anna van der Breggenek (SD Worx-Protime) irabazi du Espainiko Vueltako laugarren etapa. Helmugarako zazpi kilometro falta zirela jo du erasoa, eta inor ez da gai izan hura harrapatzeko. Bigarren Marianne Vos (Visma-Lease a Bike) helmugaratu da, hamabi segundora, eta hirugarren Demi Vollering (FDJ-SUEZ). Sailkapen nagusian, berriz, Femke Gerritse SD Worx-Protime taldeko txirrindulariak segitzen du lider; faboritoen taldearekin batera zeharkatu du gaur helmuga. Bigarren postua Van der Breggenek eskuratu du, eta hirugarrena, Vosek.
Bestalde, Mikel Landak Soudal taldean jarraituko du gutxienez hurrengo denboraldia amaitu arte. Belgikako taldeak gaur jakinarazi du kontratua berritu diola euskal txirrindulariari. Italiako Giroa du orain begiz joa.