Komunikazioa. Midaseko egunkariak (IV)

Aleman hiztunen defendatzailea

Hego Tirolgo aleman eta ladinera hiztunen defentsaren alde lan egin dute 'Dolomiten' egunkarian sorreratik, eta larrutik ordaindu dute askotan horregatik: Mussoliniren eta nazien jazarpena sufritu dute.

Hego Tirol osoan argitaratzen da Dolomiten egunkaria. Orrialde bat ladineraz egiten dute. DOLOMITEN.
Adrian Garcia.
2013ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Hego Tiroleko aleman hiztunen egunkaria da Dolomiten 1882. urtetik. Egun Italiaren menpeko estaturik gabeko nazioa da Hego Tirol. Biztanle gehienak austriar jatorrikoak dira, eta alemana dute ama hizkuntza. «Hego Tiroleko aleman eta ladinera hiztunek austriarrekin mendeetako lotura kultural eta historikoa dugu», azaldu du Guenther Heidegger egunkariko zuzendariordeak. Heidegger duela 25 urte hasi zen egunkarian lanean. Haren arabera, Dolomiten «joera katolikoko egunkari independentea» da. Hedabidearen helburu nagusia herrialdeko aleman eta ladinera hiztunen eskubide etniko, kultural, ekonomiko eta sozialak defendatzea da.

Bolzano Hego Tiroleko hiriburuan du egoitza Dolomiten-ek. Alemana bada ere hedabidearen hizkuntza nagusia , ladineraz orri bat argitaratzen dute.Hizkuntza horretan hitz egiten duen gutxiengo bat dago Hego Tirolen; erretorromanieraren dialekto nagusietako bat da, eta biztanleen %4ak hitz egiten du, 20.000 lagun inguruk. «Ladineraren biziraupenaren alde borrokatzen dugu», dio Heideggerrek. Italiera eta alemana hizkuntza ofizialak dira herrialde osoan, eta hainbat herritan ladinerak ere aitortza bera du.

Astean sei egunetan argitaratzen dute, astelehenetik larunbatera bitartean. 55.000 ale inguru saltzen dituzte Hego Tirol osoan, gehientsuenak harpidetza bidez. Udaran tiroldarren oporleku nagusietan ere saltzen dute, Adria inguruan, Itsaso Adriatikotik gertu. 51 kazetarik egiten dute lan Bolzanoko erredakzioan. Gainera, 200 lagun inguruko kolaboratzaile sare zabala dute.

Hego Tirol dute erreferentziatzat, eta herrialdeko gertakariek hartzen dute egunkariko leku nagusiena. Hala ere, nazioarteko berriak ere jorratzen dituzte, eta Italiako albisteek toki garrantzitsua dute hedabidean. «Ez gara Italiako nazioaren parte sentitzen, baina Italia ez da herrialde atzerritar bat guretzat», azaldu du zuzendariordeak.

Krisiari aurre egiteko, gastuak murriztu eta Interneteko presentzia handitu dute. «Salmentak ez dira gehiegi jaitsi; publizitatearen beherakada izan da okerrena», dio Heideggerrek. «Argitaratzen ditugun orri kopuruekin tentu handiz jokatzen dugu orain». 42 orri inguru kaleratzen dituzte, baina lau bat orrialdeko gora-beherak izaten dituzte. «Lehen beti orri gehiago kaleratzen saiatzen ginen. Orain, beherantz egiteko joera dugu».

Bi atari nagusi kudeatzen dituzte Interneten. Papereko eduki guztiak sarean jartzen dituzte, baina harpidetza bidez eskura daitezke soilik. Bestalde, stol.it atarian herrialdeko albisteak ezer ordaindu gabe jarrai daitezke. «Idatzizko eta sareko kazetariek elkarrekin lan egiten dute sinergiak aprobetxatzeko». Heideggerrek uste du prentsa idatziak etorkizunean ere rol garrantzitsu bat beteko duela. «Halere, sareko euskarri garrantzitsu bat izan beharko dute».

Faxismoarekin borrokan

Faxismoaren atzaparrak gertutik sentitu ditu Dolomiten-ek bere historian luzean zehar. Der Tiroler izenarekin sortu zuten 1882. urtean, Hego Tirol Austriaren zati bat zen garaian. Lehenengo Mundu Gerraren ostean, 1919. urtean, Tirol bitan zatitu, eta Italiakhegoaldeko zatia beretu zuen. Bost mendez Austriaren menpe egon zen ordurarte.

Benito Mussolini boterera iristean hasi ziren egunkariaren arazoak. Egun, biztanleriaren laurdenaren ama hizkuntza da italiera. Haatik, Heideggerrek azaldu duenez, 1919an italiar jatorriko herritarrik apenas zegoen. 1911ko erroldaren arabera,7.000 italiar hiztun zeuden Hego Tirolen. Mussolinik martxan jarritako italiartze prozesuak aleman eta ladino hiztunak jazarri zituen.

Italiartze kanpaina horren barruan, 1923an izena aldatu behar izan zuen berripaperak; Tirol izenaren edozein aldaera debekatu zuten. Der Landsmann izenarekin jarraitu zuten argitaratzen. Inguruko beste alemanezko hedabideak bezala, 1925an itxi egin zuten gobernuaren aurkako ekintzak egitea leporatuta. Urtebete beranduago utzi zieten berriro argitaratzen, baina baldintza eta muga gogorrekin. Orduan jarri zioten Dolomiten izena, Alpeetako mendiguneari erreferentzia eginez.

1943. urtean naziek egunkaria itxi zuten, eta ihes egitea lortu ez zuten kazetari eta langileak Alemaniako Dachau kontzentrazio esparrura eraman zituzten. Dolomiten-ren baliabideak konfiskatu, eta euren egunkari propioa atera zuten naziek.

Aliatuen behin behineko gobernuak argitaratzeko baimena eman zion egunkariari, eta 1945eko maiatzaren 19an jarri zuten berriro martxan. Ordutik, etenik gabe bere eginkizuna bete du Hego Tiroleko egunkariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.