Adierazpena, boteredunek mugatuta

Hainbat juristak adierazpen askatasunaren mugez hitz egin dute, besteak beste, Kazetaritza Feministari Buruzko Kongresuan

Romero, Assiego, Serra eta, pantailan, De las Mercedes, atzoko solasaldian, Bilborocken. ARITZ LOIOLA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2023ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Adierazpen askatasunak ertz asko ditu, baina ideia bera dagooinarrian: «Botere kontua da», hain justu, Laia Serra abokatu penalistaren hitzetan. «Haren mugez hitz egiterakoan, kontuan hartu behar da nork duen bozgorailua, zertarako erabiltzen duen, eta zeini ez dion erabiltzen uzten». Adierazpen askatasunaren mugez hitz egin zuten atzo Serra, Victoria Assiego eta Adilia de las Mercedes juristek, Pikara Magazine-k antolatutako Kazetaritza Feministari Buruzko III. Kongresuan, Bilborocken. Tatiana Romero kazetariak gidatu zuen solasaldia.

Hizlarien arabera, botere ekonomikoak baldintzatzen du kontakizunen hedapena: Serraren esanetan, interes ekonomikoen araberakoa da adierazpen askatasuna, edo egitura ekonomiko sendo bat eduki behar da ahots deserosoak helaraztearen ondorioak jasan ahal izateko, iragarleak galtzeko, salaketei aurre egin ahal izateko. Baina, babes hori edukita ere, ahotsak isilarazi daitezke beste modu batzuetan. «Jada ez da nahikoa egitura bat edukitzea, logika algoritmikoa programatuta baitago diskurtso batzuk ikusgai egiteko, eta beste batzuk ikusezin».

De las Mercedesen hitzetan, adierazpen askatasunaren auziaia erabat garatzen ari da teknologia digitalaren esparruan. «Baina adimen artifiziala ez da ez adimena, ez artifiziala. Iragana kodifikatzen du, eta hango aurreiritziak hauspotzen ditu beste esparru batean». Diskurtsoak etengabean sortzen dira sare sozialetan, kasurako, eta horiek moderatzeko modu bakarra tresnak automatizatzea da, Serraren iritziz, baina automatizazioak ez dira inpartzialak; kontrara, ideologiaz lepo daude, eta hori agerikoa dagorroto diskurtsoak saihesteko irizpideek debekatutako hitzetan: nazi, sionista eta muga, esaterako. «Hau da, argi dago zer motatako diskurtsoak zentsuratuko dituzten».

Enpresen eskuetan

Gaur-gaurkoz, enpresa teknologiko handiak ari dira funtzionatzen «adierazpen askatasunaren legelari peto bezala», Serraren aburuz; eta estatuak ezartzen ditu mugak. «Ez dugu eztabaida sozial eta politikorik eduki muga horien inguruan. Besteen esku utzi dugu adierazpen askatasunaren irizpideen inguruko debatea». Horiek horrela, paradoxa bat gertatzen da, Assiegok nabarmendu duenez: gorroto delituak jasaten dituztenak bainoago, delituok egiten dituztenak babesten ditu legeak sarritan. Punitibismoarekiko mesfidatia da De las Mercedes ere. «Gehiegizko erregulazio penala saihestu behar da, arau horiek zaurgarrienen kontra erabil baitaitezke indar are handiagoarekin».

Bide beretik, herritarren parte hartzeen kontra egiten diren «gehiegizko auziez» ohartarazi zuen Serrak; giza eskubideen aldeko kazetaritzari ere eragiten dio arazoak. «Adierazpen askatasunaren mugetako bat jada ez da pertsonen babesa. Enpresa askok auzibideak zabaltzen dituzte izen on korporatiboa babesteko, eta auzitegiek gero eta kasu gehiago egiten diete».

Kazetaritza feministari dagokionez, zehazki, ospea galtzea erabiltzen da adierazpena mugatzeko estrategia modura, Assiegoren arabera. «Aktibismo modu bat bezala ikusten da, eta, horrela, zilegitasuna kentzen zaio kazetaritza konprometituari». Salaketetara ere jotzen dute, ordea. Hizlariena da adibidea: indarkeria matxista kasuez informatzeagatik, hainbat hedabidek erasotzaileen salaketa jaso dute, haren ohorea urratzea egotzita. Eta, era berean, aitortzaren araberakoa izango da legeak emango duen babesa. De las Mercedes: «Giza eskubideen urraketez hitz egitean, tentsioa sortzen da: arrazializatuoi kontsideratzen al gaituzte gizaki? Zein dira eskubideon subjektuak?».

Zigorren bidea baztertuta, beraz, hiru hizlariak bat etorri ziren norabidean: formakuntza behar da, eta aholkularitza. «Kontu hauek ez dira utzi behar intuizioaren menpe», De las Mercedesen irudiko. Serra: «Kazetaritza feministak aholkularitza behar du, garai oso gogorrak baitira. Ezagutza falta zaigu adierazpen askatasunaren inguruan dauden nazioarteko estandarren inguruan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.