Ibon Zugasti. '¿Qué pasa, gallo?' saioko aurkezlea

«Agian, saio hau freskoegia da ETB2rako»

ETB2k '¿Qué pasa, gallo?' estreinatu zuen joan den astean. Zugastiri astero misio bat jarriko diote: kirol edo kultur arloko pertsonaia bati ahalik eta elkarrizketarik onena egitea.

urtzi urkizu
2018ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Diseinu grafikoko ikasketak eginak ditu, eta kirolaria da Ibon Zugasti (Lezo, Gipuzkoa, 1972). Arraunean hasi zen, mendiko txirrindularitzan makina bat txapelketa irabazi ditu, eta, 39 urterekin, errepideko profesional gisa egin zuen debuta. Youtubeko kanalean 129.400 harpidedun ditu.

Nola sortu zaizu telebistan hasteko aukera?

Sare sozialetan nahiko indartsu ibiltzen naiz. Donostiako Arista komunikazio enpresatik deitu ninduten, eta proposamena egin zidaten. Hasieran, ez nuen sinetsi, uste nuen kamera ezkutu bat zela.

Zergatik du saioak izenburutzat ¿Qué pasa, gallo?

ETBri hori gustatu zitzaion, nahiz eta gure ekoizleak nahiago zuen Intruso [sarkina] izena. Azkenaldian, jende gehienak Gallo [oilarra] deitzen nau, ezizenez. Nik ere nahiago nuen sarkinarena, bizitzako sarkin bat bainaiz.

Saioan protagonismo handia duzu, eta irudi asko zerorrek hartzen dituzu. Ohituta zaude horretara?

Kalitatezko irudiak gustatzen zaizkit, baina, batez ere, edukia eta freskotasuna inporta zaizkit. Youtubeko bideoak egiteko, beti kamera subjektibo bat eramaten dut gainean. Eroso joaten naiz horrekin. ETBko saioan ez dugu freskotasuna galdu nahi, ez dugu kamera handiago bat behar. Kamera txikiarekin, jendeari ahaztu egiten zaio horren aurrean dagoela.

Bihar, bigarren atalean, La Oreja de Van Gogh musika taldea izango da protagonista.

Bai, batez ere talde horretako kantari Leire Martinezen bila joango naiz. Pertsonaz ahalik eta gehien jakiten saiatzen naiz, baina, gero, elkarrizketak ez dio gidoi bati jarraitzen. Ni ez naiz komunikazioko profesionala, baina asko sinesten dut naturaltasunean.

Lehen atalean, bidaia luzeak egin zenituen, Aymeric Laporte futbolariarengana iritsi aurretik. Hurrengoetan ere bidaiatuko duzu?

Bidaia gehiegi izan dira azkeneko asteetan, eta kontra nago. Pertsona batzuengana iristea ez da erraza. Egun oso gutxitan egin ditugu atalak, gainera. Eguberrietan eten bat egingo dugu, eta, urtarriletik aurrera, beste lau atal egingo ditugu. Dena den, agian, saio freskoegia da ETB2rako. Nahi dudana da saioaz harro sentitu.

Zer moduz sentitzen zara elkarrizketatzaile lanetan?

Ez dut sentitzen kazetari lana egitea denik. Baina niri berdin zait Espainiako erregea, zu edo herriko kale garbitzailea izan, hauek ez dira elkarrizketak, solasaldiak baizik. Gutxi kontrolatzen dudan jendea bada, hobe; astronauta bat ekartzen baldin badidate, hobeto.

Baina, hala ere, zein kirolari elkarrizketatuko zenuke?

Cristiano Ronaldo. Harroputzeta egozentriko itxura dauka, baina harekin arratsalde bat pasatuko nuke. Luis Enriqueri egin nion elkarrizketan bezala, prentsako lerroburuetan aterako litzateke.

Edozein ogibide has al daiteke berandu?

Sinesten dudana da gauzak ondo egin behar direla. Gauzak ondo eginda eta asmoan sinetsita, adina txorakeria bat da. Aurreiritzi asko daude horrekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.