Zenbaki berezia da hil honetakoa. Gaztezulo 2000. urtean sortu zuen Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak —Gaztetxulo zen orduan—, gazteen kezkei eta interesei erantzuteko helburuarekin. 150. zenbakia du apirilekoa, eta diseinua eta edukiak aldatu dituzte. Aitor Abaroa aldizkariko zuzendariaren arabera (Lekeitio, Bizkaia, 1984), urte horietan guztietan «irakurle fidelek» egin dute posible aldizkaria aurrera ateratzea. Horiekin ospatu nahi dute zenbaki borobila, eta jaialdia egingo dute bihar, Donostiako Andia kalean. Txokolarte taldearekin, bideak asfaltatzeko zapalgailua hartu eta kamiseta artistikoak egingo dituzte. Maisha MC eta Endika Lahaineren euskarazko rapa izango dute lagun.
150. zenbakiarekin, diseinu berria abiatu duzue. Zer indartu nahi izan duzue?
Ez dugu aldizkaria goitik behera aldatu. Irudia da gure aldizkariaren ezaugarri nagusietako bat; azala da horren erakusgarri. Azaleko mantxeta lekualdatu eta koloreztatu egin dugu. Kolorea aldatu egingo dugu argazkiaren arabera. Barruan ere diseinu aldaketa batzuk egin dira.
Edukian ere aldaketak egin dituzue: Hire zuloa atala abiatu duzue.
Ikusi dugu egungo gazteek proiektu oso interesgarriak egiten dituztela euren kabuz, artearekin, kulturarekin, teknologia berriekin eta abarrekin lotuta. Guk leiho txiki bat eskaini nahi diegu, proiektu horien berri eman dezaten. Komunikabide orokorretan lekua egitea zaila izaten da, eta guk proiektu berritzaileei eta sortzaileei aldizkarian argitaratzeko aukera eman nahi diegu. Bestalde, disko kritikei beste hamabi aipamen gehitu dizkiegu.
Zazpi opariko lehiaketa bat antolatu duzue 150. zenbakiaren harira. Beste lehiaketa asko ere antolatu ohi dituzue. Zergatik zaizue horren garrantzitsua irakurleekin harremana?
Harpidedun fidelik gabe, Gaztezulo ez litzateke bideragarria izango. Beti nabarmentzen dugu gure kasuan harpidedunak oso fidelak direla; babes handia ematen digute. 17 urterekin harpidetu zirenek 30 urterekin ere jasotzen dute aldizkaria. Eduki aldaketak beti izan dira harpidedunek eskatuak. Gogoratzen dut kirola harreman horren bitartez sartzen hasi ginela. Guretzat, garrantzitsua da jakitea irakurleak zer eskatzen duen, edukiak haien nahiei egokitzeko.
2007an egin zenuten salto sarera. Zer funtzio du webguneak zuenean?
Webgunearekin batera, sare sozialekin, irakurleen eta harpidedunen arteko harremana indartzen dugu. Telefonoko harreman hori galdu egin da; egun Interneten dago. Artikulu guztietan iruzkinak egiteko aukera jartzen dugu, sexu eta drogei buruz kontsulta egiteko zerbitzua dugu, lehiaketak... Bestetik, gaurkotasunari lekua egiteko balio digu. Hilabetekari bat gara, baina egunero-egunero albisteak berritzen ditugu.
Askotariko blogak dituzue atarian.
Urtebete ez dute egin blogek. Gaztezulo-n kazetari gisa lan egiten dugun hirurok idazten ditugu. Saioa Baleztenak Bartzelonatik lan egiten du, eta hango musikari buruz aritzen da; Maialen Goñi, gazte sortzaileei buruz; eta ni, ikus-entzunezkoen inguruan. Gainera, Karlos Zurutuza freelance kazetariak munduko hainbat txokotako kontuak ekartzen ditu, eta Egoitz Gonzalezek, teknologia berriei buruzkoak. Gune pertsonalagoa da. Aldizkarian denetik lantzen dugu, baina kazetari modura bakoitzak bere zaletasunak ditu, eta beste mimo batekin lantzeko aukera ematen dizu.
Hi eta hire mundua da zuen leloa. Nola definituko zenuke Gaztezulo?
Euskal Herriko gazteentzat eginiko euskara hutsezko aldizkari bakarra edo bakarrenetarikoa gara. Gazteentzat da; Euskal Herriko edukiak lantzen ditugu, baina baita kanpokoak ere.
Zeren arabera aukeratzen dituzue azaletako edukiak?
Guk ateratzen ditugun protagonistak edo elkarteak askotan ez dira ezagunak, edo ez dira ateratzen hedabide orokorretan. Saiatzen gara gauza interesgarriak egiten dituzten eta beste hedabideetan lekurik ez duten gazteak ateratzen. Eta ez gazteak bakarrik. Gazteentzat ere interesgarria da eskarmentu handiagoko jendeak esateko duena. Askotan, beste hedabideetatik deitzen digute gero kontaktu eske. Pertsona ezagunak ere ateratzen ditugu. Genero berdintasuna oso garrantzitsua da guretzat: azaletan eta barneko edukietan emakume eta gizonen arteko oreka dago.
Irudi eta elkarrizketa asko daude aldizkarian. Horrek ematen al dio bizitasuna?
Nik baietz uste dut. Elkarrizketak sakon egiten saiatzen gara. Eduki ahalik eta interesgarrienak eta sakonenak bilatzen ditugu. Baina argazki onekin ilustratzen badituzu, beste kalitate bat hartzen du, eta irakurlea erakartzeko amua jartzen duzu.
Zeintzuk dira Gaztezulo-ren etorkizunerako erronkak?
Euskal Herriko zazpi lurraldeetan zabaltzen gara, eta edukietan eskualde eta herrialde guztietako edukiak islatzeko ahalegina egiten dugu. Harpidedun eta irakurle gehienak Gipuzkoa eta Bizkaian ditugu. Beste lurraldeetan geroz eta irakurle gehiago lortzea da gure erronka.
Komunikazioa. Aitor Abaroa. 'Gaztezulo' aldizkariko zuzendaria
«17 urterekin harpidetutakoek 30ekin ere gurekin jarraitzen dute»
Diseinu eta eduki aldaketekin plazaratu dute apirileko 'Gaztezulo'. 150. zenbakia ospatzeko, jaialdia egingo dute bihar, Donostian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu