Aspaldiko bolada eten da gaur gauean Mendizorrotzan. Athleticek irabazi egin dio Alavesi Gasteizen: 0-2. Hogei urte zeramatzan hori egin gabe. Baina Ernesto Valverdek entrenatutako taldeak neurria hartua die derbiei denboraldi honetan: duela hilabete, Osasunari 0-2 irabazi zion Sadarren, eta, gaur, emaitza beragatik irabazi dio Alavesi Mendizorrotzan.
Garaipenari esker, hamahiru puntu ditu Athleticek, eta Gironarekin eta Bartzelonarekin berdindu du sailkapeneko bigarren postuan. Real Madril bakarrik du aurretik, hamabost punturekin. Iaz, uzta bera bildu zuen lehen sei jardunaldietan. Kontuan hartzeko marka da, azkeneko 30 urteetako onena baita. Bigarren urtez jarraian bikain ekin dio sasoiari. Orain, eustea da helburua.
Alavesi, ordea, eten egin zaio Athleticen aurkako derbietan eta etxeko partidetan zeraman bolada ona. Lehen aldiz galdu du Mendizorrotzan denboraldi honetan. Irabazi egin zituen aurreko bi partidak, eta horri esker ari zen eusten, etxetik kanpoko hiru neurketak galdu baititu. Baina gaur galdu eta gero, zulatu egin zaio azpiko sarea, behera ez joaten laguntzen diona. Azkar josi beharko du.
Ia bete egin da Mendizorrotza, eta etxekoen babesak hauspotuta, Alaves gogo handiz zelairatu da. Bizi jokatu nahi izan du. Athleticek, aldiz, patxadaz. Apustuak fruitua eman die bisitariei. lehen aukeran gola sartu baitute. Hemezortzigarren minutuan, Vesgak pase bikaina eman dio sakonean Iñaki Williamsi, eta aurrelariak ez du huts egin. Taldea bezala, eraginkor ari da sasoi hasiera honetan: hiru gol daramatza.
Golak batzuen eta besteen joera indartu du. Alaves saiatu da, baina ia ez du sortu arriskurik. Athleticek, aldiz, gutxi behar izan du aukerak sortzeko. Hala, Vivianek oso gertu izan du bigarren gola lehen zatia amaitzear zela, korner batean, baina haren burukadak langa jo du.
Galtzen joatea nahikoa zigor ez bazen, Alaves Duarte gabe geratu da bigarren zatia hasi berritan; min hartu du atzelariak. Luis Garcia Plazak aldaketak egin ditu: Javi Lopez eta Guridi atera ditu Duarteren eta Benavidezen ordez. Baina ez da aldatu partidaren nondik norakoa: zuri-gorrienak izan dira aukera guztiak.
Solak izan du etxekoen lehena, ordubetea pasatu denean, baina Unai Simonek kornerrera desbideratu du haren jaurtiketa. Jokaldi horrek etxekoak suspertu ditu, eta Garcia Plazak hori baliatu du bi aurrelari zelairatzeko: Samu eta Rebbach, Solaren eta Hagiren ordez. Beste aurrelariak, Kike Garciak oso gertu izan du gola, baina Unai Simonek geldiketa bikaina egin dio.
Erasora jo du Alavesek, eta Iñaki Williamsek hori baliatzekotan egon da kontraeraso batean, baina kanpora bota du baloia. 76. minutuan, ordea, Sancetek ez du barkatu. Bigarren gola sartu du jaurtiketa bati esker, eta lehia erabakita utzi du. Etxekoen azken ahalegina alferrikakoa izan da.
Osasunak Sevilla jasoko du bihar
Osasunak, berriz, bihar jokatuko du, Sadarren, Sevillaren kontra (16:15, DAZN). Gorritxoek gora egin nahi dute, azken bi partidak galdu baitituzte. Etxean daramaten bolada txarra eten nahi dute ere bai: galdu egin dituzte sasoi honetan Sadarren jokatu dituzten hiru partidak. Unai Garcia, Moncayola eta Brasanac ez dira ariko.