Athletic Espainiako Kopako hurrengo kanporaketan izango da, Granadari 1-4 irabgazi ostean. Garaipen horrekin, txapelketan aurrera egiteaz gain, David Aznarren taldeak lehen partida irabazi du Lezamatik urrun sasoi honetan. Golegileak Nahikari (10. min), Pinedo (62. min.), Amezaga (77. min.) eta Elexpuru (87. min.) izan dira. Horrenbestez, hiru euskal talde izango dira Kopako hurrengo kanporaketan: Athetlic bera, Reala eta Alaves.
Athletic finalaren atarian geratu zen aurreko sasoian Kopan, eta aurten ere urruti iritsi nahi du. Hala, Aznarrek ohiko hamaikakoa zelairatu du. Agintzen ekin diote partidari zuri-gorriek, eta horren saria 10. minutuan jaso dute. Elexpuruk erdiraketa on bat egin du, aurkariren artean sartu, eta burukada on batekin egin du gola Nahikarik. Aurrelariak bigarren gola du sasoi honetan, Sporting Huelvari sartutakoaren ostean.
Ekinean jarraitu du Athleticek. Granadak, etxean aritu arren, ia ez du baloirik izan, eta zuri-gorriek bi aukera argi izan dituzte bigarrena egiteko. Aurrena, Sara Ortegaren aukera bat gutxigatik joan da kanpora, Ondoren, Azkonak langara bidali du baloia. Lehen zatiako 30. minutuan, zuri-gorrientzat partidako albiste txarra iritsi da: Nahikarik min hartu du, eta zelaira bueltatu den arren, azkenean ezin izan du jarraitu. Giharretako arazo batekin, zaila dirudi igandean jokatzea.
Lehen zatia 0-1 amaitu da. Berdegunean ikusitakoa kontutan hartuta, zuri-gorriek gehiago merezi zuten. Baina bigarren zatia hasi eta berehala etxekoek banakoa egin dute. Naimak egin du ezkerkada batekin. Dena den, Athleticek jokoaren ekimena izaten jarraitu du, eta Granadaren atera iristen. Hala, Clara Pinedok 1-2koa egin du jaurtiketa bikain batekin, Azkonaren erdiraketa baten osteko aldaratzea jaso eta gero. Ondoren, Amezagaren eta Elexpururen golek erabakita utzi dute kanporaketa.