Buruan zebilkien Arantzazuri buruzko zerbait egitea, baina ideia argirik ez. BERRIAn Guardia Zibilak Arantzazun egitekoa zuen operazioari buruz irakurri zuen arte. Izan ere, Euskaldunon Egunkaria itxi eta lau egunera santutegira abiatu ziren Espainiako segurtasun indarrak. Operazioaren helburua zein zen ez zen inoiz argitu, ez baitzen burutu. Bide erdian zirela dei bat jaso, eta dena bertan behera utzi zuten.
Zer gertatuko zen, ordea, Guardia Zibila euskararen eta euskal kulturaren ikur bilakatu den egoitzan sartu izan balitz? Galdera horri balizko erantzun bat ematen saiatzen dira filmean Euskaldunon Egunkaria-ko zuzendari Martxelo Otamendi eta Jakin-eko buru Lorea Agirre. Baina bada hirugarren hipotesi bat ere, Khuruts Begoña zuzendariarena berarena. "Zergatik da Arantzazu garrantzitsua euskal kulturarentzat? Ez da soilik han gertatu diren gauzengatik, baita haren estetikarengatik ere. Han daude Oteizaren eskulturak ere, hamalau urtez bide bazterrean botata egon zirenak...".
Erabakia hartuta, esku artean zituzten gainontzeko proiektuak albo batera utzi, eta lanean hasi ziren. "Gidoia ez geneukan erabat itxita. Argi genuen Martxelok eta Loreak agertu behar zutela, baina baita beste pertsonaia bat behar genuela ere. Hirugarren hura haien esandakoetatik atera genuen, nolabait", azaldu du Begoñak.
Pozik dago lortutako emaitzarekin: "Film laburra esaten duzunean, jendeak zortzi bat minutuko zerbait espero du, baina honek baditu hamasei eta gainera nahiko abstraktua da. Hori guztia kontuan izanik jendeak azkarra dela esaten dizunean pozgarria da".
Abenduan estreinatu zuten filma, Bilbao Arte fundazioan. Donostian ere hitzartua dute emanaldi bat: otsailaren 25ean izango da, Kresala zineklubean.