Amazonek pauso bat harago eman nahi izan du, eta, horretarako, Fire TV izeneko gailua sortu du. Gailu horrek telebista ikusteko modu berria eskaintzen du. Filmak eta telesailak ikusi eta kirolak streaming bidez zuzenean ikusteko aukera ematen du Fire TV gailu berriak. Gainera, bideo jokoetan aritzeko aukera ere ematen du. Joan zen asteazkenean jarri zuten salgai, AEBetan, 99 dolarrean (71 euro).
Streaming-a ez da telebistaren etorkizuna, oraina baizik, eta Fire TV gailuaren etorrerarekin, Amazonek egongelako pantaila kontrolatu ahal izango du kaxa txiki bat eta urrutiko kontrol aginte baten bidez.
Amazon enpresak produzitutako gailu berria kolore beltzeko kaxa txiki bat da, eta telebistari konektatuta funtzionatzen du. Aktibatzen denean, erabiltzaileak film berriak eta telebistako ikuskizunak ikusi ahal izateko menu bat ateratzen da. Baita aplikazio eta joko zerrendaren aukera zabala ere.
Fire TV gailua kable bidez konektatzen da telebistara, eta wifi bidez, berriz, Internetera. Gainera, Ethernet kable baten bidez, zinema zerbitzuetara, telesailetara eta ikus-entzunezko edukietara konektatzeko aukera ematen du. Hulu, Netflix, Youtube, Vimeo, MLB.tv eta NBA-rekin akordioak egin ditu Amazonek.
Amazon Instant Video deituriko aukeraren bidez, erabiltzaileek gailuak eskaintzen dituen 200.000 film edo telesailekokapituluen artean aukera dezakete.
Bilaketak ahotsaren bitartez
Ahotsaren bitartez bilaketak egiteko aukera ere ematen du Fire TVk, gailuaren urrutiko aginteak barruan daukan mikrofono baten bidez. Ahotsa ezagutzeko sistema berezia dauka, eta horrek bilaketak egitea errazten du. Hau da, ikusi nahi den programa edo filmaren izena teklatu batean idazten galtzen den denbora aurrezten laguntzen du ahots bidezko bilaketa sistemak. Amazon enpresak jakinarazi duenez, segundo gutxiren kontua izaten da erabiltzaileak ikusi nahi duena ahoskatu eta martxan jarri arte. Fire TV gailuak 2 GBko RAM memoria eta lau nukleoko prozesadorea dauzka, eta horrek Internetera konektatu eta horko edukiak etenik gabe kudeatzeko aukera ematen du. Gainera, bideo streaming-ak Full HD bidez jasateko gaitasuna dauka. Dolby Digital Plus Surround soinua ere badauka. Horrez gain, ASAP aukera esklusiboa dauka Amazonen gailu berriak, eta, horren bitartez, erabiltzaileak ikusi nahi dituen film eta telesailak «iragartzen» ditu tresnak.
Amazonek ateratako gailu berriak lehia bizia izango du dagoeneko merkatuan dauden horrelako gailuekin. Hala nola Fire TVren antzeko Apple TV eta Roku 3 gailuak ere 71 euroan saltzen dira merkatuan. Googleren Chromecast gailuak 35 euro balio du, eta duela gutxi hasi ziren saltzen Hego Euskal Herrian.
Komunikazioa
Amazon, 'streaming' telebistaren lehiara
Amazonek Fire TV gailua plazaratu du. Filmak, telesailak eta kirol emanaldiez gain, jokoak eskaintzen ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu