36ko gerra koloreztatuta kontatzen ari da Discovery Max

Ostegunean emango dute 'España dividida, la guerra civil en color' saioaren bigarren atala. 150.000 fotograma koloreztatu dituzte

Francisco Franco diktadorea 36ko gerrari buruzko saioaren irudi batean. DISCOVERY MAX.
urtzi urkizu
2016ko azaroaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Discovery Max lurreko telebista digitaleko kateak 2016an izan duen estreinaldirik onena bilakatu da España dividida, la guerra civil en color dokumental saioa. Joan den ostegunean eman zuten hiru ataletako aurrenekoa, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %3ko ikusle kuota lortu zuen; Hego Euskal Herria, Herrialde Katalanak, Galizia eta Espainia aintzat hartuta, %3,4ko ikusle kuota bereganatu zuen. «Itxaropena sortzen du datuak, erakusten duelako herritarrek horrelako saioak ikusi nahi dituztela», esan du Francesc Escribano saioaren zuzendariak —aurten, Agirre lehendakaria dokumentala zuzendu du ETBrako—. Gerrako irudiak inoiz ikusi ez diren bezala ari da ematen Discovery Max katea: koloreztatuta.

Etzi emango dute saioaren bigarren atala (22:30), 1936ko azaroan Madrilen izandako borroketatik hasita. Atal berean, azalduko dute 1937an frankistek Aragoi nola okupatu zuten.

Hirugarren eta azkeneko atalean, 1938ko eta 1939ko gertakizunak jaso dituzte; tartean, Ebroko bataila, gerraren amaiera eta Francoren diktaduraren hasiera.

Minoria Absoluta Kataluniako ekoizpen etxeak ekoitzi du dokumental saioa, Veo TVrekin elkarlanean. Escribanok azaldu du telebista katearen enkargu bat izan dela: «I. Mundu Gerrari eta II. Mundu Gerrari buruzko saio koloreztatuek izan zuten harrera ona ikusita, pentsatu zuten 36ko gerrarekin antzekoa egin behar zela. Proposamena jasota, ez genuen zalantzarik izan. Sekulako aukera da». Espainiako Filmategiarekin akordio bat egin zuten, han baitago 36ko gerraren materialen gehiengoa. «Era berean, dokumentazio eta postprodukzio lan oso handia egin da saioan». Filmategiko 35 milimetroko mila lata aztertu zituzten, eta 20.000 plano aukeratu. Zortzi hilabeteko lanean, 3.000 plano editatu eta 150.000 fotograma baino gehiago koloreztatu zituzten. Bizpahiru segundoko zenbait plano editatu eta koloreztatzeko, aste oso bateko lana behar izan dute.

Edizio lan horren aurretik, zortzi orduko materiala 4K teknologian digitalizatu zuten, milaka negatibo eskaneatuta. Erresuma Batuko azken belaunaldiko eskaner bat eraman zuten filmategira, lan hori egin ahal izateko. «Horrek ahalbidetu zigun irudiak 16/9 formatura egokitzea eta handitzea».

Escribanok gogorarazi du 36ko gerrari buruz zegoen material onena 1945eko sute batean erre zela, Madrilen. «Egun gelditzen dena artxibo hartan ez zegoena da. Atzerriko filmategi batzuetako materiala ere topatu dugu».

Saioaren zuzendariak nabarmendu duenez, artxiboko eduki horiek alde baten edo bestearen eduki propagandistikoak ziren. «Horregatik, irudiak deskodetu egin behar ziren, eta gertakizunak ahalik eta zehatzen jasotzeko gidoi bat egin». Manel Lucas izan da saioaren gidoilari nagusia. Aholkulari lanetan aritu da, bestetik, Antony Beevor historialari britainiarra —36ko gerrari buruzko liburu bat du idatzia—. Beevorrek honako hau esan zuen saioaren aurkezpenean: «Garrantzitsua da jendeak ulertzea zerk eraman zuen Espainia gerrara, beldurrezko zirkulu bizioso hura nolakoa zen ulertzea». Escribanok uste du Beevorren alde apustu egitea «zehaztasunaren» eta «distantzia hartzearen» aldeko apustua izan zela.

Saioko lantaldea 50 pertsonakoa izan da; fotogramak koloreztatzen hogei lagun aritu ziren. «Artxiboetara eta museoetara jo dugu, kolorea errealitatearen ahalik eta fidelena izateko».

Saioaren lehen atalak izan zuen harrerarekin pozik dago Escribano. «Kritika gutxi batzuk egon dira, baina kontuan izan behar da orain arte ia beti kontatu zaigula gerran zein ziren onak eta zein gaiztoak. Gertakizunen zehaztasunean jarri dugu guk arreta. Gero, baloratuko du ikusleak». Gainera, zuzendariak uste du koloreak ikuslea gertakizunera hurbiltzen duela. «Kontakizuna distantziatik egiten dugu, ez da adjektibatzailea. Baina koloreak biktimengana gerturatzen zaitu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.