ATHLETIC 2-0 REALA

Zuri-gorriak nagusitu dira

Iñaki Williamsen bi golek garaipena eman diote Athletici Realaren aurka, San Mamesen. Zuri-gorriek kontrolpean izan dute lehia ia une oro, eta hobeto baliatu dituzte aukerak

Athleticeko jokalariak partidako lehen gola ospatzen. ARITZ LOIOLA / FOKU
Iñigo Lasa Fresneda.
2023ko apirilaren 15a
18:30
Entzun

Iñaki Williams distiratsu dabil azkenaldian, baina egiari zor, Athleticen eta Realaren arteko derbietan beti izan da protagonista aurrelari bilbotarra. Gaur, partidako bi golak egin ditu, eta bere taldeari hiru puntuak eman. Ondo moldatzen da txuri-urdinen aurka, zazpi gol egin dizkio dagoeneko, beste inori baino gehiago.

Aldaketa nabarmen bakarra egon da bi hamaikakoetan: Ander Capa Athleticen hasierako hamaikakora itzuli da, bi urte itzalpean igaro ostean. Ez da soberan nabaritu Portugaletekoaren minutu falta. Intentsitate askorekin zelairatu dira bi taldeak, elkarrekiko errespetu askorekin, baina gutxi arriskatu gabe. Gutxi arriskatu nahi horretan, Realak baloia atzetik ateratzeko garaian egindako akats bat baliatu du Athleticek neurketako lehen gol abagune garbia sortzeko. Martin Zubimendiri lapurtutako baloiak Nico Williamsen oinetan amaitu du area barruan, baina nafarraren jaurtiketa gurutzatua bikain urrundu du Alex Remirok.

Handik zortzi minutura, anaia zaharraren txanda izan da. Areaz kanpotik ahalegindu zen Iñaki, baina atezain nafarrak kornerrera bidali zuen aurrelari zuri-gorriaren jaurtiketa zehatza. Iskinako sake horretan bertan iritsi da etxekoen gola, 33. minutuan. Iñaki Williams bizi ibili da, eta Mikel Vesgak orraztutako baloia harrapatu du bigarren zutoinean. Lehen saiakeran huts egin eta gero, ez du barkatu bigarrengoan: 1 eta 0. Gipuzkoarrek Athleticeko bederatziaren eskua eskatu du, baina Soto Grado epaileak eta VARak balekotzat eman dute gola.

Ernesto Valverderen taldea nagusi izaten ari zen markagailuan, baita zelaian ere. Golak aurrera egiteko konfiantza eman die bizkaitarrei, eta, atsedenaldira bitartean, gertuago egon da 2 eta 0ekoa banakoa baino. Imanol Alguacilenak gozatu ezinik aritu dira lehen 45 minutuetan.

Etxekoen presioaren eraginez akats asko egin ditu talde txuri-urdinak, baina baita presiorik ez zutenean ere. Berdegunean ikusitakoarekin gustura ez, eta teknikari oriotarrak aldaketa bikoitza egin ditu atsedenaldian: Aritz eta Barrenetxea, barrura; Gorosabel eta Brais, kanpora. Eskema ere eraldatu du Imanolek, zelai erdiko erronbotik 4-3-3ra pasatu da, Kubo eta Barrenetxea hegal banatan jarriz eta Oiartzabal puntan.

Iñaki Williams, berriro

Bigarren zatia hasi eta hamar minutura iritsi da aurreneko aldiz Reala Unai Simonen ate ingurura. Ezker hegalean bikain iltzatutako jokaldi bati amaiera bikaina ematetik gertu egon da Ander Barrenetxea, baina Iñigo Martinezek lehenengo, eta atezain gasteiztarrak ondoren, gola eragotzi diote. Aldaratzean, Take Kuboren jaurtiketa hankarekin gelditu ditu atezain zurigorriak. Bi gol abagune paregabe.

Hobeto aritu dira bigarren zati hasieran donostiarrak, baina emaitzak bera izaten segitzen zuen neurketako ordubetea pasata. Cho eta Sorloth berdeguneratu ditu Alguacilek, arbola are gehiago astintzeko asmoz; Valverdek, berriz, Raul Garcia eta Vivian, taldea sendotu nahian.

Kontraeraso batean utzi du erabakita neurketa Athleticek, 70. minutuan. Raul Garciak jokoa aldatu, Iñaki Williamsek Le Normandi iskin egin eta jaurtiketa bortitz batekin Cascanteko atezaina gainditu du. Eztanda egin du San Mamesek Iñakiren bigarren golarekin.

Markagailuko errenta handitzearekin batera, derbiaren aginte makila berreskuratu du une batez etxeko taldeak, baina Realak ez du amore eman eta aldea murrizten saiatu da azken txanpan. Momo Cho saiatu da lehenengo areaz kanpotik, eta, aldaratzean, area txiki barruan, gora bidali du baloia Sorlothek. Ondoren, Barrenetxeak ez zuen Unai Simonen akats larri bat behar bezala aprobetxatu, eta donostiarrak ere harmailetara bidali zuen baloia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.