Zuria eta beltza

Fernando Llorente eta Fernando Amorebieta izan ziren iazko udan Athletic utzi zutenen artean jokalari aipagarrienak. Bata gozatzen ari da Italian; bestea, ordea, sufritzen Ingalaterran.

Julen Etxeberria.
2014ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Dozena bat futbolarik utzi zuten Athletic joan zen udan. Bi nabarmendu ziren guztien gainetik: Fernando Llorente (Iruñea, 1985) eta Fernando Amorebieta (Cantaura, Venezuela, 1985).Biak funtsezko jokalariak ziren talde zuri-gorrian, eta Lezamako lanaren ikur —eskutik iritsi ziren biak 11 urterekin, eta harrobiko koska guztietatik pasatu ondoren iritsi ziren lehen taldera—. Baina ezer ez da betiko, eta Athleticen eta haien artekoa ere ez. Ez batak ez besteak ez zuen nahi izan kontratua berritu, eta, iritsi bezala, joan egin ziren biak, eskutik, hamazazpi urteko ibilbidea atzean utzita. Atzerrira joan ziren biak: Llorente Italiara, Juventus ahaltsura; Amorebieta, berriz, Ingalaterrara, Fulham apalera.

Urte erdi pasatxo joan da ordutik. Nahikoa denbora da orduan hartutako erabakia beren ibilbidean aurrerapausoa edo atzerapausoa izan den aztertzeko. Eta gaur-gaurkoz, zalantza gutxi dago: Llorenteren kasuan, aldaketa onerako izan da, bai. Aurrelaria gozatzen ari da, jokatzen eta golak sartzen. Haren taldea, gainera, nagusi da Italiako Ligan: lider da, eta 11 punturen aldea du Erromarekin, bigarren sailkatuarekin. Juventusen sasoiak orban bakarra du: Txapeldunen Ligatik at geratu zela ligaxka amaituta. Orain Europako Ligan ari da, eta ez litzateke harritzekoa izango titulua lortzea, lehian dauden talde indartsuenetakoa baita Turingoa. Oso bestelakoa da Amorebietaren egoera. Atzelaria jokatzen ari da, baina ez nahi lukeen bezainbeste. Hori gutxi balitz bezala, haren taldea azkena da Ingalaterrako Ligan. Lau puntura du West Bromwich Albion, jaitsiera postuetatik salbu dagoen azken taldea.

Hasiera zaila

Esne mamitan dago Llorente Turinen (Italia). Ez da hala izan beti. Athleticen egin zuen azken denboraldian ia ez zuen jokatu —22 partida besterik ez, eta gehienak aulkitik aterata—, eta sasoi eskasean iritsi zen talde berrira. Antonio Conte Juventuseko entrenatzailea berehala jabetu zen, eta aurrelarien artean azkeneko postuan jarri zuen. Carlos Tevez, Sebastian Giovinco, Fabio Quagliarella eta Mirko Vucinic zituen aurretik Llorentek. Hala, lehen bi hilabeteetan turismoa besterik ez zuen egin, jokatu apenas egin baitzuen: bi minutu eskas lehen bost partida ofizialetan. Contek hartutako erabakiak ustekabean harrapatu zituen asko. Ederra besterik ez da?; lerroburu hori jarri zuen azalean Tuttosport kirol egunkariak, Llorenteren egoera ulertu ezinik. Beste komunikabide batzuek, berriz, jokalaria aulkian izatea aulkian 4,5 milioi euro izatearekin lotu zuten—sasoiko 4,5 milioi euro irabazten du Athleticeko jokalari ohiak—.

Irailaren 22an aldatu zen dena. Contek lehen aldiz jarri zuen hasieratik Llorente, etxean, Hellas Veronaren aurka. Aurrelariak estreinaldi bikaina izan zuen, gola sartu baitzuen, gol erabakigarria. Egun hartan amaitu ziren Contek harekin zituen zalantzak, eta funtsezko jokalari bilakatu zen. Datuak argigarriak dira: ordutik Juventusek ligan jokatutako 22 partidetatik, bakarrean ez da aritu Llorente, eta, hirutan ez beste, beti izan da hasierako hamaikakoan.

Aurrelariak ondoen dakien moduan eskertu dio Conteri konfiantza hori: golak sartuta. Hellas Veronari sartutako golari beste hamar gehitu dizkio, 11 guztira. Zazpigarren da ligan gol gehien sartu dutenen artean. Tevez taldekide argentinarra dago zerrenda horren buruan, Llorentek baino lau gol gehiago sartuta. Tevezek, ordea, hiru partida gehiago jokatu ditu. Txapeldunen Ligan eta Europako Ligan, berriz, Llorentek bi gol sartu ditu zazpi partidatan. Beraz, guztira hamahiru gol sartu ditu 31 partidatan, ia gol bat neurketako. Horri esker lortu du Vicente del Bosque Espainiako hautatzaileak berriz aintzat hartzea. Llorentek Brasilgo Munduko Kopa jokatu nahi du, baina ez du lan samurra. Lehia handia du bere postuan, are gehiago Diego Costa brasildarrak Espainiarekin jokatzea erabaki eta gero.

Amorebietari aspaldi zapuztu zitzaion Brasilen egoteko ametsa, Venezuela ez baita sailkatu. Beste kolpe bat gehiago izan da, sasoiko hamaikagarrena; gozotik gutxi ari baita izaten sasoi hau Amorebietarentzat. Amorebietak «esperientzia bizitzeko» utzi zuen Athletic. Atzelariak, ordea, ez zuen espero horrelako esperientziarik izatea. Fulhamen dagoenetik, bi jabe (Mohamed Al Fayed eta Xahid Khan) eta hiru entrenatzaile ezagutu ditu (Martin Jol, Rene Meulensteen eta Felix Magath). Badira beste bi datu adierazgarri: 34 jokalarik jokatu dute dagoeneko sasoi honetan Fulhamekin, eta neguko merkatuan zazpi iritsi ziren. Egonkortasunik ez horrek, noski, izan du ondoriorik, eta taldea azkena da. 28 partidetatik sei besterik ez du irabazi. Gol gehien sartu dioten taldea ere bada: 62, bi baino gehiago partidako. Ez da askoz hobea Amorebietaren jarduna. Lesioak eta erabaki teknikoak tarteko, bakarrik aritu da bere taldeak jokatutako neurketen erdietan: hemezortzi aldiz ligan, eta hiru aldiz kopan. Ziur gogoratzen dela Athleticekin. Haren zoritxarrerako, ordea, ia inor ez da gogoratzen harekin Bilbon. Aymeric Laporte dute orain han.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.