Bengoetxea VI.a 22 Urrutikoetxea 8

Zutik jarri du pilotalekua

Erritmo itogarria ezarrita eta perfekziora hurbilduta kanporatu du Oinatz Bengoetxeak Mikel Urrutikoetxea. Hirugarrenez sailkatu da finalerako, baina bigarrenez jokatuko du

Oinatz Bengoetxea, amorru biziz garaipena ospatzen, atzo, Bilbon, Bizkaia pilotalekuan. Mikel Urrutikoetxea ageri da bizkarrez, burumakur. IDOIA ZABALETA / ARP.
jon eskudero
2017ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Iraupena. 46 minutu.

Pilotakadak. 199.

Sakez. Bengoetxea VI.ak sei; eta Urrutikoetxeak batere ez.

Markagailua. 0-1, 12-1, 12-2, 17-2, 17-5, 18-5, 18-7, 20-7, 20-8 eta 22-8.

Bestelakoak. Bete egin zen Iruñeko Labrit pilotalekua, eta mila ikusle pasatxo izan ziren harmailetan. Apustuak Urrutikoetxearen alde atera ziren partida hasieran (100-70i).

Binakako Txapelketako finalaren atarian, hala aitortu zion Oinatz Bengoetxeak BERRIAri, elkarrizketa batean: Juan Martinez de Irujo lehiatik kanpo egoteak eta Aimar Olaizolak sasoia galdu izanak mesedea egiten ziola. «Haien itzalpean egon naiz denbora luzez, eta orain baliteke nire lanaren fruituak gehiago jasotzen hasi izana». Bada, auskalo zergatik, baina bolada ezin hobean dago leitzarra. Jaialdietatik ia ezkutatuta igaro zuen uda osoa, baina, itzulitakoan, ez dago geratuko duenik. Lau t'erdiko txapela jantzi zuen lehenbizi, Jokin Altuna 22-21 garaituta. Orain dela hilabete pasatxo, berriz, binakako txapeldunorde geratu zen, Mikel Larunbe lagun zuela, Iker Irribarria eta Beñat Rezustaren aurka (22-14). Eta, denbora gutxian, buruz buruko finalean izango da. Erakustaldia eman eta ondo merezita garaitu zuen atzo Mikel Urrutikoetxea, Iruñean, Labriten.

Kontuak argi eta garbi zituela kantxaratu zen Bengoetxea VI.a. «Banekien partida motza komeni zitzaidala, eta perfekziora hurbildu naiz». Lehen tantoa Urrutikoetxeak egin zuen, pilota errebotean sartuta. Ordea, hortik aurrera nagusi izan zen leitzarra. Erritmo itogarria ezarri, eta hamabi tanto jarraian egitea lortu zuen. Pilota luze ibili gabe, joko motza egin eta aurkariaren hankak bilatzen saiatu zen, eta bere onetik atera zuen Urrutikoetxea. Ez zion utzi lasai jokatzen, eta guztia hankaz gora jarri zuen beteranoak.

Dena egin zuen ondo. Lehen tantoetan erasoan jokatzea egokitu zitzaion, eta inspiratuta aritu zen tantoa amaitzean. Ondoren, sakeari ere etekin aparta atera zion. Besteak beste, era horretan egin zituen hiru tanto jarraian. Eta, defentsan jokatu behar izan zuenean ere, ez zen atzera gelditu. Itsu-itsuan, defentsatik erasora pasatzeko pilotakadak jo zituen, eta ezker gantxoarekin aho zabalik utzi zuen pilotazale bat baino gehiago. Urrutikoetxeak ez zekien non zebilen 12-1era arte.

Fisikoki ere, askoz gehiago

Hain zuzen, neurketako lehen atseden luzea hartu eta gero heldu zen bizkaitarraren bigarren tantoa (12-2). Saskitik bere pilota aterata, oraindik ere egoera iraultzeko moduan zen, baina ez zitzaion egun aproposa tokatu. Sakea eskuetan izanda ere pilota ezker hormara ezin gurutzatuta ibili zen, eta, hark emandako aukera baliatuta, partida ezin hobeto bideratuta utzi zuen Bengoetxea VI.ak: 17-2. Lehengo lepotik izan zuen burua, dena egin baitzuen azkar eta ongi.

Finalerako sailkapena erabat galduta ikusi zuenean, aulkitik bestelako taktika pentsatuta kantxaratu zen Urrutikoetxea. Aurkariak berak bezala, aukera zuen bakoitzean tantoa amaitzen ahalegindu zen, eta erreakzio moduko bat ere topatu zuen. Orduantxe jokatu zituen tantorik onenak, eta emaitza txukuntzeari ekin zion: 18-7 eta 20-8 jarri zen, besteak beste. Tantoz tanto joatea zuen helburu Zaratamoko aurrelariak, txapelketa ahalik eta duinen agurtzeko, baina, ohi ez bezala, behera egin zuen fisikoki ere. Urduritasunagatik-edo, nekeak asko eragin zion, eta askoz freskoago aritu zen Bengoetxea VI.a. Hura ez zegoen barkatzeko, eta arazorik gabe heldu zen 22ra.

Gauzak hala, hirugarrenez sailkatu da buruz buruko finalerako, baina bigarren aldiz jokatuko du. 2008an txapeldun izan zen, Abel Barriola herritarra garaituta (22-17). Orain dela bi urte ere eskuratu zuen finalerako sailkapena, baina ezker eskuko hatz batean zuen lesioa zela eta, uko egin behar izan zion, eta Urrutikoetxeak ordezkatu zuen. Arantza ateratzeko aukera izango du orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.