Pixka batean eserita jarraitu beharko du Andres Nocionik, eta alferrik izango da haren penatan egotea. Argentinarrak belauna bihurritu zuen Euroligako bosgarren jardunaldian, Lokomotiv Kubanen pistan, eta klubak ez du zehaztu, oraindik, zenbat denbora beharko duen osatzeko. Laboral Kutxaren ikurretako bat da egun Nocioni, baina egun batzuk beharko ditu zutik jartzeko. Historikoki jokalari bakar baten sua baino zerbait gehiago izan da, ordea, Baskonia, eta gainerako jokalariei iritsi zaie zutitzeko garaia. Gaur, Euroligako lehen ligaxkako seigarren jardunaldian, erronka zaila izango dute gasteiztarrek Maccabi liderraren pistan (20:45, ETB1). Lau garaipen dauzkate israeldarrek; bi arabarrek.
Urrutira joan gabe, Unicajaren aurkako asteburuko ligako partida izan daiteke horren erakusgarri (82-75). «Uste baino hobeto aritu gara Nocioni gabe jokatu dugun lehen partidan». Sergio Scariolo entrenatzaileak zintzo aitortu du aste honetan. «Liderra da Nocioni, eta hutsune handia sortu du». Baina, ikurrik gabe ere, taldeak erakutsi du Euroligako talde bati gaina hartzeko gai dela; Euroligan ari delako Unicaja ere.
Azken garaipen horri esker, jokalariek sinetsi egin dute hasi eta bukatu bikain aritzeko gai direla. «Ondo jokatu genuen Errusian [Lokomotiven aurka], baina ez genuen lortu partida ixterik; beste pauso bat eman genuen gero Unicajaren aurka, eta amaiera ona egin genuen». David Jelinek-ek adierazpen horiekin erakutsi die taldekideei zein den gaurko erronkari aurre egiteko bidea. «Defentsan egongo da gakoa. Errusian gaizki ekin genion partidari, eta Maccabiren aurka ezin zaigu gertatu halakorik».
Kanpoaldetik, arrisku handia
Behin markagailuan aurretik jarrita, oso aurkari gaiztoa delako Maccabi. Sekretu gutxi dauka Laboral Kutxaren gaurko aurkariak. D multzoko lidergoan daude israeldarrak, eta lehen jardunaldian Gasteizen galdutako partida bakarrik daukate porroten artean (84-80). Kanpoaldetik min handia egiten ari dira Joe Ingles, David Blu, Devin Smith eta Ricky Hickman —%40 ari dira asmatzen hiruko jaurtiketetan; Laboral Kutxa %30 pasatxo—. Eta barrualdean pareta gogor-gogorra osatzen dute Shawn Jamesek eta Sofoklis Schortsanitisek. Israeldarrek 96-82 hartu zuten mendean Izar Gorria etxean, eta 75-68 irabazi zioten Panathinaikosi.
Sasoi puntu onenetik urrun egon arren, Lamont Hamiltonek arnasa pixka bat emango dio Tibor Pleissi uztaipeko jokoan. Hori bai, ondo bidean, gutxi jokatuko du estatubatuarrak, eta ekarpen handia egin beharko du Milko Bjelicak ere. Lehen itzuliko partidan hamabost puntu lortu zituen Hamiltonek, eta erabakigarria izan zen Euroligako lehen garaipena eskuratzeko. Maccabiren kanpoaldeko arriskuaren jakitun, ordea, Hamiltonen ekarpenaren parekoa izan beharko du Fernando San Emeterio, David Jelinek, Thomas Kelati eta gainerakoen defentsako lan zorrotza. Eta, jokoa antolatzeaz gain, Thomas Heurtelek eta Walter Hodgek ere orekatu egin beharko dute Nocionik herren utziko duen puntu uzta. Tel Aviven jokatutako hamabi partidetatik bost irabazi dituzte gasteiztarrek.
Zutitzeko garaia da
Laboral Kutxak partida zaila dauka gaur Israelen, baina, galduz gero, asko okertuko zaio Euroligako bidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu