2022 amaieran 350 milioi entzule zituzten podcastek. Aurreko urtean baino hogei milioi gehiago. Statistaren datuen arabera, entzule kopuruak gora egingo du, eta espero da 2027an 600 milioi podcast entzule baino gehiago izatea munduan. Bai, munduan. Gure mundua, lehen kolpean, Euskal Herria den arren, hemengo errealitatea ez da oso bestelakoa.
Ikusi gehiago
Gu ere estatuek asmatutako mugen gainetik dauden merkatu botereen menpeko baikara; joko zelai horretako jokalari bihurtu gaitu sistemak, futbolineko figura. Eta teknologia erreminta ezin aproposagoa da zelai horretan.
Teknologiak ekarri ditu ikus-entzunezkoak. Kapitalismoak minutu bateko kultura. Teknologiarengatik garatu dira TTSak, bat-bateko itzulpena, adimen artifiziala eta sare sozialak. Kapitalismoarengatik, hiperkonektibitatea eta homogeneizazioa. Nola asmatu soka horretan ez korapilatzen?
Joseba Sarrionandiak zera esan zigun: «Euskara da gure territorio libre bakarra». Euskaraz egitea disruptiboa da. Ahozkotasunak ere jakintza eskolatu gabera hurbiltzen gaitu —bertsolaritzak horregatik ere izan du horren garapen singularra—, herritar ia guztiengana. Beraz, entzun daitekeen BERRIA egiteak ere bagaramatza irakurri ezin gaituzten horiengana; eta, sinetsi nahi dut, merkatuen logiketan hanka puntetan ibilita, belaunaldi gazteengana ere iritsiko garela. Bestela, zertarako egin ginen tiktoker?
Korrontearen kontra aritzea nekeza da, baina korronteak eramaten uztea galtzea da. Bi joera horien artean ez itotzeko ahaleginean gabiltza. Izan dadila, hondoratu nahi gaituen mundu hiperkapitalista honetan, gorantz garamatzan zama astuna.