Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

200 baino gehiago

2022ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Telebista piztu eta ezinbestean egingo duzu musikari batekin topo. Sukalde saioak izan ezik (iritsiko da hori ere), ia beste klase guztietako saioek (izan) dituzte kantugile edo abeslariakaurkezle. Batzuek hain ondo egiten dute, non haien fazeta artistikoa bigarren planoan geratu den dagoeneko. Eta beste batzuek oholtza gaineko bizitza prekarioa pixka bat duintzeko bidezidorra aurkitu dute telebistan. Aurkezlearen roletik kanpo, zer esanik ez: kolaboratzaile, gonbidatu lehiakide eta abarren artean beti dago, gutxienez, musikari bat. Eta litekeena da bestela —hala mariatxiak nola Hertzainak— grabatutako kontzertu bat tokatzea pantailan.

Ezohikoagoa dena da musikariak haien lanaz —promozio testuingurutik kanpo— hitz egiten ikustea. Bidegurutzean saioari lehenengo biribilgunean eten zioten bidea ETBn, eta dokumental edo gisako gehienak atzera begirakoak dira, efemeride potoloen aitzakian hauspotuak. Baina Hamaika telebistan bada saio bat —honezkero ezagutu beharko zenuke— zorioneko salbuespena izaten tematu dena. Izaten, eta horretan irauten, astez aste. Koldo Otamendik aurkeztu eta zuzentzen duen Musika Zuzenean saioak 200 atalen langa gainditu du dagoeneko. 202.a du aste honetakoa, sei urteko ibilbidearen (orain arteko) azken alea. Zenbat saio daude hain bizitza luzea dutenak?

Zientoka musikari igaro dira saiotik. Baina programaren meritua ez da zenbakiekin neurtzekoa soilik. Hedabide handietan —edo tira, txikien arteko handienetan— tokirik izan ohi ez duten artistei eskaintzen die pantaila Otamendik, molde edo eszena jakin batzuetara mugatu gabe. Garik, Merina Grisek edo J Martinak tokia dute saioan, baina baita Assatak, Verde Pratok edo Kurkumak ere. Eta batez ere, galderak musikazale porrokatu eta jantziaren ahotik egiten ditu, konfiantzazko giroa sortuz eta duten onena emateko aukera eskainiz.

Lagun batek dio hobe dela musikariei kantekin hitz egiten uztea, elkarrizketetan urduritu eta ez dutelako batere jokorik ematen. Bada, Musika Zuzenean saioak lortzen du (askotan) zurruntasun hori apurtzea. Horregatik guztiagatik, Euskal Herriko eszenaren berri izateko leiho ezinbestekoa da. Ez baduzu oraindik egin, oraintxe da unea: segi, ea zein deskubrimenduk alaitzen dizun eguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.