Igor Zabala. 'El lector de huesos' saioaren zuzendaria

«Alde guztiek dute gogoa saioarekin jarraitzeko»

Gasteizko FesTVal jaialdiak hainbat sari emango ditu larunbatean, amaierako galan. Tartean, FesTVal sari berezia ETB2ko 'El lector de huesos' programari emango diote.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
2017ko irailaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
2000tik 2011ra 3Koma ekoizpen etxean proiektu berriak diseinatzen aritu zen Igor Zabala (Barakaldo, Bizkaia, 1973). 2012an hasi zen K2000n lanean; egun, El lector de huesos zuzentzeaz gain, El programa de Klaudio saioan aritzen da, Miramonen.

Apirilean, kate autonomikoen saio onenaren Pello Sarasola saria jaso zenuten. FesTVal jaialdiaren saria iritsi zaizue orain. Zer dio lantaldeak?

Logikoki, pozak zoratzen gaude. Telebistaren munduan ez dira sariak maiz jasotzen. Normalean saririk handiena audientzia da, horrek kontratua berritzea ekartzen duelako. Baina hortik harago,zure lana aintzat hartua izatea oso gustagarria da.

Izan zara aurretik Gasteizko FesTVal jaialdian?

Ez. Aurreneko aldia da joango naizena. Jaialdi interesgarria da. Datak oso onak dira, telebista kateek saio berriak aurkezten dituztelako. Gurea bezalako proiektu txiki batentzat, primeran datorkigu horrelako foro batean saioa ezagutaraztera ematea.

Euskal Herritik kanpo, zer beste katetan ari dira El lector de huesos ematen?

Saioa oso-osorik emititu dute Telemadriden, Aragon TVn, Canal Surren [Andaluzia], Extremadurako kanalean eta Kanaria uharteetako telebistan. Kate horietan ikusle datu onak izaten ari da, gainera. ETB eta K2000 ekoizpen etxea pozik daude horrekin. Beste kate batzuen arreta piztea, eta bere horretan eman nahi izatea arrakastatzat jo daiteke.

Proiektuarekin jarraitzeko arrazoi gehiago ematen dizue kanpoko arrakasta horrek?

Bai, zalantzarik gabe. Sariak eta Euskal Herriko mugak gainditzea ETBrentzat ona da. Espero dezagun aurki hirugarren denboraldiko atalak ekoizten hastea. Oraindik ez dago itxita; agendek bat egin behar dute, baina alde guztiek gogoa dute formatuarekin jarraitzeko. Istorio berriak bilatu beharko dira.

Hainbat ikuslek esan dute orain arte ez zela auzitegi zientzia hain modu erakargarrian telebistara eraman, ezta?

Paco Etxeberria fenomeno bat da, eta mundu osoan aitortua. Balio ziurra da hori. Horren bueltan osagai narratibo eta bisual berezi batzuk jarri dira. Etxeberria komunikatzen bikaina da; dena ulertzen zaio, eta jakintza hori janzten saiatu gara. Bera pozik dago produktuarekin.

Zuretzat zeintzuk izan dira El lector de huesos-eko bi denboraldietako atal berezienak?

Jose Bretonena berezia izan zen, lehena zelako eta formatua sortzen ari ginelako. 36ko gerrako hobien atala oso berezia izan zen niretzat, hobira jaisteko aukera izan nuelako. Salvador Allenderi buruzko atalarekin ere pozik nago, ezberdina izan zelako. Gai asko ukitu genituen horretan, eta Allenderen alabaren parte hartzea lortu genuen. Hipercorreko atala ere berezia izan zen.

Allenderena egiteak aukera emango dizue beste bide batzuk jorratzeko?

Bai, hala iruditzen zait. Figura historiko baten heriotza landu genuen, Txilekoa, eta hara joan gabe. Azken emaitzan ez zen nabaritu Txilera joan ez izana. Interneten iruzkin onak jaso genituen Txiletik, gainera. Osagai historikoak dituzten auziak ikertzea egokia izan daiteke saioarentzat.

Dani Alvarez eroso ageri da kameren aurrean. Martxa honetan, irratia utzi beharko al du?

Hori berak erabaki beharko du. Sekulako lana egin du gure saioan. Aktorerako balio du, kamerari eusten dio. Kazetaritzatik harago, aukerak ikusten dizkiot aktore gisa. Hark barre egiten du hori esaten diodanean.

Ikusle gisa, zerk erakartzen du zure arreta egungo telebistan?

Denetarik ikusten dut. Telesail on bat gomendatzen badidate, ikusten dut: The night of da ikusi ditudan azkenetako bat. Entretenimendu saioei dagokienez, formatu ona iruditzen zait bere funtzioa betetzen baldin badu. Adibidez, Tu cara me suena oso formatu ona da, ondo garatua, eta herrialde askotan saldu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.