Irati Sarasua. Kazetaria

«Adinekoen errealitatea eta aukerak erakutsi nahi ditugu»

Adinekoen inguruko 'Sasoi onean' saioa estreinatuko du Hamaika telebistak astelehenean. Zahar etxeak, sexualitatea, osasuna eta beste hainbat gai jorratuko dituzte

Edu Lartzanguren.
2016ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Irati Sarasuak ( Hernani 1990) zuzenduriko eta aurkezturiko Sasoi onean saioa abiatuko da bihar, 21:30ean, Hamaika telebistan. Horrez gain, Hurbilean elkarrizketa tartea aurkezten hasiko da Sarasua, eta Ipar Orratza saioa gidatzekin jarraituko du.

Ez al da harritzekoa adinekoei begirako saio bat ez egotea telebista guztietan, kontuan hartuta asko direla eta telebista kontsumitzaile handiak direla?

Guk, behintzat, ez dugu inoiz egin. Esparru hori hartzea falta zitzaigun. Saioa ez da bakarrik zahartzaroan dauden pertsonentzat, haien familiakoentzat ere bada. Adinekoen errealitatea erakutsiko dugu, baita haiek dituzten aukerak: tutoretzapeko etxebizitzak, esaterako, aldundiaren edo Matia fundazioaren bitartez. Gizartea zahartzen ari da, eta adinekoena bada esparru garrantzitsu bat, eta izango da etorkizunean, datuek erakusten dutenez.

Nola egituratuko duzu saioa?

Astero, zahar etxe batean edo adinekoen elkarte batean egongo gara. Sexologo baten eta botikari baten aholkuak izango ditugu. Gaixotasunei buruzko atal bat izango dugu, horiek normalean modu ezkorrean ikusten ditugulako. Horiekin nola bizi, nola saihestu eta nola tratatu aztertu nahi dugu. Atal asko, beraz, ikuspegi asko jorratu nahi ditugulako modu dinamikoan.

Nola jorratuko duzue adinekoen sexualitatearen gaia?

Menopausiak adinekoengan duen eragina azalduko dugu, esaterako. Ez ditugu adinekoak sexuarekin lotzen, baina 60-70 urtekoentzako begirako atala izango da. Sexologoak esaten zigun: «Ez da sexualitate atletikoa, baina badago beste moduko sexualitatea». Homosexualitatearekin lotutako gaiak, bikotekidearen heriotzak nola eragiten duen eta nola gaindi daitekeen, harreman berriek zer ematen dieten adinekoei, nola sortzen diren eta zertan diren bereziak...

Bederatzi atal izango ditu saioak. Adinekoek kameren aurrean izaten duten naturaltasunak lagunduko dizue?

Bai, oso polita izaten ari da grabaketa. Dotore janzten dira gu goazelako: «Perlak jantzi ditut», esaten digute askotan. Izan dugu 100 urte baino gehiago bete dituen adineko baten ospakizuna. Adinekoen txakurterapia saioak ere ikusi ditugu. Ez dakit egunero horrela dauden, baina gu irribarrez hartu gaituzte beti.

Gizarteak badu ezkutatzeko nahi bat adinekoekin. Lagun dezakete halako saioek harreman osasuntsuagoa eraikitzen?

Askotan ezkutatu egin da gaia gizartean. Hainbat egoera daude, baina, nire ustez, zahartzaroa ere oso polita izan daiteke. Badago oso ondo dagoen jendea. Zoragarria da haien esperientziak entzutea, eta gauzak nola baloratzen dituzten ikustea. Gazteok asko daukagu haiengandik ikasteko. Amaren osaba eduki dut oso hurbil, eta niretzat ikaragarria izan da beti haren bizipenak entzutea. Zer ez duzu, bada, ikastekoizango 80 urte baino gehiagobizi izan den batengandik. Eta haiek beti daude prest partekatzeko. Hori ondo ikusiko da saioan.

Sasoi onean horretaz gain, Hurbilean elkarrizketa tartea aurkezten hasiko zara. Norekin eseriko zara aurrez aurre?

Beti iruditu zait oso saio erakargarria, jende ezagunaren beste aurpegia ezagutzeko aukera ematen duelako. Lehenengoak Juan Mari Torrealdai eta Benito Lertxundi izango dira. Biak mirestu ditut, eta irrikan nago haiek elkarrizketatzeko. Torrealdai erreferentzia da euskal kulturan, eta haren bizitza ezagutu nahi dut. Lertxundirekin lotura berezia izan dut. Umetatik udaro Galiziara joaten ginen. Gurasoak oso Lertxundizaleak ziren, eta zortzi orduz jartzen zuten haren musika autoan. Bi aukera zeuden: anaiak eta biok, hazterakoan, Lertxundi gorroto edo maitatu. Gaur, gure etxean edozein unetan entzuten dira haren kantak. Gaur goizean azkena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.